Huts egin du berriro ere Mariupoleko zibilak ebakuatzeko operazioak

Zuzeneko jarraipena
  • Gaur gerrako bi aldeak berriro saiatu dira Mariupol hiriko biztanleria zibila ebakuatzeko su-etena mantentzen, baina atzo gertatu moduan, huts egin du operazioak.

    Azov Batalioiko soldadu batek Ukraine 24 telebistari adierazi dionaren arabera, Errusiako armada eta Errusiaren aldeko miliziak izan dira su-etena mantendu ez dutenak. Bestalde, Donetskeko Herri Errepublikako ordezkariek adierazi dute Ukrainako indarrak izan direla behin-behineko su-etena zaindu ez dutenak. Azken hauek gehitu dute 300 pertsona inguruk bakarrik utzi ahal izan dutela Mariupol hiria.

Huts egin du berriro ere Mariupoleko zibilak ebakuatzeko operazioak

Gaur gerrako bi aldeak berriro saiatu dira Mariupol hiriko biztanleria zibila ebakuatzeko su-etena mantentzen, baina atzo gertatu moduan, huts egin du operazioak.

Azov Batalioiko soldadu batek Ukraine 24 telebistari adierazi dionaren arabera, Errusiako armada eta Errusiaren aldeko miliziak izan dira su-etena mantendu ez dutenak. Bestalde, Donetskeko Herri Errepublikako ordezkariek adierazi dute Ukrainako indarrak izan direla behin-behineko su-etena zaindu ez dutenak. Azken hauek gehitu dute 300 pertsona inguruk bakarrik utzi ahal izan dutela Mariupol hiria.

1,5 milioi pertsonek egin dute alde Ukrainatik

Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatuen Agentziak argitaratutako datuen arabera, azken hamar egunetan 1,5 milioi pertsona atera dira Ukrainatik, gerra atzean utziz. Agentziaren esanetan, II. Mundu Gerraren ostean azkarren hazi den errefuxiatu krisia da hau.

Errefuxiatuen erdia baino gehiago Poloniara ari dira joaten; Hungaria, Moldavia eta Eslovakiara ere pertsona asko joaten ari dira, eta Errumaniara eta Errusiara aurrekoetara baino gutxiago.

 

Bihar berrekingo diete negoziaketei Errusiak eta Ukrainak

Hirugarren negoziaketa bilera egingo dute Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzek. Zelennsi Ukrainako presidentearen negoziatzaileak, David Arakhamiyak, adierazi du hirugarren bilkura egingo dutela, nahiz eta Errusiak oraindik ez duen guztiz baieztatu.

Azken negoziaketa bileran, ostegunean, Ukrainak eta Errusiak korridore humanitarioak eta su-etenak egitea adostu zuten.

 

Mariupoleko korridore humanitarioa 11:00etan irekiko dute

Mariupoleko alkatetzak adierazi du 11:00etan (12:00ak Mariupolen) zibilen ebakuaziorako autobusak hiritik ateratzen hasiko direla.

Mariupol hiria Donetsk eskualdean dago, eta Errusiako Armadak inguraturik du. Talde ukrainar nazionalista asko daude bertan, Azov Batailoila esaterako, eta Donetskeko Herri Errepublikak behin baino gehiagotan salatu du talde hauek zibilen ebakuazioa oztopatzen ari direla.

Denis Kireev Ukrainako negoziazio taldeko kidea hil da

Ukrainako tokiko hedabideek eta Ukrainako Defentsa Ministerioko Inteligentzia Zerbitzuak atzo baieztatu zuten Denis Kireev Ukrainako negoziazio taldeko kidea hil egin zela. Ukrainako Inteligentzia Zerbitzuen arabera, "zeregin bereziak betetzean" hil zen Kireev, baina Ukrainako hainbat hedabidek, Pravdak esaterako, Zerbitzu Sekretuek hil dutela adierazi dute, "Errusiaren aldeko traizioa" dela eta.

Banku sektorean aditua zen Kireev: 2010etik 2014ra Oschadbankeko zuzendaritzako lehen presidenteordea zen, eta 2006tik 2012ra Ukreximbankeko ikuskapen taldeko kidea izan zen.

 

Jarraipenari ekingo diogu

Egun on lagunok. Ukrainako gudari asteburuko jarraipena egiten hasiko gara. Orain arteko jarraipena kontsultatu nahi baduzu, lotura honetan daukazu guztia. Eta Ukrainako Guda kanalean, zuzeneko jarraipenetik harago, gogoetarako edo egoera ulertzeko gako gehiago dituzten artikuluak ere topatuko dituzu. Mila esker konfiantzagatik.

Desadostasunak direla eta, gelditu egin dute Mariupoleko korridore humanitarioa

Ukrainaren arabera, Errusia ez da su-etena zaintzen ari, eta Donetskeko Herri Errepublikak dio ukrainar nazionalistak direla korridore humanitarioa irekitzea galarazten ari direnak. 

Albistea osorik irakurri dezakezu hemen.

Azov Batailoiak eraikin bat eraitsi eta 200 pertsona hondakin azpian utzi ditu, Donetskeko Herri Errepublikaren arabera

Donetskeko Herri Errepublikako buruzagiak, Denis Pushilinek, adierazi du Azov Batailoiak etxebizitza eraikin bat leherrarazi duela Mariupol hirian, 200 pertsona inguru hondakinen azpian utziz. Bestalde, Donetskeko Herri Miliziako ordezkari nagusiak, Eduard Basurinek, azpimarratu du "Ukrainako unitate nazionalistak" ahalik eta azpiegitura gehienak suntsitzen ari direla eta horniketa ekiditen ari direla, "hondamendi humanitarioa probokatzeko".

Zaporizhiako zentral nuklearra hartzeko operazioan biktimarik egon ez dela baieztatu du Ukrainak

Atzo goizean Errusiako indarrek Zaporizhiako zentral nuklearra bereganatzeko operazio militarra burutu zuten, eta Ukrainak adierazi du ez dela biktimarik egon. Bestalde, irudiek erakusten duten sutea ez zuen bonbardaketa batek sortu, seinalizazio-bengala batek baizik. Izan ere, halako bengala taktikoak oso ohikoak dira gauez egiten diren operazioetan, tropek nora joan behar duten garbi izateko.

Bestalde, Nazioarteko Energia Atomikoaren Erakundeak dio erreaktore nuklearrak ez direla kaltetuak izan, bengalak sortutako sua erreaktoreetatik gutxienez 150 metrora piztu baitzen.

Hala ere, Zelenskik "terrorismo nuklearra" egotzi dio Errusiako Gobernuari.

Europar Batasunak Itsaso Baltikoko Estatuen Kontseilutik bota ditu Errusia eta Bielorrusia

Europako Kanpo Eragin Zerbitzuak adierazi duenaren arabera, Errusia eta Bielorrusia Itsaso Baltikoko Estatuen Kontseilutik kanpo utzi ditu Europar Batasunak, kontseiluko beste estatuen onespenez. "Europar Batasuna eta kontseiluko gainontzeko estatuak ados daude Errusia eta Bielorrusia bertatik ateratzearekin, errespetuan eta Nazioarteko Zuzenbidean oinarritutako kooperazioa berriro ere gailendu arte", adierazi du zerbitzuak.

Pablo Gonzalez kazetariaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar

Nabarnizko Udalak Pablo Gonzalez kazetariaren aldeko elkarretaratzea antolatu du, "gure lagun eta bizilagunaren" askatasuna exijitzeko. Otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, eta bere abokatuak jakinarazi duenez, espioitza delitua egozten diote; hamar urteko zigorra jaso dezake euskal kazetariak.

Kontzentrazioak gudaren aurka Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean kontzentrazioak egin zituzten atzo "Gudarik ez, bakea herrientzat" lelopean. Hainbat izan dira deitzaileak.

Iruñekoan ondorengoek deitu dute: Batzarre, EH Bildu, IU, PCE, eta Podemos.

Donostia, Bilbo eta Gasteizko deialdiak sinatu gabe egin dituzte, baina EH Bilduk, adibidez, sare sozialetan zabaldu du bere ordezkariak bertan izan direla.

 

Jarraipena abiatuko dugu

Egunon lagunok. Ukrainako gudari asteburuko jarraipena egiten hasiko gara. Orain arteko jarraipena kontsultatu nahi baduzu, lotura honetan daukazu guztia. Eta Ukrainako Guda kanalean, zuzeneko jarraipenetik harago, gogoetarako edo egoera ulertzeko gako gehiago dituzten artikuluak ere topatuko dituzu. Milesker konfiantzagatik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude