Pilotari ibilbideari amaiera emango dio Aimar Olaizolak

  • Erretiroa hartuko duela jakinarazi du Olaizola II. pilotariak. Azaroaren 13an jokatuko du azken partida, Goizuetan.


2021eko irailaren 15ean - 10:04
Azken eguneraketa: 12:27
(Argazkia: Eitb)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteazkenean, Jose Ramon Garai Baiko Pilota enpresako zuzendari nagusia alboan zuela, prentsaurrekoa eman du Aimoar Olaizola pilotariak Bilboko Bizkaia frontoian. Bertan jakinarazi du erretiroa hartuko duela. Olaizola II.ak azaroaren 13an jokatuko du azken partida, 42 urte betetzen dituen egun berean, non eta bere jaioterrian, Goizuetan. Partida horrekin amaiera emango dio 23 urtetik gorako pilotari ibilbide oparoari.

1998ko apirilaren 12an egin zuen debuta profesionaletan Olaizolak, Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan. Bikotekide gisa Iñigo Alberdi izan zuen, eta Soroa III.a-Hirigoien izan zituzten aurkari. 22-15 galdu zuten. Urtebeteren bueltan irabazi zuen lehenbiziko txapela, Bigarren Mailako Buruz Burukoan, Eibarko Astelena pilotalekuan. Txapel horren atzetik etorriko ziren Lehen Mailako beste hamalau txapel: buruz buruko txapelduna izan da lautan, zazpi aldiz lau eta erdikoan, eta hiru aldiz binakakoan. Lehen Mailako hamalau txapel irabazteaz gain, hamabi aldiz txapeldunorde izan da.

Azken txapela orain bost urte irabazi zuen, nahiz eta erretiratu aurretik beste bat lortzeko aukera duen oraindik, igandean Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuko den Caixabank Masterseko finalean.

Retegi II.a, Fernando Arretxe, Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetxearekin batera, hiru txapelketa nagusiak irabazi dituzten zazpi pilotarietako bat da Olaizola.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!