Serbiak atzera bota du Belgradeko erraustegi proiektua, aurkako mugimenduari arrazoi emanda

  • Ne Davimo Beograd mugimenduak aurkeztutako helegiteei arrazoi emanda, Serbiako gobernuak baliogabetu egin du Ingurumen ministerioak emandako ingurumen baimena Belgrado (1.700.000 biztanle) hiriburuko Vinca auzoan eraiki nahi zuten erraustegi berriarentzat. Prozedura osoa hasieratik errepikatzera behartu du.


2019ko otsailaren 05an - 11:50
Ne Davimo Beograd mugimenduaren mobilizazioa Belgraden. (Argazkia: Left East)

[Iturria: Balkan Green Energy] Ne Davimo Beograd (Ez utzi hondoratzen Beograd), Bankwatch eta A11 Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Aldeko Ekimenak berrikitan ohartarazi zieten EBRD Europako Berreraikitze eta Garapenerako Bankuari, EIB Europako Inbertsio Bankuari eta Munduko Bankuaren taldekoa den IFCri Vincako erraste planta eraikitzeko prozesu legalean akats larriak, gaizki aurkeztutako datuak eta hutsuneak zeudela.

Erraustegia Public-Private Partnership (publiko-pribatu elkarlana) ereduan eraiki nahian 2017an sinatutako akordioa aurrera ateratzeko, 330 milioi euroko finantzazio eske Beo Cista Energija [Belgrado Garbia Energia] konpainiak aurkeztutako dokumentazioari, kontrako elkarte haiek 92 orri bete iradokizun aurkeztu zizkioten. Kontratuak are finantza-koste handiagoak zekartzan berekin, herritarren bizkar joango zirenak.

“Kontratuak –dio Ne Davimo Beograden prentsa-agiriak- Belgradeko udalarentzako aurreikusten ditu urtean 38 milioi euro baino gehiagoko kosteak, 30 urtetan gutxienez 1.140 euro izango direnak. Pagakizunoi aurre egiteko, Belgradeko udalak  iragarri berri du hondakinen tratamenduagatiko tasa berri bat”.

Europako Erdi eta Ekialdean ingurumenaren aldeko mugimendu sozialen sare handienetakoa den CEE Bankwatch Network-ek [EBeko Banka Behatoki Sareak] bere webgunean dioenez, erraustegi proiektuaren arazo nagusietako bat da Belgradek sortzen dituen hondakinen %68 prebenitu, birziklatu edo konpostatu daitekeela, baina proiektuak horiek denak erretzea proposatzen duela.

[Azpian Ne Davimo Beograd elkarteko kide bat telebistan azaltzen erraustegiaren afera, gobernuari iritzia alda arazteko kanpainan. Testuak dio: "ARAZOA: Belgradeko airearen kalitatea oso txarra da eta hondakinez gainezka gaude. Gobernuaren soluzioa: Hondakinak murriztu, gehiago birziklatu eta horrekin lanpostu berriak sortzeko ordez, horren ordez DIRUA IRABAZI, zeren eta urtero 38 MILIOI EURO pagatu beharko baitira hondakinak erraustu eta airea are gehiago kutsatzeko!"]

Horregatik, baldin eta hiriak sortzen duen hondakin kopurua oso azkar handitzen ez bada, Beo Cista Energija sozio pribatuak behar duen hondakin kopurura kontratuak derrigortzen duen moduan iristeko, beharrezkoa izango da legea aldatzea atzerriko hondakinak inportatzeko edo debekatzea hondakin bilketa ez-formala, zeinak ematen baitie bizimodua 12.000 herritarri [txatarreroak, kartoi biltzaileak].

Bestalde, baldin eta Serbiako hiriburuak erre behar badu bere hondakinen %66, herrialdeak ezingo du bete Europar Batasunak 2020rako ezarri duen %50 birziklatzeko helburua.

Bankwatch sareak ohartarazi du, gainera, herritarrek hondakinen kudeagatik tarifa bat pagatu beharko dutela, Vincako erraustegiak sortutako argindarraren erabilpenagatik beste tarifa bat eta baita kalte-ordain bat ere konpainiari baldin eta hiriak ez baditu osatzen urtean erraustegiak kiskali ditzakeen 340.000 tonak.

Beo Cista Energija konpainiaren %50 Frantziako Suez multinazionalarena da eta beste %50 Japoniako Itochuren adarra den I-Environmnet Investmentsena. Horiekin Belgradeko udalak 2017ko irailean sinatu zuen 25 urterako lotuko dituen hondakinen kudeaketarako kontratua, urtean 340.000 tona zabor errez 80 MW bero eta argindar berde sortzeko, aldi berean itxi eta lehengoratzeko Europako zabortegirik handienetako bat.

Erraustegi proiektuaren aurkako mobilizazioa 2018ko urtarrilean, Belgradeko zabortegiaren sarreran. (Argazkia: Mjedisi)

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketa
2023-09-08 | ARGIA
Errausketaren aurkako giza katea antolatu dute Kontxako estropaden egunean

Gipuzkoako hondakinen kudeaketak okerrera egiten jarraitzen duela salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Donostiako erraustegiak kutsadura areagotu eta gaikako bilketa beheragotu duela azaldu dute, eta herrialdean aurreikusten diren proiektu berriek bide hori sakonduko... [+]


2023-08-04 | Ilargi Manzanares
GHK-k onartu du aurrez tratatu gabeko hondakinak errausten aritu dela 42 egunez

“Behin-behinean” egin dutela adierazi dute, “mantentze-lanen" ondorioz. “Ingurumen eskaera guztiak” bete dituztela ere esan dute, eta araurik ez dutela apurtu.


2023-05-28 | Zero Zabor
Agur, Iñaki Usabiaga

Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.


2023-04-24 | Zero Zabor
Paris hiriburuko oilategietako arrautzak ez jatea gomendatu dute agintariek, dioxina, furano eta PCBz kutsatuta daudelako

Ile-de-France (Paris hiriburua eta inguruko metropoli osoa) eskualdeko Osasun Agintaritzak herritarrei gomendatu die beren etxeetako oilategi txikietako arrautzarik ez jatea: aginte publikoak enkargatutako azterketa batek berretsi du aurretik ToxicoWatch fundazioak beste ikerlan... [+]


2023-02-27 | Zero Zabor
PFAS toxikoak kontrolik gabe hedatzen ari direla eta, Europako Batzordeak horien arautzeari ekin dio

Europako zenbait hedabide handik sustatutako ikerlan batek argitu du PFAS kutsagarriak milaka puntu beltzetan hedatuta daudela kontinente osoan. Oinezko herritarrak aipatzen entzun ez dituen PFAS-ak (konposatu per- eta polifluoratuak, ingelesez ‘Per- and polyfluoroalkyl... [+]


Eguneraketa berriak daude