Space Revenge Game Erauntsiak euskaratuta estreinatu da PCan eta kontsoletan

  • Eskema Games estudioaren azken obra zientzia fikziozko girotzea duen tiro jokoa da. Ale bat zozkatuko du Game Erauntsiak euskal bideojokozaleen komunitatearen artean.


2021eko urriaren 08an - 14:14
Azken eguneraketa: 16:52

Euskaraz jokatu daitezkeen bideo-jokoen kopuruak gora egiten jarraitzen duela argi dago. Zerrenda horretara gehitutako azken adibidea da Eskema Games estudio valentziarraren Space Revenge: akziozko bideo-jokoa dagoeneko PCan zein kontsoletan merkaturatu dute, eta Game Erauntsia euskal bideojokozaleen elkartearekin burututako elkarlanari esker guztiz euskaratuta gozatu daiteke.

Twin-stick erako tiro jokoa da Space Revenge. Bi pertsonaia nagusiren artean aukeratuko dute jokalariek abentura hasterakoan. John eta Malcon anaia mertzenarioen helburua berbera izango da: haurrak zirela gurasoak akatu zituzten gaizkileak aurkitu eta suntsitzea. Bizi osoa mendekua lortzeko prestatzen eman ondoren, arerioen basea erasoko dute joko hasieran.

 

Eskema Games estudioaren azken obra zientzia fikziozko girotzea duen tiro jokoa da. Ale bat zozkatuko du Game Erauntsiak euskal bideojokozaleen komunitatearen artean.

Ikuspegi isometrikoarekin, Renegade Ops edo Enter the Gungeon bezalako akziozko abenturen oinarrizko kontrolak jarraituko ditu Space Revengen: hau da, agintearen stick batekin mugitu eta bestearekin apuntatu egin beharko da. Askotariko armak erabili ahalko dituzte anaiek, eta horiek erosteko eta hobetzeko kokalekuetan sakabanatutako dendak edukiko dituzte.

Gainditu beharreko hamalau maila desberdinetan hainbat helburu bete beharko dira aurrera egiteko, eta kredituak lortzeko bigarren mailako misioak ere ikusiko dituzte jokalariek, guztira 40 bat misio egonda. Askotariko arerioak akatzea ezinbestekoa izango da, eta nola ez, hainbat etsai nagusirekin ere topo egingo dute mertzenario protagonistek.

Euskarazko jokoen zerrenda handitzen doa

Game Erauntsiako elkartekideek euskaratzeko lana hartzeaz gain, prozesu honetan Asier Gonzalez Casado euskal filologoaren laguntza jaso dute zuzenketak egin eta terminologia zehazterako orduan. Hori horrela, euskara modu ofizialean hautatu daiteke Space Revengen menuan.

 

Ez da euskaraz jokatu daitekeen Eskema Gamesen bideo-joko bakarra, gainera. Aurretik Delta Squad akziozko obra itzultzeko lana hartu zuen estudioko Gabriel Fiallegas garatzaile euskaldunak.

Bideo-jokoak euskaratzea, komunitateari horretan laguntzea eta garatzaileek ofizialki euskaraz argitaratutako lanak identifikatu eta ezagutzera emateko lana egiten du elkarteak. Horretarako euskaratutako bideo-jokoen zerrenda eratu du, eta horien berri ematen du webgunean albisteen eta sare sozialen bidez.

Space Revenge PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan jokatu daiteke euskaraz.

Lortu Steamerako kode digitala!

Euskaratutako bideo-joko berri baten argitalpena ospatzeko Game Erauntsiak eta Eskema Gamesek Spacen Revengen Steam plataformarako kode digitala zozkatuko dute euskal komunitatearen artean.

Parte hartzeko egin beharrekoa erraza da: Twitter bidez Game Erauntsia jarraitu eta txio hau bertxiokatu baino ez duzue egin behar zozketan sartzeko. Datorren astean hautatuko da irabazlea eta saria emango zaio. Parte hartu beraz eta eskuratu euskaratutako azken bideo-jokoa!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bideojokoak
Nola erabiltzen dituzte gazteek bideo-jokoak, sare sozialak eta joko plataformak?

11-16 urte bitarteko gazteen %23ak dio etxean ez dietela inongo kontrolik ez araurik ezartzen, mugikorraren, bideo-jokoen edo bestelako teknologiaren erabilerari lotuta. Nafarroako Ikastolen Elkarteak egindako ikerketaren emaitzetako bat da: “Gazteak digitalki hezten ari... [+]


2024-01-24 | David Lindemann
Jaso burua, baita ukabila ere

Oso ona iruditzen zait Soraluzeko “Jaso burua” ekimena, ezinbesteko kontzientziazioa bultzatzen baitu. Lehen Hezkuntzako umeen gurasoontzako hitzaldian izan nintzen joan den astean. Seme nagusia LHn zegoela, pantailen (eta pantailen edukien) erabileraren inguruko... [+]


2024-01-19 | Sustatu
Euskarazko 2023ko joko onenak: KlaustroFobia eta Tunic

Game Erauntsiak, 2022ko jokoekin egin zuen bezala, 2023ko bideojoko onena aukeratzeko bozketa jarri zuen martxan Gabonetan, eta joan den astean jakinarazi zituzten emaitzak. Baldur’s Gate izendatu dute urteko joko onena zaletuek, baina guri gehiago interesatuko zaizkigu [+]


2023-11-03 | Jon Torner Zabala
Euskal Game Jam: 48 ordu bideojokoak euskaraz sortzeko

Euskal Game Jam ekimenaren helburua da bi egunez bideojoko sortzaile euskaldun hasiberriak zein profesionalak biltzea, "euren abileziak agerian jarri eta harremanak sortzeko", Zomorro Studio, Game Erauntsia eta EHU eragile antolatzaileek azaldu dutenez. Azaroaren 17tik... [+]


8 urteko haurren herenak smartphone propioa dauka

Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikasleek duten pantaila kontsumo, ohitura eta praktikak aztertuta, "gure ustez, familiek ez dakite nerabeek zer egiten duten mundu digitalean", diote macsonrisas-eko hezitzaile digitalek. Hego Euskal Herriko ikasleekin joan den... [+]


Eguneraketa berriak daude