Pilotarien Elkarteak kezka agertu du esku pilota profesionalak hartu duen norabideagatik

  • Pilotarien Elkarteak, zeinak biltzen dituen Aspe eta Baiko enpresetako pilotariak, agiria plazaratu du larunbatean. "Kezka" agertu dute esku pilota profesionalaren kudeaketa hartzen ari den norabideagatik, frontoiak bete eta zaleen erantzuna "apartekoa" den garaiotan, protagonista nagusien –pilotarien– eskaerak ez direlako aintzat hartuak.


2025eko abenduaren 23an - 11:06
Azken eguneraketa: 12:59
'Pilota frontoiak betetzen ari da, barrutik hustutzen den bitartean' du goiburu pilotariek plazaratutako agiriak. Baiko
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Diru sarrerak handitzen ari diren bitartean, ikusten ari gara plantillak murrizten direla, partida kopurua gutxitzen eta kirolaren garapena mugatzen", diote kirolariek, enpresak interpelatzen dituen Pilota frontoiak betetzen ari da, barrutik hustutzen den bitartean izeneko agirian. COVID-19aren aurretik enpresa bakoitzak 25 pilotari izatetik gaur egun 21 izatera igaro izanak ondorio argiak dituela diote: "Ezin dira bajak behar bezala estali, ordezkapenak egin, eta jaialdi askotan ez dira hiru partida jokatzen, nahiz eta horretarako konpromisoa hartua izan".

Egoera honek bereziki pilotari gazteenei egiten die kalte, "gero eta gehiago" eskatzen zaielako "gero eta denbora gutxiagoan", kexu dira pilotariak, "egokitzeko, ikasteko eta hobetzeko benetako tarterik gabe". Pilotak prozesu bat eta prestakuntza behar dituela diote, eta gaur egungo ereduak kontrako norabidean egiten duela. "Horrek, pilota afizionatuan ere eragina du, aukerak zabaldu beharrean, ateak ixten ari direlako".

Nabarmendu dute pandemian ahalegin handia egin zutela pilotariek, "murrizketa handiak onartuta, jarduera arduratsu eta eredugarriarekin, gatazkarik sortu gabe, egoera normaltasunera itzultzean ahalegin hori kontuan hartua izango zelakoan". Aitzitik, kezka horien bueltan hitz egiteko hainbat bilera egin dituzten arren, adierazi dute sentsazio bera izan dutela beti: "Ez zaigu entzuten eta ez da benetako aldaketarik gertatzen. Horregatik, pilotaren etorkizunean soilik pentsatuz, agiri hau publiko egitea erabaki dugu".

Argi utzi nahi izan dute ez dela aldarrikapen "pertsonal" bat, "gogoeta kolektibo bat" baizik: "Gure helburu bakarra pilotak funtzionatzen jarraitzea da, haztea eta etorkizun sendo eta jasangarria izatea, hori posible egiten dutenak zainduz eta zaleak errespetatuz".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
Eguneraketa berriak daude