Presoen sakabanatze politika: lehenengo aldiz Giza Eskubideen Europako Auzitegian

  • Amaia Izko abokatuaren esanetan, ehunka kasu aurkeztuko dituzte Estrasburgoko epaitegian, sakabanaketak familia-bizitza eskubidea urratzen duela argudiatuz.


2017ko urtarrilaren 10ean - 09:58
Sakabanatze politikaren aurkako protesta Bilbon (Arg: Etxerat)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Josetxo Arizkuren preso iruindarraren kasua da Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegian aurkeztu duten lehenengoa. Sevilla, Cádiz eta Pontevedrako kartzeletatik igaro ondoren, Murtziako espetxean dago egun preso, Iruñetik 750 kilometrora. Kardiopatia iskemiko larria du, eta salatu izan duenez, ez du osasun arreta egokirik jasotzen.

Familia-bizitza eskubidea izan da, ordea, Arizkurenen defentsak Estrasburgora eraman duen argudio nagusia. Izan ere, sakabanatze politika “legez kanpokoa” dela adierazi du Amaia Izko abokatuak, eta familiarekin harremanak izateko “zailtasun handiak” dakartzala.

Espainiako Konstituzio Auzitegiak Arizkurenen kasua aztertzeko eskera ukatu zuen ekainean, eta Espainiako Estatuko auzitegietako ibilbidea agortuta, Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman dute lehenengo aldiz sakabanatze politikaren gaia. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) iragarri duenez, beste ehunka eskaera egingo dituzte, presoak Euskal Herriratzea aldarrikatuz. Gaitz larriak dituztenen eta 70 urtetik gorakoen kasuak izango dira aurkeztuko dituzten lehenengoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023ko martxoaren 27
Amaitu dute

Eguneraketa berriak daude