Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

  • Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko apirilaren 30an - 08:30

Poliziak beste pertsona afroamerikar bat erail du Amerikako Estatu Batuetan. Oraingoan, Ohioko Canton herrian izan da hilketa: hainbat polizia-agentek apirilaren 18an hil zuten Frank Tyson izeneko gizonezkoa, baina oraintsu atera da argitara erailketa erakusten duen bideoa. Hiltzaileetako batek polizia-jantzian zeraman kamera batek grabatu zuen gertatutakoa.

Trafiko-istripu batetik ihes egin zuelakoan jazarri zuten Tyson Ohioko poliziek. Taberna batean zegoela, barrura sartu ziren eta lurrera bota zuten, buruz behera. "Ni hiltzen saiatzen ari dira!", oihukatu zuen Tysonek agenteek indarrez heldu eta bota zutenean. Eskuburdinak bizkarrean lotu zizkioten, eta, lurrean zegoela, lepoa estutu zion belaunarekin agenteetako batek.

8 minutu luzez izan zuten lurrean, eta gutxienez minutu erdiz ito zuen polizietako batek belaunarekin, Tysonek "Ezin dut arnastu" hainbatetan esan arren. Bitartean, pasatzen ziren pertsonekin bromak egiten aritu ziren agenteak, eta bere diru-zorroa miatu zuten.

Une batetik aurrera, Tysonek ez zuen erantzuten. Pultsua hartzen saiatzean eta ohartzean ez zeukala, hura nolabait suspertzen saiatu zen Polizia. Aipatutako kamerak jaso duenez, atxilotuak "Ezin dut arnastu" esan eta 5 minutura, polizietako bati galdetu zion ofizial batek ea Tyson "lasaitu" zen. "Hilik dago agian", erantzun zuen agenteak.

Ustez suspertzen saiatu ondoren, ospitalera eraman zuten Tyson. Bertan hil omen zen, hura eraman eta ordubete baino gutxiagora. 53 urte zituen. Oraingoz, hiltzaileetatik bi kendu dituzte euren polizia-postuetatik, behin-behinean behintzat. Gertatutakoa ikertzen ari omen dira.

1.000 hildako baino gehiago

Joan den martxoan atera ziren argitara The Associated Press-ek egindako ikerketa baten emaitzak. Horren arabera, azken hamarkadan, AEBetako Poliziak gutxienez 1.000 pertsona erail ditu horiek azpiratzeko esku-hartzeetan. Erailketa horietan guztietan, "hilgarriak izan nahi ez zuten bitartekoak erabili" zituzten poliziek; The Associated Press-ek modu horretan izendatzen du, esaterako, agenteek atxilotuak buruz behera jartzea lurrean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeriak
Irunen gizon bati eraso egin zion ertzaina kargutik kendu dute momentuz, gertakariak ikertzeko

Gizonezkoa kolpatu zuen ertzain agentea kargutik kendu dute kautelazko neurriekin, eta gertakariak ikertzen ari da Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitatea. Une hartan han ziren polizia agenteen jarrera ere aztertzen ari dira.


Ertzaintzak herritar bati Irunen egindako erasoak haserrea eragin du

Ostiral goizean sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus daiteke nola pertsona bat eztabaidan ari den udaltzain eta ertzain talde batekin. Une batean, ertzainetako batek zartako indartsu batekin lurrera bota du, eta ondoren, lurrean utzita joan dira. Bideoa Irungo San Migel... [+]


Mbolo Moye Doole plafatormak elkarretaratzea deitu du, manteroen aurkako arrazakeria eta indarkeria poliziala salatzeko

Plataformak salatu du indarra neurriz kanpo erabiltzen dela migratzaileen eta arrazializatuen aurka, eta saltzaile ibiltarien aurkako jazarpena etengabe egiten dela, batez ere turismo handiko garaietan, oporraldietan.

Manifestazioa egingo dute ostegun arratsaldean, 19:30ean,... [+]


2024-04-03 | ARGIA
Barakaldon udaltzainek izandako esku-hartze "neurrigabea" eta "arrazista" salatu dute

Hainbat herritarri suzko arma batekin tiro egin ostean bi pertsona zauritu zituzten udaltzainek, horietako bat larri, pasa den martxoaren 21ean, Barakaldon. Tirokatuak kalean bizi ziren magrebtar jatorrikoak izatea ez dela kasualitatea dio 77 elkartek sinaturiko adierazpenak:... [+]


Eguneraketa berriak daude