Pentsionisten martxak Madrilera bidean dira

  • Beren aldarrikapenak daramatzate Espainiako hiriburura. Urriaren 15ean iritsiko dira, eta 16an mobilizazioa egingo dute. Mobilizazioarekin bat egin dute pentsionisten 250 plataformak.


2019ko irailaren 24an - 10:02
(Argazkia: Ecuador Etxea)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bilboko Arriaga plazatik abiatu ziren astelehenean 30 pentsionista, Madrilerantza. 400 kilometroko ibilbidea dute aurretik, eta helmugara urriaren 15ean heltzea dute asmo. Bidean elkartasuna aurkitzea espero dute, Luciano Gomez Lukik Berriako kazetari Lander Muñagorri Garmendiari esandakoaren arabera: “Igarotzen dugun herrixka, hiri edo errepideetan elkartasuna topatzea espero dugu; hori izango da Madrilera iristeko beharko dugun erregaia”.

Bilbotik nola, Rotatik (Andaluzia) ere abiatu da pentsionisten beste martxa bat. Urriaren 15ean bat egingo dute Madrilen, eta mobilizazioa egingo dute biharamunean, urriaren 16an. Dagoeneko hainbat dira mobilizazio deialdiarekin bat egin dutenak: Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako pentsiodunen 250 plataforma atxiki zaizkio deialdiari.

Espainiako Gobernuari helaraziko dizkiote beren aldarrikapenak, eta bide horretan ez dute oztopotzat gobernurik ez izatea. Javi Martinez pentsionistak Berriari eskainitako adierazpenen arabera, “ez dago aitzakiarik pentsioak eguneratu ez ditzaten; gu hilero ari gara gure zergak ordaintzen, eta horregatik ez dugu atzera pausorik emango alde horretatik”.

Atzoko borroka moldeak eguneratuz

Orain urte batzuk erabilitako borroka moldea berrerabili nahi izan dute honako honetan: 1992ko Burdinaren Martxaren ideiatik tiraka sortu da Madrilera martxa. Bizkaiko Labe Garaien eta Asturiasko Ensidesaren itxieraren aurka, Burdinaren Martxa egin zuten siderurgiako langileek orain 27 urte; orduko hartan ere bi zutabe abiatu ziren Madrilera, eta bertan bat egindakoan mobilizazioa egin zuten.

Burdinaren Martxarekin langileek beren helburuak ez zituzten lortu, milaka lanpostu suntsitu baitziren. Baina oihartzun mediatikoa lortu zuten, eta oihartzun hori berriz eman dadin espero dute, baita helburuak lortzea ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023ko azaroaren 16
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.