Ahizpatasuna zutik zugatik, Saioa

Argazkia: Idoia Zabaleta / Foku

2021eko abenduaren 02an - 10:28
Azken eguneraketa: 12:14

Izabatik Iruñerako bidea egin du azken bi hilabeteotan pandemiak urtebete atzeratu duen Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Mendialdean hasi eta elur artean buka. Errepideetako elurrak askori txangoa izorratu badie ere, ia 2.000 lagunek bete dute Anaitasuna igande arratsaldez. Batzuk manta eta guzti. Kalekoaz gain, haize freskoa nabari da ere oholtza gainean: gaztetasuna, berritasuna eta emakumezko bat presente, aspaldiko partez. Giroa bero dago publikoaren artean eta bertsolariek hasierako agurrak bota bezain pronto kokatu dugu finalista bakoitzaren fan kuadrilla non zegoen eserita.

Nafarroako bertsolari txapelketaren finala
Noiz: azaroak 28
Non: Iruñeko Anaitasuna

Saio puntuagarritik at Josu Sanjurjoren bertsoak heldu zaizkit gehien. Hasierako agurrean, bizitzako hainbat esparrutan bidelagun duen bertsoari eskatu dio laguntza, orain Nafarroa osoaren aurrean kantatu behar duela. Gazteei zuzendurik bota du bukaerakoa, konfiantza jarriz haiengan. “Beraz sekula baldin bazaude ametsen baten liluran / inork egiten ez duenean nik sinetsiko dut zugan”.

Askotariko gaiei kantatu diete zortziek: mapetan ageri ez den herriari, lodifobiari, bikoteari, pisukideei, sexu-harremanei, pobreziari eta laguntza eske zebilen emakumezko bati, besteak beste. Azken horren inguruan Xabier Silveirak bota duenaren harira marmarrak entzun dira publikoaren aldetik. Umoreak ere izan du bere lekutxoa gai batzuetan, baina hortik enfokaturiko bertsoaldiek ez dute bereziki gailurrik jo. Lana ongi eginik, baina atentzioa gehiegi eman gabe pasa dira ariketaz ariketa Eneko Lazkoz eta Julio Soto (edo, agian, nik ez diet kasu berezirik egin).

Ez dakit hotza zen, eseri garen lekua ala bertsoaldiak berak, baina bizi izan ditudan finaletan motelena izan da, monotonoena akaso.

Nabaria izan da arestian aipaturiko berritasuna, beste gauza batzuen artean, gazteongandik hurbil dauden erreferentziak atera direlako bertsoetan, Saioa Alkaizaren ahotik gehienbat. Nork esanen zigun Nafarroako Bertsolari Txapelketako final batean C. Tanganaren izena entzunen genuenik? Honen parean, boomer-aren papera hartzea besterik ez zaio geratu Eneko Fernandezi. Alkaiza kantuan entzuteak are gehiago nabarmendu du emakumezkorik ezean esan gabe geratzen den hori guztia.

Gaur arte protagonista izandakoek belaunaldi berri bat topatu dute haiekin oholtza konpartitzen. Sanjurjo bere jokorako abileziaz, Illarregi anaiak haien kanturako gustu zein gazte perspektibarekin eta aurtengo txapeldun eztabaidaezina bere diskurtso landuaz.

Buruz burukoan egon da tentsio handiena. Esanen nuke publikoaren artean argiki somatu dela txantrearraren aldeko jarrera. Salto batez altxatu da Anaitasuna txapela bere burura zihoala entzuterakoan. Ongi baino hobeki merezitako txapela eta krak txiki bat azken urteetako ibilbidean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Bertsolari Txapelketa
2023-12-04 | Bertsozale.eus
Julio Soto da 2023ko Nafarroako txapelduna
Bere seigarren txapela irabazi du Julio Sotok, Eneko Lazkozekin buruz burukoa jokatu eta gero. Azken hamabi urteetan Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari izandako Alaitz Rekondok jantzi dio txapela irabazleari.

2023-11-23 | ARGIA
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako bi sarrera ditugu ARGIAko kideentzat

  Nafarroako Bertsolari Txapelketaren laguntzailea da ARGIA. Elkarlan horri esker, Iruñean abenduaren 2an jokatuko den finalerako bi sarrera helarazi dizkigu Nafarroako Bertsozale Elkarteak, harpidedunen artean zozketatzeko.


2023-11-20 | Bertsozale.eus
Joanes Illarregik irabazi du Lesakako saioa, eta osatu da finala
Txapelketako azken finalaurrekoa irabazita, abenduaren 2an jokatuko den finalaurrekorako sailkapena eskuratu du Leitzako bertsolariak. Hain zuzen ere, hauek izango dira zortzi finalistak: Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo,... [+]

2023-11-13 | Bertsozale.eus
Julio Sotok irabazi du Agoizko saioa, eta hura ere sailkatu da finalera
270 lagun inguru bildu dira Agoizko Kultur Etxean, txapelketako bigarren finalaurrekoa jarraitzeko. Julio Sotok lortu du puntu gehien (543,5) eta abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako sailkapen zuzena eskuratu du.

2023-10-23 | Bertsozale.eus
Eneko Lazkozek irabazi du Leitzako saioa, eta osatu dira finalaurrekoak
Azaroaren 19an Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du Etxarri Aranazko bertsolariak. Gaurkoarekin itxitzat eman da final-laurdenen fasea, eta ondorioz, osatu da finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrendan. 200 entzule inguru bildu dira Leitzako... [+]

Eguneraketa berriak daude