ARGIA.eus

2022ko urtarrilaren 22a

Saioa Alkaiza da 2021eko Nafarroako txapelduna

  • Lehen aldiz finalera iritsi eta txapela jantzi du Saioa Alkaizak, Eneko Lazkozekin buruz burukoa jokatu eta gero. Bertsolaritzaren alde ekarpen handia egin duen Estitxu Arozenak jantzi dio txapela irabazleari.

Bertsozale.eus @bertsozale
2021eko azaroaren 29a
Albiste hau Bertsozale.eusek argitaratu du eta egilearen baimenari esker ekarri dugu.
Saioa Alkaizari Estitxu Arozenak jarri zion txapela. Argazkia: bertsozale.eus.

1.750 lagun elkartu dira azaroaren 28an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala zuzenean jarraitzeko. 15:00etan ireki dira aretoko ateak, eta behin pistako eta harmailetako aulkiak beteta, 17:00etan oholtzaratu dira bertsolariak, zozketak erabakitako ordenean: Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar,  Eneko Fernandez Maritxalar, Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Altzuri, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria. Ander Aranburu Arriolak egin ditu aurkezle lanak, eta Alaitz Rekondo Ferrero aritu da gaiak ematen.

Ekitaldiaren lehen zatian, bost ariketetan aritu dira zortzi bertsolariak: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horietan Saioa Alkaizak eta Eneko Lazkozek bildu dute puntu gehien, eta horrenbestez, haiek pasa dira buruz burukora. Atal honetan, puntuka eta seiko motzean aritu dira hasieran, eta kartzelako lanarekin bukatu dute eguneko saio puntuagarria.

Horren ostean iragarri dute txapeldunaren izena. Hain zuzen ere, Alkaizak, Nafarroako Bertsolari Txapelketako bere lehen finalean eta 995 punturekin, irabazi du txapela. Zehazki, horrela gelditu da finaleko sailkapena (ariketaz ariketako puntuazioa, hemen):

1. Saioa Alkaiza (995 puntu)

2. Eneko Lazkoz (992 puntu)

3. Julio Soto (627,5 puntu)

4. Joanes Illarregi (596 puntu)

5. Xabier Silveira (592,5 puntu)

6. Xabat Illarregi (582,5 puntu)

7. Josu Sanjurjo (580,5 puntu)

8. Eneko Fernandez (573 puntu)

Sei epailez osatutako epaimahaia izan da bertsolarien lana epaitzeaz arduratu dena: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Haien puntuazioek zehaztu dute txapelduna eta sailkapen osoa. Lehen bost sailkatuek, gainera, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea eskuratu dute, Nafarroako ordezkari gisara. Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da txapelketa horren finala.

Estitxu Arozena Albizuk jantzi dio txapela aurtengo irabazleari, eguneko unerik hunkigarrienetako batean. Modu horretan, bertsolari, bertso irakasle, eragile eta antolatzaile gisara bertsolaritzaren alde egindako lan eskerga eskertu nahi izan dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean, lehendakaritza taldeko Igor Elortza Aranoak eman dio oroigarria txapeldunari. Gainontzeko sariak Nafarroako lau kultur elkarteko ordezkariek eman dituzte -Goizuetako Umore Ona, Iruñeko Zaldiko Maldiko, Lesakako Arrano eta Tuterako Beterri-; hala, elkarte horiek urteetan bertsolaritzaren alde egindako lanari keinu egin nahi izan dio antolakuntzak.

Bide baten amaiera

Urriaren 2an abiatu zen txapelketa, Izaban. Erronkariko bailaratik igaro, eta handik Tafallara, Zangozara, Doneztebera, Altsasura, Berriozarrera eta Leitzara azbiatu ondotik, Iruñean bukatu da ibilbidea, gaurko finalarekin.

Bi hilabetez, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatu ditu 45. Nafarroako Bertsolari Txapelketak, kultur sorkuntza, bertsolaritza, eta euskara herrialdeko bazter ugaritara eramanez. Bidean, ia 4000 lagunek egin dute bat txapelketarekin, eta Nafarroako bertsolaritza sendo, osasuntsu eta anitz agertu da plazara.

Zentzu horretan, Nafarroako bertsolaritzak bere alea jarri du, pandemiak eragindako egoerari aurre egin eta kultur plazak biziberritzeko ahaleginean. Izan ere, uste baino beranduago abiatu zen txapelketa, pandemiak atzeratuta. Bidean, agerian gelditu zen kulturgintzaren hauskortasuna, eta erabat moteldu zen bertso plaza. Horren harira, bultzada eta aldarri izan zedin abiatu zen txapelketa, eta asmo horrekin egin du gaur arteko bidea.

'Hitzetik Hortzera' berezia, heldu den igandean

Hainbat dira finala zuzenean eman duten hedabideak, eta beste hainbat horren berri emateko akreditatu direnak. Hurrengo egunetan segida izango du finalaren jarraipenak, hainbat erreportaje eta elkarrizketekin.

Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean ekoitzitako 'Hitzetik Hortzera' telebista programak, esaterako, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak emandako bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu, heldu den igandean, 15:00etan, ETB1 katean.

www.bertsoa.eus atariak, bestalde, bertsoaldien bideo hautaketa eta kronika idatzia jasoko ditu azaroaren 29an, eta txapeldunari eta beste finalistei egindako elkarrizketak, azaroaren 30ean.

Albiste hau Bertsozale.eusek argitaratu du eta egilearen baimenari esker ekarri dugu.
Kanal honetan artxibatua: Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Nafarroako Bertsolari Txapelketa kanaletik interesatuko zaizu...
2021-12-19 | Ander Perez
Saioa Alkaiza Guallar. Sorkuntzaren gozamenaren bidea
"Heroismoak gehiago konektatzen zuen garai batean, baina niri populista egiten zait"

Batzuen eta besteen zorionak jasota aritu gara Saioa Alkaizarekin Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan barna, elkarrizketa hau egiteko momentuan. Besteen harrerak lagundu dio lortu berri duena kokatzen. Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi eta astebetera,... [+]


2021-11-15 | Bertsozale.eus
Joanes Illarregik irabazi du Leitzako saioa, eta zehaztu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala

Azken finalaurrekoa irabazita, azaroaren 28an izango den finalerako sailkatzea lortu du herriko bertako bertsolariak. Hain zuzen ere, hauexek izango dira Iruñeko Anaitasunan izango direnak: Eneko Lazkoz, Julio Soto, Joanes Illarregi, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo, Xabat... [+]


2021-11-08 | Bertsozale.eus
Julio Soto ere sartu da finalera, Berriozarko saioa irabazita

200 lagun elkartu dira Berriozarko Entzunaretoan, txapelketako bigarren finalaurrekoa bertatik bertara jarraitzeko. Sei bertsolari aritu dira kantuan: Josu Sanjurjo, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Julio Soto. Azken horrek eskuratu du puntu... [+]


2021-10-18 | Bertsozale.eus
Julio Sotok bildu du puntu gehien Donezteben, Nafarroako Bertsolari Txapelketan

Azaroaren 14an Leitzan jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du egungo txapeldunak. Urriaren 16koarekin itxitzat eman da final-laurdenen fasea, eta ondorioz, osatu da finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrendan. 200 entzule inguru bildu dira Doneztebeko... [+]


Irakurrienak
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude