Izan Bidea ekimenari amaiera emateko "urteko mobilizazio handiena" iragarri dute egun horretarako. Aldarrikapenak eta festa giroa bateratuko dituzte, presoen eskubideen alde: manifestazio "koloretsua" amaitu ostean hainbat talderen kontzertuak egongo dira Illunben, hala nola Su Ta Gar, Doctor Deseo, Belako, Zea Mays, Esne Beltza, Dupla, Rotten XIII eta Trikidantzenak.
Duela bi urte hasitako Izan Bidea erronka urriaren 8an amaituko du Sarek, euskal presoen eskubideen aldeko plataformak, eta Donostian jarri dute Sareren “urteko mobilizazio handiena” izango denaren hitzordua. Apirilaren 30ean aurkeztu zuten egitaraua, eta azpimarratu zuten helburua dela urteetan urruntze-politikaren amaieraren alde aritu diren herritarrak batzea egun horretan: “Politika horren amaiera gauzatzen ari den honetan, berau egi bihurtzeko emaniko bultzada eskertu eta guztiona den lorpen hau guztiz gauza dadin aldarrikatuko dugu”. Gogorarazi dute salbuespeneko espetxe-politika “arau” dela euskal presoentzat oraindik ere.
Dena den, nabarmendu dute aldarrikapenez gain festa izango dela nagusi urriaren 8an eta egun osoko egitasmoa izango dela, Etxera bidea gertu lelopean: 11:00etan Bulebarrean Izan Bidea dinamikaren azken kilometroak egingo dituzte, 3 milioi kilometro baino gehiagoko (Euskal Herriko biztanle kopurua adina) ibilbidea osatzeko faltako dena; 12:00etan Pio XII plazatik manifestazio “koloretsua” abiatuko dute; amaitzeko, 15:30etik goizaldera arte Illunben musika jaialdia egongo da. Bertan joko duten talde batzuen izenak aurreratu dituzte: Zea Mays, Rotten XIII, Su Ta Gar, Belako, Esne Beltza, Trikidantz, Dupla eta Doctor Deseo.
Kontzertuez gain, adin tarte guztientzat “giro ona” egongo dela ziurtatu dute. Umeentzat txoko bat egongo da, Porrotxen ikuskizunarekin, besteren artean, eta jateko eta edateko aukera egongo da txosnetan. Jaialdirako sarrerak salgai jarri dituzte sare.eus orrialdean, eta herritarrei dei egin diete boluntario gisa ere izena emateko datozen hilabeteetan.