ARGIA.eus

2020ko abenduaren 01a

"Remirez lehendakariordeak nafarren segurtasuna arriskuan jartzen du"

  • Esako urtegiaren inguruan eta azken asteetan Nafarroan izaten ari diren mugimendu sismikoez erakutsitako jarrera dela eta, Sustrai Erakuntzak gogor kritikatu du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordea eta Babes Zibileko arduraduna. Ondorengo lerroetan irakur daiteke elkarteak erredakziora bidalitako prentsa oharrean Remirezi egindako kritika.

ARGIA @argia
2020ko urriaren 23a
Esako urtegian mugimenduan den hegala. (Arg.: A. Aretxabala)

"Esako urtegian segurtasun falta egiaztatuta dago gutxienez duela zazpi urtetik. CHEk, Zangozako Udalak, Uraren Kultura Berria Fundazioak edo Nafarroako Gobernuak berak egindako txostenen arabera, eskuineko hegala 'oreka hertsian` dago. Horrek esan nahi du mendi-mazela eraistea eragiten duten indarrak mazelari eusten diotenen berdinak direla (Segurtasun-faktorea = 1); 2013az geroztik gertatzen da hori, urte horretan mazela hautsi baitzen eta bi urbanizazio hustu behar izan baitziren. Ordutik, mugimendu aldakorreko egoera bat eta haustura-eremu berriak sortu dira, segurtasunerako marjina faltarekin. Hori bateraezina da natura- eta giza ingurunearen segurtasuna zaindu nahi duen edozein arautegirekin.

Baina lehenago, 2007ko abuztuan, Esaren ezkerreko hegalean 3,5 milioi metro kubiko mugitu ziren, hondeamakinekin ere ezkutatzen saiatu zirenak. 2013an, eskuineko mazelaren inklinometroak astean zenbait zentimetroko mugimenduak pilatzen ari ziren. Hala eta guztiz ere, bizilagunak ez zituzten ohartarazi, inork ez zituen haien galderak erantzun. Horietako askok diru kopuru handiak gastatu zituzten beren etxebizitzak konpontzen, Ministerioak bazekienean inoiz ez zirela berriro biziko, mendi-mazela baitzen 100 metro baino gehiagoko sakoneran geldiezin irristatzen zena. Denbora horretan zehar, Zangozan bizi ziren 5000 pertsonek ibaian behera zuten arriskuaz ere ez zen ohartarazi.

Nahiz eta ebidentzia handia izan, 2019ko abenduan Javier Remirez publikoki agertu zen egoeraren larritasunaren tonu ukatzailearekin, Nafarroako Gobernuaren txostena bera ere arbuiatuz: “Egoera egonkorra da Esako eskuineko hegalean“, “Pozik dago komunikazio- eta gardentasun-lanarengatik“, “Sismikotasunari zein mendi-hegalen mugimenduei dagokienez, agertoki egonkor baten aurrean gaude“. Baina kontseilariaren esperpentoa etzen hor bukatu. Joan den urriaren 9an, Teresa Ribera ministroak Esa geldiarazteko egindako adierazpenen ostean, segurtasuna bermatzen ez bazen ere, ez zuen inolako eragozpenik ondoko botatzeko: “Hori da Nafarroako Gobernuak beti esan duena, batez ere segurtasuna lehenesten baitugu“.

Baina ez da hor amaitzen Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne sailburuaren eskumenik eza. Azken bi hilabeteetan parekorik gabeko krisi sismikoa izan dugu: 638 mugimendu sismiko, eta horietarik, 62 lurrikara sentituak gertatu dira, 1612tik ezagutzen den historia sismiko errelebantearen %10 baino gehiago. Haren aparteko eragina kontuan hartuta, aztertutako denbora historikoaren %0,03an soilik gertatu baita (lau mende pasatxo), guztiz beharrezkoa da gure erakundeek Nafarroako Arrisku Sismikoaren aurkako Babes Zibileko Plan Berezia (SISNA) berrikustea eta eguneratzea".

Ingurumen elkarteak azaltzen duenez, egungo arrisku sismikoen plana 2011koa da, baina Remirezek ez du onartzen harrez geroztik ez dela haren eguneratzerik izan eta, are okerrago, salatzen du ez dela eguneratzerik aurreikusten.

"Javier Remirez Lehendakaritzako kontseilariaren negazionismoak, gaitasun ezak eta arduragabekeriak Nafarroako biztanleen segurtasuna arriskuan jartzen dute. Une honetan gutxien behar duguna gobernuko presidenteordea da, Babes Zibileko eskuduntzak dituen Herrizaingo sailburua, SISNAren eta herritarren segurtasunaren arduraduna, eta gobernuaren bozeramailea, falaziak, gezurrak eta manipulazioak erabiltzen dituena eraginkortasunik eza estaltzeko, Esa handitzen parte hartzen duten enpresa-korporazio handien interesei mesede egiteko, pertsonen bizitzaren eta lasaitasunaren kaltetan, berak hainbeste aldarrikatzen dituen gardentasunari eta pedagogia sozialari bizkar emanez".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Esa urtegia  |  Nafarroa

Esa urtegia kanaletik interesatuko zaizu...





Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude