Telezaborraren festa basatia


2004ko apirilaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jon Torner jontorner@argia.eus Joan M. Oleaque kazetariak "Tele-errealitatea, mugatik haratago" titulua duen erreportaje mamitsua idatzi du Herrialde Katalanetan argitaratzen den "El Temps" aldizkarian. Bertan, duela hamar urte sortu ziren "reality show"ek izan duten garapena du hizpide. Besteak beste, Mariola Cubells-ek "­Mírame, tonto!" liburuan idatzitakoak aipatzen ditu Oleaquek artikuluan. Telebistako programek daramaten bidea ikusita, Oleaquek argi dauka: "Telezaborraren festa basatia hasi besterik ez da egin". Joan M. Oleaquek hainbat liburu argitaratu ditu. Horietako bat "Desde las tinieblas. Un descenso al caso Alcasser" da. Lan honetan, 1993an Alcasser herrian gertaturiko krimenari (hiru neska gazte hil zituztenekoari) buruz hitz egiten du Oleaquek. Dioenez, jazotakoak kazetaritza egiteko modua aldatu zuen. Adibide gisa Nieves Herreroren "De tú a tú" programa jartzen du. 1993an talk show (elkarrizketa-ikuskizun) hau reality show-a (errealitate-ikuskizuna) izatera pasa zen. "Errealitatea ikuskizun huts bezala tratatzen zuen, hildakoen senide, lagun eta bizilagunen ezintasuna oinarri hartuta". Hamar urte beranduago, antzeko zerbait gertatzen ari omen da martxoaren 11ko atentatuekin. Oleaquek dioenez, denbora tarte horretan errealitate desnaturalizatua bilakatu da telebista kateetako errege. Nieves Herrerok Alcasserreko kasuaren gainean eginiko tratamendua gogor kritikatu zuen prentsa idatziak, baina telebistak bere indarra erakutsi zuen: "De tú a tú" eta "Quién sabe dónde" saioek krimenari eginiko jarraipen bereziak 17 milioi pertsona erakarri zituen. "Etika (edo etika falta) propioarekin telebistak bide berri bati ekin zion". Programa sentsazionalisten arrakasta orduan hasi zen mamitzen. Janari azkarra eta telezaborra Maria Cubells kazetariak telezaborra janari azkarrarekin alderatzen du "Mirame tonto!" liburuan: "Ez du esfortzurik eskatzen. Nahikoa da garuna zuri uztearekin. Programatzaileek ikusleari zera esaten diote: 'janari azkarra gustuko duzu? Bada, to, jan nahi bezain beste'". Alcasserreko kasuaren ondoren nagusitu zen sentsazionalismoa adibide garbia da: morbo handia izateaz gain programa hauek ez dute esfortzurik eskatzen. Ikusleen tripak janari azkarrera ohitu dira jada; digestioa askoz ere errazago egin daiteke. Sentsazionalismoaren arrakastak bultzatuta, testigantzen programak izugarri ugaldu ziren. Horretarako aukerarik izango ez zuela uste zuen jendeak plato bat zapaldu zezakeen (eta du). Nahikoa zuten kameren aurrean euren bizitza pribatuko gauza "bitxi" horiek kontatzea, trabestitzea edo maitemintzea. Pixka bat geroago biolentzia dosiz hornituriko eztabaidak jaio ziren. Mariola Cubells kazetariak bi mugarri aipatzen ditu. Batetik, 1997ko urtarrilaren 13ko 'Parle vosté, calle vosté' Canal 9ko saioa. Egun hartako saioak "Emakumeak ez dira gorago iristen ezin dutelako?" titulua zuen eta telebista kateko arduradunen konplizitatearekin, gonbidatuetako batek sekulakoak bota zituen emakumeen inguruan. Cubells garai hartan aipatu programan ari zen lanean erredaktore moduan eta gonbidatuak esandakoak entzutean hura jipoitzera joan omen zen. Bidean, ordea, produktoreekin egin zuen topo. Audientzia asko igo zen eta benetan kontent zeuden. Orduz geroztik galdera batek obsesionaturik du Cubells: guztiak balio al du telebistan?. Bestetik, une konkretu batean kaka xanpainaz estaltzea otu zitzaion norbaiti: prentsa arrosako jende ezaguna pantailak betetzen hasi zen. Euren inguruko txutxu-mutxuek odolez zipriztindutako ezbeharrei buruzko hasierako programen morbo krudel hori ez dute eta, gainera, egunero telebistan agertu ohi diren pertsona famatuek jende ezezagunak baino 'glamour' handiagoa dute. Tele 5eko '­Qué me dices!' eta Canal 9ko 'Tómbola' (Nieves Herreroren senarra da produktorea) saioak dira aitzindariak. Datu esanguratsuak Oleaquek dioenez, 'Tómbola'ren emisio bakoitzak 180.000 euroko kostua du altxor publikoarentzat eta parte hartzen dute kazetariak -filtrazio batzuen arabera- programako 3.600 euro irabaztera hel daitezke. Gainera, beste saio batzuetan ere parte hartu ohi dute, horretarako aukera anitz baitituzte. Tele 5 kateak esaterako, bere programazioko %50 mundu arrosari eskaintzen dio eta tele-errealitate arrosa deituriko generoko saio "basatienak" ('Aquí hay tomate', 'Crónicas marcianas' eta 'Gran Hermano', esaterako) bultzatzen ditu. Guztia da muntaia berdinaren parte Gran Hermano saioak, hasiera batean egin nahi omen zuen ikerketa sozialaren zera hori baztertu eta bi gauza bilatzen ditu: ikuskizuna sor dezaketen elementuak elkarrekin bizitzen jartzea eta gainerako programak hornituko dituzten gizasemeak sortzea. Guztia baita muntaia berdinaren parte. Mundu honetan sartzen dena, bere onerako nahiz txarrerako, makinaria erraldoi baten zati izatera pasatzen da eta programa batean ez bada beste batean izango du lekua. Zeresanik eman dezakeen bitartean gutxienez. Aipatu kateen kontrako aldean TV3 kokatzen du Oleaquek. TV3ek tele-errealitate zibilizatuaren aldeko apustua egin du. 'El Talp' edo 'El Cim' bezalako saioak dira horren adibide. 'El Talp' ETB2an eskaini den 'El Topo'ren bertsio katalana litzateke, eta 'El Cim'ek badu parekotasunik Basetxea eta 'La flecha amarilla'rekin (ETB2n eskaintzen dute). 'El Cim'eko parte hartzaileek Akonkagua mendia igo behar zuten eta 'La flecha amarilla'koek Donejakue Bidea egingo dute. ETBri dagokionez, hizpide dugun tele-errealitatearen barnean sar daitezkeen programa gehiago ikusi ahal izan ditugu: 'Lo Que Faltaba', 'Esta es mi gente' eta 'Barnetegia', esaterako. Dena den, kate gehienek fikzioa, surrealismoa, absurdua, erokeria, parodia, sentsazionalismo zoroa eta gehiegikeriak uztartzen dituzten programen aldeko apustua egin dute, "guztia da posible" lema bezala hartuz. Zer ez ote dute asmatuko? Gauzak norantz doazen ikusita, gerta daitekeenaren inguruan edozein astakeria botata ere motz gera gaitezke kateetako arduradunen ideia gero eta harrigarriagoak ezagututa. Espainiako Estatuan bederen, imajina daitekeen programa zentzugabeenak ere arrakasta lor dezake. Azkenaldian 'Gran Hermano'k irekitako bidetik doazen saioak ugaldu dira, baina osagai berri batekin. Kameren aurrean indioaren egiten dutenak pertsona ezagunak dira. 'Hotel Glam', 'Gran Hermano VIP', 'La selva de los famosos' (Peio Ruiz Cabestany zen parte hartzaileetako bat), 'El castillo de las mentes prodigiosas' eta ziurrenik ahaztu egin zaigun besteren bat. Bien bitartean, 'Factor miedo' edo 'La casa de tus sueños' programak abian jarri berri dira. Hala ere, atzerrian, eta batez ere komunikabide-sistema beteranoago eta lehiakorragoa duen merkatu anglosaxoian, egoera ez da askoz ere hobea. Ingalaterrako Channel 4ko zuzeneko saio batean Derren Brown mentalistak erruleta errusiarrera jokatu zuen, barnean bala bat zuen pistola batekin!. Kate berdinak, 'Shattered' saioa eskaini berri du. Gran Hermano moduko saioa da. Irabazlea nor izango den, ordea, beste modu batera erabaki da. Astebete batere lorik egin gabe iraun zuen parte hartzaileak jaso zuen saria! Amerikako Estatu Batuetan ere bada adibiderik; 'The simple life' saioa, esaterako. Bi neska gazte aberats granja batean bizi izan ziren film batetik ateratakoa zirudien familia amerikar tipiko horietako batekin. Bi neska horiek AEBetako leku bakartienak zeharkatuko dituzte orain, dirurik, kreditu txartelik eta telefono mugikorrik gabe. Beste programa batek amish talde erlijiosoko bi gazte izango ditu protagonista. Sozialki mende batzuk atzerago bizi den taldeko mutiko hauek mendebaldeko gizarteko gazteentzat ikur diren drogak, musika mota, sexua eta abar ezagutuko dituzte. Bestetik, bikotekide bila dabilen emakume bat hainbat gizonekin biziko da etxe batean, azkenean bat aukeratzeko. Gizon horien artean batzuk homosexualak dira, baina inork ez du jakingo nortzuk diren. Emakumeak horietako bat aukeratzen ez badu milioi bat dolar (eta bikotekidea) irabaziko ditu. Aitzitik, homosexuala aukeratzen badu, dirua gizonarentzat izango da. Adibide gehiago jar genezakeen, baina gu ere erotzen hasi aurretik, hobe hementxe uztea.

Azkenak
2025-06-26 | Enbata
“Bertzelako mundua” nora joan zaigu?

Klimaren aldeko mundu mailako martxak oldar handia hartzen ari ziren 2018tik 2020ra, mundu mailako osasun krisia piztu arte. Hasieran krisi horrek mundua hobera aldaraziko zuelakoan ziren asko, baina oraingoz hasierako itxaropen hari gailendu zaizkio mesfidantza, etsipena eta... [+]


EH Bilduk manifestazio antifaxista egingo du azaroaren 22an Bilbon

Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzeaz gain, "erresistentzia eta borroka antifaxistari gorazarre egitea eta berrespen antifaxista egitea" jarri dute helburuen artean.


2025-06-26 | ARGIA
Saharar haurrek uda bakean pasatzeko aukera izango dute Zeraingo aterpetxean

Horbel kooperatibaren proiektu bati esker, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren Saharako hamabi haur hartuko dituzte bi hilabetez Goierriko udalerri horretan. Orkli kooperatibaren Orklidea ekimeneko dirulaguntza jaso du proiektuak.


Euskara osasungintzan

Osakidetzak berak aitortzen duenez, “komunikazioa tresnarik garrantzitsuenetako bat da jarduera asistentzialean; beraz, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da paziente eta erabiltzaileak erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jardutea”.


Amurrioko hizkuntza aniztasunaren elkargunea euskara dela aldarrikatu dute

Aiaraldeko Hizkuntzen Mapa proiektuarekin bat egin dute Amurrioko Amaurre, Zaraobe, Aresketa Ikastola, Mendiko Eskola eta Zabaleko ikastetxeek. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean udalerrian presente dauden hizkuntzak ikertu dituzte.


Hamaika mobilizazio gastu militarraren aurka eta Palestina zein Irango herritarren alde

Asteazkenean, NATOren goi-bilera hastearekin, aliantzak herrialdeei inposaturiko gastu militarraren aurkako mobilizazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ostegunean eta ostiralean Iranen eta Palestinaren aurkako gerrak salatuko dituzte.


Gastu militarra %2tik %5era igotzea onartu dute NATOko herrialde guztiek

Hamar urteko epea dute NATOko estatu-kideek helburu hori lortzeko. Espainiak ere sinatu du akordioa, baina, aldi berean, Mark Rutte aliantza atlantikoko idazkari nagusiaren gutun bat eskuratu du Pedro Sánchezek, ustez "malgutasuna" emango liokeena. Donald Trumpek... [+]


Lanbide Heziketa euskalduna, noizko?

Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu... [+]


Zuberoako Chaumes gasnategian eta Iratiko Txaletetan sexu erasoak jasandakoei babesa erakusteko dinamika abian da

Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]


2025-06-26 | Aiaraldea
Arartekora jo dute, “Osakidetzak ez dielako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko 5.646 sinadurei erantzun”

Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan. 


2025-06-26 | Antxeta Irratia
Euskararen Mapa osatu dute Urruñan engaiatu diren herriko 42 eragilerekin

Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko interesa agertu duten herriko 42 elkarte eta establezimenduekin Euskararen Mapa osatu dute Urruñan. Euskara «biziago» egiteko pausoak emateko prest liratekeen eragileak identifikatu ondoren, urratsak egiteko laguntza emango zaie,... [+]


2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Billabesa gidariek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]


Sustrai Erakuntzak salatu du enpresa batek Nafarroako lau eremutan kobre meategiak ireki nahi dituela

Fundazioaren arabera, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan ustiatu nahi dute kobrea. Iberian Copper SL izan da Nafarroako Gobernuari lau eremu horietan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkion enpresa. 


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


Eguneraketa berriak daude