Otsailaren 17an ahalik eta emakume feminista, ezkertiar eta independentista gehien biltzera deitu du Talaia Feministak

  • Herrigintzako, politikagintzako eta sindikalgintzako 35 emakume feminista, ezkertiar, subiranista eta independentistako talde sustatzailea larunbatean elkartu da Donostian, zera eztabaidatzeko: nola eragin dute Euskal Herriko emakumeengan eta trantsizio feministan 2023ko sei gertakari nabarmenek? Azterketa horren txostena otsailaren 17an itxiko dute Errenterian, eztabaida kolektiboa eginda. Trantsizio feministarako tresna izan dadin nahi dute.

Otsailaren 17an Errenterian itxiko dute Talaia Feministako 2023ko azterketa prozesua. / Argazkia: Talaia Feminista.

2023ko abenduaren 18an - 11:49
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Azterketaren ondorioak urtarrilean aurkeztuko dituzte, Talaia Feminista txostenean. Sustatzaileek talde eragileetan dabilen emakume oro gonbidatu dute otsailaren 17an Errenterian Talaia Feminista Unean parte hartzera. Bertan itxiko dute 2023ko prozesua, ariketa kolektiboa egin eta ekarpen eta eztabaida guztiak jasota. Txostenaren bidez Euskal Herriko trantsizio feminista beren ikuspegitik nola doan azalduko dute, eta horretarako 2023ko sei gertakari nagusi hautatu dituzte. Oraindik ez dute informazio gehiagorik eman aukeratutako gertakariei buruz.

Sei gertakariek Euskal Herriko emakumeengan eta trantsizio feministan izan duten eragina baloratzen dihardute azken hilabeteetan, eta larunbatean Donostiako Emakumeen Etxean izan dute lan saioa. “Aldaketaren eta azkartasunaren koiuntura honetan, arnasa hartu eta gertakari horiek patxadaz aztertu nahi izan ditugu”, azaldu dute Jone Etxeberria eta Idoia Zengotitabengoa sustapen taldeko kideek. Gogorarazi dute Talaia Feministaren mugarria 2022ko abenduan ezarri zutela hainbat esparrutako dozenaka emakumek, Iruñeko Zitadelan egindako bilkuran, eta bertan konpromisoa hartu zutela urteroko azterketa bat egiteko, estatu feminista eratzeko tresna izan dadin.

Adin desberdinetako 35 emakume, hainbat eragile politiko eta sozialetako, sindikatuetako, akademiako, herrigintzakoak, ari dira arduratzen prozesuaz, baina azpimarratu dute ezinbestekoa izango dela otsailaren 17an Errenterian ahalik eta emakume feminista, ezkertiar eta independentista gehienen ekarpenak jasotzea. Otsailaren amaieran jendarteratuko dute behin betiko txostena, eta gogoetak eragile sozial, politiko eta sindikalei eramateko asmoa dute, baliabide praktikoa izan eta haren gainean lan egin dezaten.

Hauek dira talde sustatzaileko kideak: Jone Etxeberria, Idoia Zengotitabengoa, Begoña Zabala, Maddi Isasi Azkarraga, Ainhoa Astigarraga, Ainhoa Etxaide, Ekhiñe Petriati, Ainhoa Olaso, Elene Lopetegi, Edurne Benito del Valle, Lorea Agirre, Ainara Ruiz Benito, Oihana Lopategi, Mirene Begiristain, Jule Goikoetxea, Maider Barañano, Diana Urrea, Yolanda Jubeto, Kizkitza Gil de San Vicente, Amaia Andrieu, Mila Amurrio, Lur Etxeberria, Alba Fatuarte, Amaia Perez Orozco, Lur Albizu, Iraitz Mateo, Oihana Etxebarrieta, Itziar Amunategi, Monika Plazaola, Itziar Lopategi, Maite Barreña, Ana Lizarralde, Patricia Perales, Zaloa Basabe eta Aiora Epelde Agirre.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
2025eko azaroaren 26
Musu-truk

Eguneraketa berriak daude