Sortuk zuzendaritza berria aukeratu du %89ko babesarekin eta hirugarren kongresua amaitu

  • ‘Independentziarako Indarra’ lelopean, igandean amaitu du Sortuk hirugarren kongresua Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Arkaitz Rodriguez buru duen zuzendaritza berriak %89ko babesa jaso du eta Euskal Estatuaren aldeko apustua berritu dute. Kongresuan zehar Herrigaia ponentzia onartu dute gehiengoz eta bertan jaso dutenez, "independentziarako indarrak metatu eta biderkatzeko" lanean jarraituko dute .

Arkaitz Rodriguez aukeratu dute alderdiaren idazkari nagusi izaten jarraitzeko. (Argazkia: Sortu)

2022ko urtarrilaren 24an - 08:07
Azken eguneraketa: 09:15

Batzar erdi-presentzialarekin eman dio itxiera Sortuk hirugarren kongresuari. 800 militante bildu dituzte Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lotura honetan ikus daiteke itxiera ekitaldiaren bideoa.

Sortuk eraldaketa sozial eta politikoa eragin nahi du Euskal Herrian, eta horretarako bide-orria adostu dute militanteen artean, zenbait hilabetez luzatu kongresuan. "Alternatibak, klase-borrokak, feminismoak, arrazakeriaren aurkako borrokak eta bestelako borrokek, Euskal Herrian, nazio askapena ezinbesteko dute", Sorturen iritziz, eta horregatik borroka ezberdinak artikulatu eta aliantza zabalak sortzearen aldeko apustua egin dute.

"Herrigaia ponentzian planteatutako erronkek gehiengo bat behar dute, ezkerrekoa eta burujabetzaren aldekoa. Erakundeetan indartu beharra dago gehiengo hori, EH Bai eta EH Bilduren eskutik", adierazi dute. Eta azken batean, "Sortuk herri bulkada suspertzea bilatuko du, herri gisa jauzi bat egin dezagun".

Aurrerantzean, bere misioa aktibo politiko eta militantea askapen-prozesuaren zerbitzura jartzea izango dela adierazi dute. Arkaitz Rodriguezek, bere hitzartzean, egoeraren irakurketa egin eta aurrera begira dituzten erronkak zerrendatzearekin batera, Rufi Etxeberria, Rafa Diez eta zuzedaritza utzi duten kideei esker ona adierazi die urteotan eginiko lanagatik.

COVIDaren aurkako protokoloa

Ugo Mayor ikerlariak sare sozialetan kontatu du Sortutik eskatu ziotela Bizkaia frontoian aplikatzeko COVID-19aren aurkako protokoloa diseinatzeko eta nola aplikatu zuten hori. Funtsean, CO2 monitarizatzeko bideak jarri zituzten eta aireztapen naturalaren eta mekanikoaren bidez, CO2 kopurua 850 PPMtik behera mantentzea lortu zuten. Protokoloak aurreikusten zuen 1250 ppm-tik gora igotzen bazen, frontoia hustea berriro ere kopuruak behera egin arte.

Euskal Herriko ezkerreko alderdi politikoetako ordezkariez gain, sindikatuetako nagusietako kideak ere izan dira Bizkaia frontoian. Euskalgintza, hezkuntza, feminismo eta beste zenbait eragile sozialetako ordezkaritzak ere izan dira bertan. Eta nazioartetik, ondorengoak bertaratu dira: BNG (Galizia), Comunes (Kolonbia), CUP (Katalunia), ERC (Katalunia), FDLP (Palestina), KNK (Kurdistan), MLN Tupamaros (Uruguay) eta Sinn Féin (Irlanda).

Belaunaldi arteko taldea

Nazio Idazkaritzarako hautagaitzak %89ko babesa lortu du –%6k bozkatu du ezetz eta %5ek zuriz antolakuntzak boto kopururik gabe emandako datuen arabera–. Era berean, gainerako hautagaitzek %91tik gorako sustengua jaso dute. Nabarmendu dutenez, ezker abertzaleko belaunaldi ugari ordezkatzen dituen zuzendaritza izango da, pozik dira gazte-belaunaldi bat ere sartu delako zuzendaritza-ardurak hartuz. "Profilei begiratuta, herrigintzan zein militantzia esparru ezberdinetan ibilbidea duten kideak dira: mugimendu feministan, ekologistan, hezkuntza mugimenduan, euskalgintzan...", adierazi dute. 

Emaitza jakin ondoren, jendaurrean aurkeztu da lehen aldiz, Bizkaia pilotalekuan, zuzendaritza berria. Covite biktimen elkarteak, berehala, ETAko zuzendaritzako kide izan zen David Plaren izendatzean jarri du fokua.

Nazio Kontseiluan, hauek izango dira Nazio Idazkaritzako kideak:

Arkaitz Rodriguez Torres (idazkari nagusia), Nuria Alzugarai Gartzia (idazkari teknikoa), Oihana San Vicente Sáez de Zerain (barne koordinatzailea), David Pla (norabidetze estrategikorako gunearen arduraduna), Itsasne Fernandez Duarte (barne-antolaketa arduraduna), Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga (ekintza politikoko arduraduna), Xabi Iraola Larraia (herrigintza arduraduna), Gotzon Elizburu Beristain (komunikazio arduraduna), Elena Beloki Resa (nazioarteko arduraduna), Haimar Altuna Ijurko (gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduraduna), Lur Albizu Etxetxipia (Nafarroa Garaiko arduraduna), Jon Iker Aramendi Jimenez (Arabako arduraduna), Aitor Servier Etxexuri (Ipar Euskal Herriko arduraduna), Paul Laka Garamendi (Bizkaiko arduraduna) eta Aritz Artzallus Agirrezabala (Gipuzkoako arduraduna).

Beste hauek ere osatuko dute Nazio Kontseilua nazio-irizpideak aintzat hartuta: Aiora Epelde Agirre, Ane Sainz-Espiga Garcia, Asier Zamorano Arri, David Oroz Alonso, Eli Zubiaga San Jose, Haizea Kortaberria Garetxana, Ibai Redondo Beitia, Karlos Monteagudo Fernandez eta Txoli Mateos Gonzalez. Herrialde bakoitzeko irizpideak aintzat hartuta hauek ere izango dira Nazio Kontseiluan: Maddi Isasi Azkarraga (Arabatik), Gotzon Amaro Lopez (Bizkaitik), Amaia Etxabe Goikoetxea (Gipuzkoatik), Clara Rouget Aranibar (Ipar Euskal Herritik) eta Gorka Mayo Hermoso de Mendoza (Nafarroa Garaitik).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sortu
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


2024-02-05 | Leire Artola Arin
Donostiako bi etxebizitza turistikotan sartu dira Sortuko kideak, “etxebizitza larrialdia” salatzeko

Azora funts putrearena da bata, eta luxuzko etxebizitza turistikoa bestea; asteburuko erreserba amaitu eta bertan geratu dira, instituzioei eskatzeko etxebizitza eskubidea bermatzea. Exijitu diete, besteak beste, alokairuaren prezioa eta etxebizitza turistikoak mugatzeko, eta... [+]


Sortuk "koherentzia" eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta nazioen erabakitzeko eskubidea aitortzeko

Ehunka kide bildu dira Sorturen VI. Nazio Konferentzian, larunbatean. Iragan ikasturtea "emankorra" izan dela azpimarratu dute, eta datozen urteetarako erronkak berretsi dituzte.


Eguneraketa berriak daude