Emakumeak borrokan

Pape Niangen historiak hasiera berri askoren atea irekitzen du

  • Asteazken honetan Pape Niang: hasiera berri bat liburuaren Bilboko aurkezpenera joatea zortea izan da. Liburuko protagonista den Pape Niang hizketan entzun dugu, baita Bizkaiko Harrera Sarearen izenean hitz egin zuen Marta Abiega ere, liburua idatzi duen Mikel Garcia ARGIAko kazetariarekin batera. Zortea izan da, abagune aparta izan delako muturren aurrean daukagun errealitate bati begiratzeko eguneroko bonbardaketa mediatikotatik atera daitezkeen irakurketa partzial eta erosoak gaindituz.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2019ko ekainaren 06a
Mikel Garcia, Pape Niang eta Marta Abiega asteazken honetan liburuaren aurkezpenean (argazkia: Eneritz Arzallus).

Irakurketa partzialak, irakurketa erosoak eta zergatik ez aipatu, irakurketa xenofoboak ere bai, horiek ere ez baitira falta eskuin muturrak ordezkari politikorik lortu ez duelako paparra harrotzeko tentazioa izan dezakeen herri honetan: auto-pilaketa handi samarra Bilbora iritsi aurretik; errei bat ixten zuen matxuratutako kotxearen ondotik pasa gara noizbait, eta berandu ez iristeko abiadura pixka bat hartu dugu; baina Bilbo, gauza jakina da, ez da presaz gidatzeko hiri aproposa eta gure aurreratze mantsoan kaleko hormak irakur ditzakegu. Denda baten pertsianan “etorkin gehiegi” eta ez dakit zer gehiago dio pintada batek, euskara garbian.

Pentsatzen dut letra horiek idatzi dituen margolari zuria ez zela egongo Bilboko Bira espazioan egin genuen liburu-aurkezpenean eta pena da, izan ere, Woody Guthrieren gitarrako mezua parafraseatuz, liburu honek, eta asteazkenekoa bezalako aurkezpenek, faxistak akabatzen dituzte gertakizunen indarrez. Pape Niangek kontatzen duenaren gogortasuna: duela hamar urte iritsi zen Bilbora Senegaldik. Zehatzak izateko, Senegaldik Mauritaniara joan zen, handik Marokora, handik Espainiara, handik Herrialde Katalanetara, eta handik Euskal Herrira. Eta ez da debaldekoa gurutzatutako herrialde bakoitza aipatzea: muga bakoitza pasatzean aldean zeraman guztia galdu zuen, hondoa jo, zerotik hasi, lan eginez altxa eta hurrengo jauzia prestatu.

“Esplotazioa” eta “umiliazioa” dira ibilbide hori deskribatzeko darabiltzan hitzak. “Sufrimendua” ere bai. “Egiten dizuten guztia ontzat eman behar duzu egoera horretan zaudenean, hurrengo pausoa eman nahi baduzu behintzat”, esplikatu du, nagusiki bera bezalako bizipenak izan dituzten lagunez osatutako publiko baten aurrean. Izan ere, liburukoa bere historia da, baina emigrazioaren bidea hartu duten beste askorena ere antzekoa izan daiteke, hala dio Niangek; eta horregatik animatu da bere biografia Mikel Garciari kontatzera. “Ez dut hau kontatu Pape liburu baten azalean agertzeko. Mezu bat helarazi nahi nuke, gogoeta bat bultzatu, batetik Afrikako agintariei zuzendua eta, bestetik, hartu gaituzten herriei”.

ARGIAren Azokan eskuratu dezakezu Pape Niangen historia jasotzen duen liburua.

Sahara azpiko herrialde batetik datorren pertsona baten migrazio-prozesua beste herrialde batzuetatik datozenen aldean gogorragoa dela dio, kategoria desberdinak daudela migratzaileen artean ere, eta beraiei askoz gehiago kostatzen zaiela lan duinak lortzea, bizimodua aurrera ateratzea. “Inork nahi ez dituen lanak egiten ditugu”, esplikatu du. Nahi luke jendeak ulertzea gizakiak direla, pertsonak; gaitasun handiak dauzkatela eta horiek hemen praktikan jartzeko gogoz daudela bera eta beste asko. Ez dutela eskean ibili nahi, lan eginez bizi baizik.

“Gurea den zerbait jarri nahi genuen martxan, horregatik sortu genuen Mbolo Moye Doole proiektua, gure integrazioa bilatzeko”, dio Niangek. Egitasmo horrekin pauso bat aurrera eman dute, beren burua antolatu eta beraiek kudeatutako kooperatiba martxan jartzeko hazia erein. “Ez dago Euskal Herrian proiektua aurkezten aritu ez garen lekurik: ez gara gure nukleotik atera gabe geratu. Orain Arteagan ari gara batzuk, sei hektareako lur-eremu bat lantzen. Jendeak integraziorako bultzada pixka bat eta kontsiderazioz tratatua izatea besterik ez du behar”, adierazi du. 

Erreportaje batekin hasitakoa nola bihurtu zen elkarlan

Egitasmo horri esker ezagutu zituen Mikel Garcia ARGIAko kazetariak. “2018ko apirilean Bilbora etorri nintzen erreportaje bat egitera”, azaldu du. “Kontua da erreportaje hori harreman baten abiapuntu izan zela: Bilbok hainbat senegaldarrek osatutako Mbolo elkartearen eta ARGIAren artean. Eta elkarlan horretatik sortu zen Inor ez da ilegala proiektua”. Bi egitasmoak, euskarazko hedabide hau eta Mbolo elkartea ekonomikoki indartzeko, kamisetak atera ziren euskaraz eta wolofez, baita gero poltsak ere. “Eta bide horretan Pape ezagutu dugu, Mbolo elkarteko lehendakaria. Eta kasik modu naturalean, urrats bat gehiago izan da liburua ateratzea. Inor ez da ilegala proiektua eta aldarrikapena bultzatzen segitzeko. Kasu honetan, liburu bakoitzaren salmentatik lortutako diru zati bat gordeko da gero liburua wolofez ateratzeko eta liburua migratzaileen artean doan banatzeko”.

Nobela baten modura irakurtzen da Niangen bizitza liburuan. Haren bidaia ez dela bakarrik fisikoa izan nabarmendu du Garciak, barne-bidaia ere izan dela, munduarekiko duen begiradan nabarmen eragin diolako migrazioak. Bere bizitzako pasadizoen artean gai ugariz mintzatu da, besteak beste Afrikako bizimoduan zer eragin eta ardura daukan Europak; neokolonialismoak, politikariek eta multinazional handiek duten boterea; nola ikusten den Afrikatik Europa eta, alderantziz, nola ikusten den Europatik Afrika; zer esan nahi duen migratzailea eta beltza izateak gure gizartean, zenbat ate ixten dizkizun azalaren koloreak eta zein ezberdin kokatzen zaituen munduarekiko; elkartasuna eta paternalismoaren artean dagoen diferentzia; eta hango edo hemengo izan, zein ekarpen egin diezaiokegun elkarri.

Biografia bat da, kronika bat, saiakera bat, historia pertsonal batetik gizarte osoa interpelatu behar lukeen auzi honi buruzko ikuspegia aldatzen hasteko balio dezakeen kazetaritza lana.

Zer egin dezakegu, zer egiten ari gara

Herritarren artean ikuspegi-aldaketa bultzatzea izan da Bizkaiko Harrera Sareko Marta Abiegaren hitzaldiaren ardatza: Boaventura de Sousaren hitzak hartuz, urgentea eta garrantzitsuaren arteko bereizketa egitearen premia aldarrikatu du, Euskal Herrian eta zehazki Bilbon azken urtean bizi izandako egoerak eta emandako erantzunak aletuz. Iazko udan argazkia zein zen esplikatu du: Espainiako Estatura immigratutako ehunka lagun utzi zituzten Bilboko autobus geltokian eta noraezean zeuden. Eta Euskal Herrian badauden arren migratzaileekin edo errefuxiatuekin lan egiten duten entitateak, ez ziren egoerari erantzuteko gai izan. Erakunde publikoak desagertuta zeuden, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Abiegaren esanetan, zerbitzuak eskaintzeko daude, baina ez daukate horrelako larrialdi egoera bati aurre egiteko behar den ekintzailetasunik.

Eta beraz, “jendea egoerarekin aurrez aurre” jartzea erabaki zuten: “Helburua ez zen bakarrik egoera puntual horri erantzutea, sarea osatzea baizik”. Erakunde publikoek eta gizarte-eragileek elkarri pilota pasatzen zioten bitartean, kalean zegoen jendea hartzeko eliza bat lortu ahal izan zuten, baita Santutxuko Karmela ere. Auzoak jarri zituzten martxan, instituzioen zain egon gabe, harrera modu autogestionatuan antolatzen saiatzeko eta etorri berriek beren burua ahalik eta modurik autonomoenetan antolatu ahal izateko –besteak beste, egunero asanblada bat antolatzen zutela azaldu du, komunikazio-esparru gisa funtzionatu zuena batez ere, egoerak asko zailtzen zuelako bildutakoen arteko harremanak guztiz horizontalak izatea–. Harrera egin bitartean protestak ere antolatu zituzten eta horien ondorioz hasi ziren erakundeak urrats txiki batzuk ematen.

Zurrunbilo betean bizi izandako hilabete horietatik hainbat ondorio atera ditu Abiegak: “Matxismoa bezala, arrazakeria ere hemen dago, gure artean: hitz egiteko erak, etnozentrismoa, susmoak, mesfidantzak…”. Eta kasu honetan ez da ari pintaketa arrazistak egiten dituen jendeaz, laguntzeko asmoz joaten denak ere barneratuta dauzkan kode kulturalek dakartzaten trabez baizik. “Ez gara fidatzen, ez ditugu haien erabakiak errespetatzen. Askoz gehiago entzun behar dugu eta gutxiago epaitu”.

Lagungarriak izan daitezkeen ekintza konkretuez aritu zen Abiega hitzaldiaren amaieran eta azpimarratu zuen migratu duten pertsonak etxean erroldatzeak, adibidez, ehunka lagunen egoera hobetuko lukeela. Bultzada txiki bat besterik ez, Niangek esan bezala, etorkizunean hasiera berri baten ordez hasiera berri asko kontatu ahal izateko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Inor ez da ilegala  |  Liburuak  |  ARGIA  |  Bilbo

Inor ez da ilegala kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude