Proiektu berriak Iruña-Veleiarako


2022ko ekainaren 02an - 07:23

Zenbait hedabidetan zabaldu denez, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza proiektu berriak egiteko asmotan dira Iruña-Veleiako aztarnategian datozen urteetan: hiri erromatarra aztarnategi-eskola eta praktika-laborategi bihurtu; kultura ondarean ikerketa zientifikoa sustatu; turismoan kalitatezko kultura eskaini eta gizarte balioa sortu; eta, azkenik, epe luzerako planaren diseinua egin.

Ez nago berrikuntzaren kontra, Iruña-Veleiak merezi du-eta, baina badirudi grafitoen benetakotasun-faltsutasunaren inguruan azken hamasei urteotan mantendu den debatea ezkutatu egin nahi dutela eta hori akats larria litzateke. Zeren eta oraindik auzia ez da argitu, nahiz eta kondena bat egon den:

"Ehunka pieza garbitu gabe daude oraindik, Arabako Diputazioak jarritako eragozpenagatik"

2006an ezagutarazi ziren ezohiko grafitoei oraindik ez zaie datazio frogarik egin. 291 grafitoetatik 37ri bakarrik egin zaie nolabaiteko analisia laborategian, pertsona bakarrak eginak –nahiko ote?–: 37otatik bat benetakotzat eta 36 faltsutzat jo zituen. Baina beste 254 grafitoei (% 87!!!) ez zaie inolako analisirik egin, ‘linboan’ daude, haien artean hezurrean, adreiluan eta beiran egindako denak.

Ehunka pieza garbitu gabe daude oraindik, Arabako Diputazioak jarritako eragozpenagatik. Ertzaintzak polizi-txosten mardula osatu bazuen ere ez zuen argitu nor zen-ziren faltsutzailea(k), ezta faltsuketak non-noiz-nola egin ziren ere. Ekintza ‘kriminala’ argitu gabe dago, beraz.

Epaileak Eliseo Gil kondenatu zuen arren, honelatsuko esaldiak idatzi zituen sententzian: “Ez da behar bezala frogatu berak egin zituela bere kabuz grafito garaikideak”. Eliseo Gilek helegitea jarria dauka sententziaren aurka. Bakoitzak atera bitza ondorioak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude