Sanferminetako talde bortxaketa pairatu zuen emakumearen isilunea ezezko gisa ulertu daiteke soilik, Gorenaren arabera

  • Nafarroako Auzitegiek sexu abusutzat jotakoa, sexu eraso jarraitutzat jo zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Ostiralean sententzia osorik egin da publiko, epaiaren argudioak ezagutzera emanez.


2019ko uztailaren 5ean - 15:37
'La Manada' auziko bortxatzaileak baldintzapean aske utzi ostean Iruñean egindako mobilizazioa (Argazkia: Pablo Lasaosa)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ekainaren 21ean eman zuen 2016ko Sanferminetako talde bortxaketa kasuaren gaineko epaia Espainiako Auzitegi Gorenak, ia hiru urteko auzibidearen ostean kasua itxiz. Ordura arte Nafarroako Auzitegiek –Probintzia Auzitegiak eta Auzitegi Nagusiak– sexu abusutzat jotakoa “sexu eraso jarraitua” zela ebatzi zuen Gorenak, eta bortxatzaileei hasiera batean ezarritako bederatzina urteko espetxe zigorra hamabosna urtekoa izatera igaro zen –bi urte gehiagoko zigorra du bortxatu ostean mugikorra kendu zion erasotzaileak–. Uztailaren 5eko ostiralean sententzia osorik jarri dute eskuragarri, hartutako erabakia sostengatzen duten argudioak jakitera emanez.

Bertan irakur daitekeenez, Gorenaren arabera bost gizonek bazekiten emakumearen sexu askapenaren kontra ari zirela, honen baimenik barik. Emakumeak gertatzera zihoana jakin gabe, berau bortxatzeko egoera bilatu zutela dio sententziak, eta nahita eraman zutela leku “ezkutu, estu eta irteerarik gabeko” batera. Irakurri daitekeenez, biktima "larrituta, harrituta eta erreakzionatzeko gaitasunik gabe" zegoen, eta erasotzaileak egoera hori baliatu zuten emakumea beren esanak betetzera derrigortzeko. Emakumeak gutxienez hamar eraso jasan zituela dio epaiak.

Auzibideak iraun bitartean mugimendu feministak behin eta berriz ozen esan duena berrestera dator sententzia, “biktimaren isilunea soilik ezezko bezala” ulertu daitekeela baitio. Jasotzen denez, ez zen beharrezkoa emakumeak “jokabide heroikoa izatea akusatuek honen ezezkoaren jakinaren berri izateko”.


Indarkeria matxista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.