Aragonesek dimisioa aurkeztu du, ERCren emaitza txarren ondoren

  • Itxura guztien arabera, PSCko Salvador Illa izango da Generalitateko hurrengo presidentea, norbait izatekotan. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago. Egungo presidente Pere Aragonés eta ERCk jaitsiera handia izan dute. Abstentzioa %41ekoa izan da.


2024ko maiatzaren 13an - 11:00
Azken eguneraketa: 20:32
ACN

Inoizko emaitzarik onenak lortu ditu Alderdi Sozialistak Katalunian. Azken hauteskunde autonomikoak irabazi egin zituen, ERCrekin eserlekuetan berdinduta geratuta, baina ez zuen gobernua osatzerik izan –ERC, Junts eta Comuns paktua egin zen–. Hiru horien elkar ulertze ezinak eta gobernagarritasun faltak ekarri zuen hauteskundeen aurrerapena, eta argi ikusi denez, ez da onuragarria izan ERCrentzat.

Konparaziorako, EAEko hauteskundeak hartuko bagenitu, PSE-EEk boto-portzentaia –%14,22– handiagoa izan zuen ERCren aldean –%13,7–. Aldiz, PSCk duen nagusitasuna handia izanagatik ere, EAEko hauteskundeen egoera aski ezberdina da; EAJk botoen %35 eskuratu zuen, eta EH Bilduk %32. PSCk, maiatzaren 12ko hauteskundeetan, %28. Botoa zabalduagoa da Katalunian.

Pere Aragonések gaur goizean jakinarazi du ez duela diputatu akta hartuko eta politikaren lehen lerroa utziko duela. Alegia, presidente karguan jarraituko du inbestidura batean beste presidente bat hautatu bitartean.

Egin berri diren hauteskunde osteko eserleku banaketa, 'El Diario' egunkariaren grafikoa.

Bi bloketan egin daiteke banaketa: ezker-eskuin ardatzaren arabera; eta bloke independentista. Badute bat egiten duten ezaugarririk: beherakada jasan dute. Batetik, independentismoaren blokea (Junts-ERC-CUP) 74 diputatutik 59ra igaro da. Eta bestetik, ezkerreko blokea (ERC-Comuns-CUP), 50 diputatutik 30era jaitsi da. Galera handia da. Hemizikloak, beraz, eskuinerantz eta espainolismorantz egingo du. [Irakurri hemen Jesus Rodriguez Directa-ko kazetariaren analisia, euskarara ekarri duguna].

Gobernu posiblea, Illa buru

Akordioak egiteko formula posible gutxi ikusten dira. Carles Puidgdemontek esan du gobernua osatzen ahaleginduko dela, suposatzen da ERCri hots egingo diola, baina zenbakietan urrun dira –68 eserleku dira gehiengo absolutua–. Junts, ERC, Comuns eta CUP elkartuta ere, 65ean geratuko lirateke.

PSCk 26 boto eskuratu beharko ditu Salvador Illaren inbestidura kasu batean, eta errealistena litzateke Comunsekin elkartzea –Espainiako Gobernuko eta beste makina bat lekutako formula errepikatzea–, eta ERCren babesa ere eskuratzea. Izan daiteke aukera bat ERC ere gobernuan sartzea, nahiz eta ikusteke legokeen zenbateko eragina izango lukeen horrek bere boto-emaileengan; edo, izan daiteke ERCk balizko PSCren gobernua kanpotik babestea, akordio puntualekin. Arriskutsua litzateke, hala ere, gobernagarritasunaren ikuspegitik.

Irekitzen den beste agertoki posiblea hauteskundeen errepikapena da. ERCk izango du giltza, beraz, aurrez aipaturikoagatik. Edozein kasutan, PSCren gobernu batean sartuko balitz, PSCren gobernu bat kanpotik babestuko balu edo ezezkoa eman hauteskunde errepikapen baterako urratsa emango balu, ERCk ez du aterabide errazik.

Puigdemontek dagoeneko esan du ERCri dei egingo diola, bere inbestidura babes dezan. Gerta daiteke horrela izatea, baina bien artean 55 eserleku dituztenez, ezinbestekoa lukete PSCren abstentzioa. Hor ere, gobernagarritasuna kolokan legoke une oro.

Europako hauteskundeak egingo dira ekainean, eta horrek markatuko du testuingurua.

Tendentzia argiak

PPk igoera handia izan du –minimo historikoetan zegoen–, baina ez da izan Voxen kontura, azken horrek ere mantendu duelako bere boto-emailea. Aliança Catalana alderdi sortu berriak –eskuin muturrekoa, diskurtso xenofobokoa, baina "independentista– bi eserleku eskuratu ditu.

Azken hauteskundeetan 20 eserleku lortu zituzten Vox, C's eta PPren artean. Orain, 28 dituzte. Ciudadanos alderdia desagertu egingo da, ordea. Katalunian sortu zena, Espainiako Gobernura heltzear egon zena, hondoa jotzera heldu da jaio zen lekuan bertan. PACMAk baino boto gutxiago lortu ditu.

Podemos-Sumar batera aurkeztu dira hauteskunde hauetan, eta emaitza ona izan zaie: 6 eserleku lortu dituzte, botoen %5,82. EAEko hauteskundeekin alderatuta, hamarren gutxi batzuk gehiago soilik –%5,59–; EAEn ordezkari bat lortu zuten ozta-ozta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia
2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


Mugikorretan kontrol parentala derrigortzeko legea “beharrezko baina gutxiegizko” neurritzat jo du Som Connexió-k

Telefono-konpainiek serieko gurasoen kontrola nahitaez sartu behar dutela arautu du Espainiako Gobernuaren lege berriak. Legea aurrerapausotzat jo du kooperatibak, baina azpimarratuta ez duela ezertarako balioko gazteek hezkuntza digital egokia jasotzen ez badute.


2024-05-29 | Karmelo Landa
Setioa

Setio egoeran bizi gara euskaldunok eta katalanak Espainiako Estatuan, eta gainera ez dugu horren kontzientzia argirik, uste dut. Katalunian hori oso nabarmena izan da azken hauteskundeetan eta ondorengo egoeran.

Benetan aztertzeko modukoa da gertatu dena: Espainiako botere... [+]


ERC: azaroa arteko gurutze-bidea

ERCk hamahiru parlamentari galdu ditu joan den igandeko hauteskundeetan eta barne krisia ate joka du. Pere Aragonés Generalitateko jarduneko lehendakariak dimisioa aurkeztu du dagoeneko eta lehen lerrotik erretiratuko dela iragarri du.


Eguneraketa berriak daude