Steilas: Nafarroako hezkuntza aurrekontua %1 jaitsi da azken hamarkadan

  • Steilas sindikatuak Nafarroako Gobernuaren 2021eko aurrekontuak kritikatu ditu Iruñean emandako prentsaurrean. Aurrekontuen balorazio sakona egin dute eta, Hezkuntza Saileko diru kopurua aurten pixka bat handitu bada ere, kalitateko hezkuntza publikoa bermatzeko ez dela nahikoa adierazi dute.


2020ko abenduaren 11n - 17:00
Argazkia: Steilas
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Sindikatuak dioenez orain arteko egitura fiskal berari eusten dio gobernuak eta horrela ezin da: “Errenta altuenen zergak ez dira igo (1.500 milioi euro jasotzeari utziz), iruzur fiskalaren aurkako borrokan ez dira behar diren pausuak eman (540 milioi euro) eta UPNren gobernuek banketxe pribatuei emandako dirua ere ez da berreskuratu (1.060 milioi)".

Azaldu dutenez, hezkuntzan BPGaren gutxienetakoa inbertitzen duen Europako lurraldeetakoa da Nafarroa. 2010eko aurrekontuetan hezkuntzarako partidak %14,97ko pisua zuen. Gaur egun, zifra hori soilik %16,85ekoa da, beraz, hamarkada batean hezkuntzara BPGaren %3,66 bideratzetik egungo aurrekontuetan %3,9 bideratzera baino ez da heldu.

Azterketan, azken urteotako salneurrien igoera ere sartu behar dela zehaztu dute: “Hazkunde hori hezkuntza publikoaren aldeko apustu bezala uler daiteke, baina kontuan izan behar dugu ordutik KPIa %12,3 eta ikasle kopurua %10,11 hazi direla. Zenbakiok eskutan, esan dezakegu azken 10 urteetan Nafarroan hezkuntzan egindako inbertsioa, igotzetik urrun, %1 jaitsi egin dela. Gobernu honek bere inbestidura kideekin konprometitu bezala hezkuntzarako BPGaren %5era iritsi nahi duela badio ere, hezkuntzarako partidaren pisua %0,25 baino ez da handitu, behin eta berriz aurrekontu hauek sozialak direla errepikatzen diguten arren".

Itunpeko irakaskuntzari gobernuak ematen dion tratua ere salatu du sindikatuak: “Gobernuak ikastetxe pribatuen itunak berrikusi beharrean, itunpeko hezkuntzako enpresentzako partida ia 10 milioi euro handitu du, guztira 149 milioi bideratuz".

"Finantzazio lege bat behar da"

Duela bi urte sindikatu guztiek alderdi politikoei eta Foru Parlamentuko Hezkuntza Batzordeari Hezkuntza Publikoaren Finantzazio Lege baten proposamena aurkeztu zieten, horren bidez hezkuntzari beti BPGaren %6 bideratuko zaiola bermatzeko, UNESCOk aholkatua jarraiki. “Modu honetan, hezkuntza publikoa ez litzateke gorabehera ekonomikoen ezta txandakako gobernuaren politiken mende egongo. Nafarroan eskatzen dugun hezkuntzarako BPGaren %6 inbertitzeko 1.100 milioi euro baino gehiago beharko lirateke; beraz, 300 milioi euroko ahalegina da falta dena”.

Steilas-ek amaitzen du esanez, “neurri hori hartuz gero eta estatu aurreratuen ildoan egitura fiskal baten aldeko apustua eginez eta AHT bezalako elefante zuriak bazterrean utziz”, posible izango litzatekeela kalitatezko hezkuntza “publikoa eta guztiona; bitartean, ez du pipatarako ere izango”.

ARGIAren Eragileen plazan irakurri daiteke agiri osoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025eko azaroaren 14
Iñaki Alegria Loinaz eta Amaia Torrealday Galarreta ikerlariak
"Oso garrantzitsua da administrazioak onartzea euskara zientzia hizkuntza bat dela"

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.