"Pertsona guztiek libreki mugitzeko eskubidea izan beharko lukete; lekua dago denontzat"

  • Hilabete baino gehiago igaro da Ukraina eta Errusiaren arteko gerra hasi zenetik. Tarte horretan, milioika pertsonak ihes egin behar izan dute beren herrietatik biolentziatik ihesi. Hala, errefuxiatuen afera lehen lerroan jarri da berriro ere, eta horren inguruan gehiago hausnartzeko aritu gara Arantza Gutierrez Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideagaz.

Argazkia: Hiruka

2022ko apirilaren 21an - 09:00

Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren harira, badirudi gizartea kontzientziatu dela errefuxiatuak hartzeko beharraz. Zergatik orain eta ez lehenago?

Turkiako kostaldean Aylan ume siriarraren gorpua agertu zenean ere jendea nolabait kontzientziatu zen errefuxiatuak eta gerrak egon badaudela. Iazko udan ere, Afganistanen talibanek boterea berreskuratu zutenean, hango emakume eta neskekiko elkartasun itzela egon zen. Halako kolpeak daudenean, bat-batean, gizartea konturatzen da errefuxiatuak daudela.

Baina, Ukrainarekin zer gertatzen ari da? Bada, askok esaten dute, gaizki gainera, II. Mundu Gerraren ondoren Europan gertatzen ari den lehenengo gerra dela, eta, gertu dugunez, jendeak uste du hori gerta daitekeela hemen ere.

Horri lotuta, askotariko astakeriak entzun ditugu, kalean zein hedabide askotan: “gu bezalakoak dira”, eta mota horretakoak. Zer esango zenioke hori esaten duenari?

Bada, baietz; gu bezalakoak direla. Baina ez Ukrainako jendea bakarrik; Sirian, Afganistanen edota Albanian ere gu bezalako jendea dago, baita Senegalen ere; beltzak dira, baina gure berdinak dira!

Gu ere, euren moduan, hainbatetan joan behar izan gara kanpora, izan gerratik ihesi edo emigrante ekonomiko gisa. Adibidez, behin, emakume batek esan zidan bere semea Norvegiara joan zela lan bila, eta bertan emigrante moduan hartu zutela. Ez zuen ulertzen bere semea ere emigrantea zela; uste zuen europarra zelakoan beste modu batean hartu behar zutela, baina ez da hala. Arrazismoa oso sartuta dago gure DNAn.

Jendeak gurera etortzen direnekin hitz egin beharko luke, baita Senegaletik edo Nigeriatik etortzen diren gazteekin ere. Gehienak unibertsitarioak dira, edo goi mailako ikasketaren bat dute, eta, gutxienez, hiru hizkuntzan hitz egiteko gai dira. Gainera, ikasten daude hemen, batzuk euskaraz, beste batzuk gaztelaniaz, eta badago bietan ari dena ere.

Ukrainako errefuxiatuen harira, 2014tik dabiltza gurera asilo eske etortzen, Ukraina ekialdekoak batez ere. Hala ere, orain arte ez zaio “fenomeno” horri behar besteko garrantzirik eman...

Argi dago NATOk eta Europar Batasunak interesak dituztela bertan. Badirudi orain Ukrainako gerra “gure” kontra datorren zerbait dela: lehen zen ukrainarren arteko gatazka bat, bertako gizartearen talde zehatz baten kontrakoa, eta, nolabait, ez ginen horretan sartzen; baina, orain, badirudi Europaren oreka kolokan dagoela, eta, gainera, interes ekonomikoak ere badaudela, hala nola gasa eta zerealak. Orain artekoa urrun ikusten zen Europan, gure mugetatik kanpo dauden bezalakoak.

Dena dela, gogoratu beharra dago hauxe ez dela Europa barruan gertatu den lehenengo guda II. Mundu Gerratik; Bosniakoa hor dago, 90ko hamarkadakoa. Horretan ere “gu bezalakoak” ziren, eta Europa erdian izan zen, baina badirudi gatazka hori ahaztuta dagoela.

Beraz, zer gertatzen ari da? Nik uste dut interes zehatz batzuk daudela horren atzean. Gainera, komunikabideek badaukate horretan ardura bat: fokua leku batean jartzen bada, horixe besterik ez da ikusiko. Egia da gerra honetan jada ez dakigula zer den informazioa eta zer propaganda; kanal asko daude irekita, eta informazioa zein kontrainformazioa denon eskura dago. Ondorioz, desinformazioa da nagusi. Dena dela, badirudi Mendebaldeak etsai bat behar zuela, eta, orain, Errusia da hori.

Espainiako Barne Ministerioak baimen azkar bat jarri du martxan Ukrainatik datozen iheslarientzat. Zertan datza hori?

Baimena eskatzerakoan hemen bizitzeko eskubideak eskuratzen dituzte, etorri eta berehala. Beste herrialde batzuetatik etorritakoei asko kostatzen zaie hori, hainbat kontu frogatu behar dituztelako, hala nola hiru urte hemen bizi izana. Hala, ukrainarrak etortzen dira ia eskubide zibil guztien bermearekin eta, segurtasun juridiko horrekin, badakite inork ez dituztela kanporatuko.

Dena dela, gogoratu behar da hori bakarrik gertatzen dela emakume eta umeekin. Desertoreak, edo intsumisoak, ez dituzte barne hartzen horretarako. Izan ere, Ukrainan gizon guztiak mobilizatu dituzte, halabeharrez, eta horietako baten batek ihesi egiten badu, bueltatzen denean, seguruenik, kartzela- edo heriotza-zigorra ezarriko diote. Ildo horretan, nik uste dut inportantea dela hausnarketa bat egitea gerraren harira: zergatik pertsona batek ezin dio uko egin gerra egiteari?

Bestalde, orain konponduta dagoen arren, hasiera batean bakarrik babesa ematen zitzaien ukrainar nazionalitatea zutenei; hau da: Ukrainan bizi ziren kanpotarrak ez zeuden babestuta baimen honekin. Hala ere, orain Ukrainatik datozen emakume eta ume guztiak babestuta daude.

Zelakoa izaten ari da harrera Euskal Herrian?

Denetarik gertatzen ari da. Egia da gurekin ez direla ukrainar asko harremanetan jarri, baina badakigu zer-zelakoa izaten ari den egoera. Gurean, Euskal Herrian, urteetan egin izan zaie harrera Ukrainako umeei eta, hala, urtez urte uda aldean umeak hartutako familiek horiek hartu dituzte. Baina badaude beste kasu batzuk non etorri diren inolako babesik gabe. Jakin izan dugu hainbat kasutan bertotik igaro behar izan dutela gerora Bartzelonara joateko, eta, beraz, hemen pasa behar izan dutela gaua. Beldurrez, Ertzaintzaren laguntza behar izan dute aterpetxe batera joateko, Eusko Jaurlaritzak izatez prestatutakoa, baina, benetan itxita zegoela; ez zegoen operatibo. Orduan, beste leku batera eraman behar izan zituzten, baina, bertan ere, ezin izan zituzten hartu. Azkenik, pertsona boluntario batzuen artean hotel bat ordaindu zuten Donostian pertsona horientzako.

Hori adibide bat besterik ez da, baina halakoak gertatzen ari dira hemen. Eusko Jaurlaritzak propaganda asko egin du, aurreko aldi askotan egin duen bezala; esan dezake hainbat plaza daudela prest, baina, egiatan, ez da horrela izaten. Gainera, badaude hainbat pertsona beren kabuz Ukrainako mugetara joan direnak errefuxiatuak ekartzera. Egia da gero horiek erraz dutela sisteman sartzeko, baina gauzak ez dira edozein modutan egin behar; ziurtasun bat eman behar zaie iheslariei.

Horren harira, duela ez urte asko, hainbat ekintzaile Greziara joan ziren Siriatik ihesi zeuden pertsonak gurera ekartzeko. Kasu horretan, Espainiako Gobernuak euren kontra jo zuen pertsonen trafikoa egin zutelakoan...

Bai, halakoetan guztiz hipokrita da Gobernua. Eta gauza bera gertatzen ari da Irunetik Frantziara bidean emigranteak muga pasatzen laguntzen ari direnekin. Atxiloketak egiten ari dira, zailtasun izugarriak dituzte pasatzeko. Egia da, kasuotan, dirurik tartean ez dagoenean ez dagoela kondenarik laguntzaileentzako.

Azken egunotan espainiar Estatuko emigranteek sinadurak biltzen dabiltza euren egoera erregularizatzearen alde. Zertan datza egitasmoa?

“Erregularizazioa orain! Oinarrizkoak gara” deitzen da egitasmoa, eta egoera administratibo irregularrean dauden gizon-emakumeen baldintzak erregularizatzearen aldeko sinadura bilketa masiboa egiten ari dira. 500.000 sinadura bildu behar dituzte Legegintzako Herri-Ekimen (LHE) hori eztabaidagaia Espainiako Diputatuen Kongresura eraman ahal izateko.

Azken finean, migratzaileek beldurrik gabe bizi nahi dute, ezkutatzeko beharrik gabe. Orain, ukrainarrak etortzen ari dira eta berme guztiak dituzte, medikura joateko aukera dute eta baita ikasteko ere. Jendeak hori behar du; pertsona guztiek libreki ibiltzeko eskubidea izan behar dute, lekua dagoelako guztiontzako.

Ongi Etorri Errefuxiatuak taldetik zer irakurketa egiten duzue egoera honen guztiaren inguruan?

Gure artean Gerrarik Ez izeneko taldea dago, eta horretan egiten dugun irakurketa da gerraren kontrakoa. Ikusten ari gara nola gobernuek aprobetxatzen ari diren Ukrainako gerra armen aurrekontuak areagotzeko, eta horren kontra gaude zeharo. Oso kritikoak gara gerrarekin, eta ez dugu uste egokiena denik gerra elikatzea.

Era berean, ikusten ari gara geopolitikoki hainbat posizionamendu daudela, eta Europaren hipokrisia izugarria dela. Guk esaten dugu beti herrialdeen arteko mugak ireki behar direla, baina ez bakarrik europarrentzako edo zurientzako, baizik eta jende guztiarentzako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Eguneraketa berriak daude