Pertsona guztien erroldatzea bermatuko duen protokoloa eskatu du Marea Horiak

  • Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urteroko Marea Horia izeneko mobilizazioa egin du zapatuan, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Horietan bildutako lagunek salatu dute mundu osoko milioika pertsonak, euren jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian, “arriskuz eta zailtasunez betetako bide korapilatsua" hasi behar dutela. Gainera, migrazio- eta harrera-politika egokiak hartzeko eskatu diete gobernuei eta erakundeei, "nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespeta ditzaten".

Marea Horiaren mobilizazioa, zapatuan. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko abuztuaren 21an - 07:53
Azken eguneraketa: 10:08

Plentzia eta Gorlizko hondartzak bandera eta ikur horiz beteta ikusi ahal izan dira zapatu eguerdian. Izan ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak deituta, “Erroldarik gabe, izaterik ez” lemaren pean, Marea Horia mobilizazioa egin dute udalerriotan. Eguerdiko 12:00etan elkartu dira Gorlizko Hondartzapeko arrapalan, eta, bertatik, hareatzara jaitsi dira. Bertan, zapiakaz eta pankartakaz kate bat egin dute, eta halaxe jarraitu dute Arkoteko arrapalaraino. Portua inguratuta, Plentziako Ontziola plazara joan dira eta, bertan, omenaldia egin diete desagertutako pertsona migratzaileei; ondoren, loreak bota dituzte itsasadarrera.

Ekintzaileek gogoratu dutenez, 2023ko edizio honetan, gurera etorri diren pertsona migratzaileentzat oso garrantzitsua den arazo baten berri eman gura izan du Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak: udal-erroldatzea. Azpimarratu dute udal-errolda ez dela paper bat bakarrik, “eskubide asko eskuratzeko sarrera-atea da”. Izan ere, erroldarik gabe, azaldu dute oso zaila dela osasun-txartela edukitzea erreferentziazko anbulatorioan edo adingabeen oinarrizko hezkuntzan sartzeko, baita Lanbideren ikastaroetara edo oinarrizko gizarte-prestazioetara sartzeko ere, zehaztu dutenez.

Are gehiago, deitoratu dute udal-erroldarik gabe ezinezkoa dela irregulartasun administratiboaren egoerari amaiera ematen dion egoitza lortzeko epeari hasiera ematea: “Pertsona askorentzat oso zaila da hori lortzea, baita ezinezkoa ere”.

Taldeko kideen arabera, Bizkaian, egoera irregularrean bizi diren pertsona gehienak ezin dira inon erroldatu, Administrazioak ez dituelako haien egoera zehatzak kontuan hartzen, baina "auzo eta herrietan bizi dira, eta udalek erroldatzeko betebeharra dute". Hori dela eta, udal guztiei eta Euskadiko Udalen Elkarteari (Eudel) eskatu diete protokolo bat abian jar dezatela udalerrian bizi diren pertsona guztien erroldatzea bermatzeko, gaur egun indarrean dauden baldintzengatik erroldatzerik ez badute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ongi Etorri Errefuxiatuak
Bilboko Segurtasun zinegotzia kargugabetzeko eskatu dute, kale saltzaileen aurkako Poliziaren “esku-hartze neurrigabea” justifikatzeagatik

Duela gutxi Bilboko Alde Zaharrean kale salmentan ari zirenen aurka Poliziak izandako esku-hartze “neurrigabe eta biolentoa” ikertzeko eta esku-hartze hori “legitimatu eta justifikatu” duen Amaia Arregi Segurtasun zinegotzia kargugabetzeko eskatu du... [+]


Euskal Herriko hainbat herritan kalean lo egingo dute harrera duina eskatzeko

Migratuen eta arrazializatuen kolektiboek eta elkarri laguntzeko sareek eta kolektiboek gau osoko kontzentrazioa deitu dute ekainaren 8an Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Barakaldo, Irun eta Artean, harrera duina aldarrikatzeko.


2022-05-25 | ARGIA
Parlamentuei eskatu diete Greziako errefuxiatu esparruetako haurrei Ukrainakoei bezalako harrera egiteko

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek ekimen bat abiatuko dute Euskal Herrira ekartzeko “baldintza oso ahuletan” dauden Greziako errefuxiatu kanpamenduetako haurrak. Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkartu dira, exijitzeko ume horiei berme eta... [+]


Eguneraketa berriak daude