"Prebentzio ezaren prebentzioa da hau"

  • 5:40, Gasteizko Michelin lantegiaren atzealdeko sarrerara langileak heltzen ari dira, tantaka baina etengabe, goizeko txandari ekiteko prest. Enpresak soldatapean dituen 3.200 langile ingurutik 800 bat bueltatu dira gaur lanera, koronabirusaren krisiaren ondorioz produkzioa eten zenetik lehen aldiz. Ostiralerako ia langile guztiak ariko dira lanean. Pilatzeak sahiesteko asmoz, laneko lehen txandara sartzeko ordua hirutan zatitu dute, ordu laurdeneko tarteekin.


2020ko apirilaren 14an - 10:18
Lantegiaren sarreran jarri duten etxolan, polizia pribatua langileari tenperatura hartzen. Argazkia: ARGIA.

Enpresak etxola prefabrikatu txiki bat jarri du sarreran. Bertatik sartu behar dute langileek. Etxola barruan enpresaren polizia pribatuak gailu batekin hartzen die tenperatura; okerrik ezean, lanera. Bi langile batera heldu dira, eta etxolan bat egin dute, segurtasun neurriak hautsiz. Segurtasun poliziak eskularruak, ahorako maskara eta aurpegi osoa estaltzen dion plastikozko maskara ditu soinean. Baina tenperatura hartzeko gailua eskumuturrean edo bekokian jartzen dio langile bakoitzari, segurtasun distantzia errespetatu gabe. Barrurago enpresako beste hiru polizia pribatu daude. Prebentzio pertsonalerako ekipo berdina daramate baina bik plastikozko maskara jarri gabe dute eta haien artean hizketan ari dira, tarteka elkarrengandik metro bat baino gutxiagora.

“Kazetaria zara?”, galdetu dit kanpoan zain dagoen emakume batek. Michelingo enpresa batzordeko kidea da CCOOren ordezkari bezala, berarekin eta bere sindikatukide batekin hitz egin dugu. Sindikatu nagusiek enpresarekin adostu dituzten segurtasun neurriak betetzen diren ikuskatzera etorri dira (enpresa batzordean CCOOk eta UGTk dute gehiengoa. CISekin batera Michelin zabaltzearen aldeko botoa eman duten bakarrak dira). Aste santuko zubian enpresan egon direla azaldu dute, neurri horiek espazio bakoitzerako zehazten. Lanera bueltatzea zentzuzko ikusten duten galdetuta, konforme agertu dira. Adostutako neurriak defenditu dituzte: “%100ean ezin da segurtatu. Baina neurriak jarri dira, asko, orain ikusi behar da ea uste dugun bezain eraginkorrak diren”. Langile bakoitzaren ardurak eta erantzukizunak duten garrantzia azpimarratu dute.

Sarrera nagusian irudia errepikatu egiten da: langileak heltzen dira, etengabe baina sakabanatuta; etxolan sartu, poliziak tenperatura hartu eta lantegira. Enpresa batzordeko LABeko ordezkari bat dago hemen ikuskatze lanetan. Galdera berbera harentzako ere: “Zentzuzkoa ikusten duzu lanera bueltatzea?”. Irribarre ironikoa marraztu zaio aurpegian: “Prebentzio ezaren prebentzioa da hau”. Erabakiak, oro har, ez daukala zentzurik uste du: “Egun osoa eman behar dugu etxean konfinatuta kutsadura arrisku oro ekiditeko, baina lantegietara joan behar dugu gure artean eta ondoren gure familiak kutsatzeko arriskua hartuz”.

"Egun osoa eman behar dugu etxean konfinatuta kutsadura arrisku oro ekiditeko, baina lantegietara joan behar dugu gure artean eta ondoren gure familiak kutsatzeko arriskua hartuz”

Michelini dagokionez, uste du jabeek krisiaren hasieran azkar erreakzionatu zutela, enpresa itxiz, baina orain azkarregi berrabiarazi dela produkzioa. Enpresak segurtasun neurriak landu eta zorroztu dituela dio. Material idatzia prestatu du enpresaren eta langileen betebeharrak zehaztuz, espazioak birmoldatu dira eta postu bakoitzaren lan modua egokitu da segurtasun neurrien arabera. Horrez gain, langile bakoitzari segurtasunerako ekipoa eman dio: gel hidroalkoholiko eta desinfektatzaile pote bana eta enpresak berak makineria propioa egokituz ekoiztu dituen plastikozko maskara, aurpegi osoa estaltzekoa (erreportajea laguntzen duten argazkietan ikusten dena). Baina ez du konfiantza gehiegirik horren guztiaren eraginkortasunean. “Agian hasieran bai, baina egunak pasa ahala dena erlaxatzen joango da”. Segurtasun irizpideek lana luzatzea eta moteltzea dakarte, eta LABeko sindikalistaren izenean, denborarekin, “hiru pausotan egin beharko zenukeena bi pausotan egitea baduzu, bitan egingo duzu”.

Enpresak segurtasunerako ekipoa eman dio langile bakoitzari: gel hidroalkoholiko eta desinfektatzaile pote bana (irudian) eta enpresak berak makineria propioa egokituz ekoiztu dituen plastikozko maskara. Argazkia: ARGIA.

Enpresa arduratsua; langileen ardura

CCOOko ordezkariak langileen arduran jarri badu azpimarra, LABeko ordezkariak enpresa kritikatu du ardura langileen bizkar uzteagatik. Enpresako zuzendariak mezua bidali zien astelehenean langileei. “Perfekzioa lortu nahi izan gabe, protokoloa errespetatzeko inplikazio aktiboa eskatzen dizuegu; guztiok gara funtsezko eragileak. Orain inoiz baino gehiago lehentasuna PREBENTZIOA da, eta ez fabrikazioa”, dio zuzendariak. Langileen soldataren zati bat bakoitzak ekoizten duen pneumatiko kopuruaren araberakoa da, eta segurtasun neurriek produkzioa mantsotzea dakarte. Horregatik, langileek eskatu dute soldatak produktibitatetik deslotzea eta aurreko bi hilabeteen soldata erabiltzea erreferentzia gisa. Enpresak ez du onartu.

Produkziora bueltatzea erantzukizun sozialaren ondorio dela azaldu die zuzendariak langileei: “Enpresak bere erantzukizuna erakutsi du jarduera ixtearekin, pertsonen segurtasuna lehenetsiz. Orain itzultzea tokatzen da, gure bezeroen beharrak asetzeko, gure pneumatikoak behar baitituzte jendarte osorako funtsezkoak diren jarduerei eusteko”. Ez dago oso ados LABeko ordezkaria: “Esaten digute pneumatikoak ezinbestekoak direla adibidez janaria banatzen ari diren kamioientzako. Baina daudenekin behar hori asetzeko gurpilak soberan ditugu biltegian”.

“Itxaron pixka bat, horrela ezin nauzue atera”, dio sarrera zaintzen duen polizia pribatuak, eta erantsita zuen aurpegiko plastikozko maskara jarri du.

LABeko ordezkaria lantegi barrura doa egoera ikuskatzera. Berarekin hurbildu gara etxolara, eta segurtasun poliziari galdetu diogu ea argazkia ateratzerik ba ote dugun tenperatura hartu bitartean. “Itxaron pixka bat, horrela ezin nauzue atera”, dio, eta erantsita zuen aurpegiko plastikozko maskara jarri du. “Zauria egiten ari dit bekokian, min egiten dit”, azaldu digu argazkia atera ondoren. Maskara berriz ere erantsi eta bekoki gorritua erakutsi digu, eta konturatzerako metro bat baino gutxiagora hurbildu gara hirurok, maskarak utzi dion arrastoa ikus dezagun.

Etxera bueltatu naiz autoan. Poliziarik ez, ez joanean ez etorrian, trafikoa dezentekoa izangatik ere. Deigarria, konfinamendua eta segurtasun neurriak betetzea zein garrantzitsua den etengabe errepikatzen diguten honetan, hori bermatzearren polizia herritarrak kalean hain estu hartzen ari den honetan. Industria poligonoetan poliziarik ez, eta lantegi barruetan instituzioen (Osalanen) osasun ikuskaritza etenda. To.

Enpresa barruan hainbat moldaketa egin dute kutsadurak ekiditeko helburuarekin. Argazkian, eskubanda kendu dutela ohartarazten duen oharra.
Michelin enpresako atzealdeko sarreran, polizia pribatua langile bati tenperatura hartzen. Argazkia: ARGIA.
Alejandro Arbina Lopez de Letona, LABeko delegatua Michelinen, lantegira sartu aurretik. Argazkia: ARGIA

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude