EH Bilduk eskatu dio EiTBri hilaren 11ko presoen eskubideen aldeko mobilizazioarekin zuzeneko konexioak egiteko, ekitaldiak "interes informatibo handia" duela iritzita.
“Medio publikoa den neurrian, EiTBk ardura berezia du euskal gizartearekiko, eta horrek isla zuzena izan behar du bere programazioan. Horregatik, euskal jendartea bera mobilizatzen denean derrigorrezkoa da EiTBk ere horren berri zuzena, eta zuzenean, ematea”. Hala mintzatu da Unai Urruzuno parlamentaria, hedabidearen konpromisoa bilatu asmoz.
Tantaz Tantak egindako deialdia "Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik jendetsuena" izango dela iragarri du. Ondorioz, emisioa gauzatzeko "beharrezko baliabideak" paratu ditzan galdegin dio kateari. Besteak beste, helikopteroa bidaltzea nahi du.
Iazko martxan Segurtasun Sailak Ertzaintzaren helikopteroa bidali zuen. Parlamentariaren ustetan, ekitaldi politikoa "oztopatzea" baino ez zuen lortu. Ildo horretatik, eskaera zuzena egin dio Jaurlaritzari: "Helikopteroa bidaltzekotan, ETBrena izan dadila”.