Populismoa korrika


2025eko abenduaren 15ean - 10:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bi bide behintzat bazeuden: edo busti eta arriskatu, edo lehorretik ibili eta segurura jo. AEK-k 24. Korrikan aldarrikatuko badu euskara “denontzako aterpe irekia” izango dela, hala pentsatu eta aurrez abisatuta bazeukan, ja terrenoa prestatuta zeukan bigarren bideari ekiteko. Asmoak konfirmatu ditu iragan ostegunean, kantua aurkeztuta.

Esaldi solteak; gorazarre eta omenaldiak batari eta besteari, hala nola aurtengo omenduari, Errigorari (biba!); eta lauburu, ilargi, marea, arrano, irrintzi, sorgin eta basurdeak aipatu besterik. Iruditeria bat sortzeko asmoz seguru, baina kantuak ez du apartekorik esaten, ezer gutxi kontzientzia eta militantzia euskaltzaleari lot ahal zaizkionak. Eta bada ulertzen ez den gauzarik. Esaterako, zergatik pertsonifikatu den hainbeste horrelako ekintza kolektibo baten bideoklipa. Eta batez ere, hauxe: zergatik ipintzen diren katalanezko azpitituluak euskarazkoaren eta gaztelaniazkoaren ondotik, ez badira, gero, frantsesekoak ipintzen. Ez dirudi AEK-ren kontua denik, Zetak-ek bere azken bideoklipetan hala egin baitu. Baina harritzeko modukoa da, Xiberutikan Mendebaldera deituriko kantuan nolatan uzten den kanpoan euskara eta gaztelania ulertzen ez dituen zuberotarra, are, enkargugilea AEK izanda, helburutzat duena geroz eta erdaldun gehiago euskarara gerturatzea.

Apustu erraza zen bi Nafarroa Arena, lau Illunbe eta bi San Mames betetzeko gai den taldeari kantua eskatzea, eta hark onartzea. Petatuko du kantuak, ez da dudarik. Zetak-ek jendetza mugitzeko gaitasun handia du, fenomeno bat da, eta litekeena da aurtengo Korrikako kantua aspaldiko entzunena izatea. Eta hori ez da propaganda txarra AEKrentzat, ez, alajaina. Irabazteko estrategia zen. Jendarte zabala erakartzeko asmoa duen populismo klasikoa da oldarraldi eta giro nardagarri honetan aterpe irekia izan nahi duenarentzat. Monsieur leCrêpe-ri entzun diogu LP berrian: “Ezertxo ere ez esan eta elkarri emaiozue bakea”.

Apurtzaile izateak ez ditu beharbada nahi eta behar beste fruitu eman, baina euskararen indarraldi bat ez dut uste firmeki abiatu daitekeenik akelarre iruditegi soil batekin. Zeren, letrek askorik esaten ez badute ere, txinparta etor zitekeen musikarekin. Astinaldi bat behar dugula esaten badugu, uste dut horrek ausardia eskatzen duela. Eta hori ez da Korrikaren kontua soilik. Ez dut oroitzen aspalditxoan orain baino motibo gehiago egon denik jendea euskararen alde mobilizatzeko, eta, ekinaldi kultural eta politiko batek benetako indarraldia ekartzea badu xede, txinparta piztu eta kate batzuk apurtu beharko ditu, abestitik hasita. 


Eguneraketa berriak daude