ARGIA.eus

2021eko apirilaren 22a

Preso bat agertu da hilda Zaballako espetxean, abenduaren 25ean

  • 2020an Arabako espetxean hil den seigarren presoa da F.A, 50 urte ingurukoa. Salhaketak adierazi duenez, "5.moduluan egonda,  Zaballako makro-kartzelaren barruan arreta mediko faltagatik, arduragabekeriagatik, hiper medikalizazioagatik eta gainerako ankerkeriengatik hildakoen zerrenda makabroko azken presoa da. Bere gorpua abenduak 25eko goizean agertu zen". Salhaketak urtarrilak 12an elkarretaratzea deitu du.

ARGIA @argia
2021eko urtarrilaren 05a

Espetxeak berak eta espetxe erakundeek ez dute "inolako" argibiderik eman, Salhaketak nabarmendu duenez. Arduradunek "erantzun aktiborik" ez ematea "argi eta garbi, zigorgabetasun-estrategiaren parte da" salatu du. Gogoratu du kartzela kanpoan salatzeko baldintzak "gero eta mugatuagoak eta kriminalizatuagoak" direla, "salaketa- eta borroka-tresna guztiak debekatzen dituen alarma-egoera dela eta". Gehitu du pandemiak asko zaildu duela barruti-kanporako komunikazioa, "hortaz, nekeza egiten zaigu abusuak publiko egitea".

Pandemia kartzela barrutik

Salhaketak oroitarazi du pandemia garaian zein den presoen eta familien egoera: "Hilabete asko dira presoak kanpoan gertatzen direnetik erabat isolatuta daudela; ez dute inolako harreman zuzenik senideekin ezta babes ingurunearekin ere. (...) Inkomunikazio krudel honen aurrean antolatzen ari diren familiak egoera oso latzean daude". Hauek "eskubide minimoak" eskatzen dituztela aldarrikatu du, "barrukoekin gutxieneko kontaktua izateko; izan ere, heriotzek, beste behin ere, erabateko deskonexio horren ondorioak direla baieztatzen dute".

Zigor Olabarriak erreportaje honetan bildu ditu euskal presoek gutunez azaldu dituzten pandemiako bizipenak.

Salhaketak galderak hauek zuzendu dizkiete arduradunei: "zer egiteko asmoa dute Zaballako espetxeko arduradunek? Presazko prebentzio-neurriak hartuko dira gertaera oso larri horiek ez errepikatzeko, kasu guztietan aurreikus daitezkeenak eta saihestu daitezkeenak, ala presoek eskatutako harrera-pisuen eta arreta psikologiko eta sanitarioaren baliabideak ez inplementatzearen eta pasibotasunaren alde egiten jarraituko dute? Zer motatako profesionalen eskuetan daude espetxeratuak?".

Astebete barrurako deitu du elkarretaratzea: urtarrilak 12, 12:00etan Andra Maria Zuriaren plazan.

Irakurri "Zaballako Olentzerok (beste) hildako bat opari" artikulua.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: kartzela  |  Araba  |  Presoak

kartzela kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude