Pablo Malo: “Lasa eta Zabalaren historia modu errealistan kontatu nahi dut”

  • GALek 1983an bahitu, torturatu eta hil zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabalari buruzko filma grabatzen hasiko da Pablo Malo zuzendari donostiarra datorren urtean. Alberto Moyano kazetariak elkarrizketa egin dio Diario Vasco egunkarian, eta galdera-erantzun batzuk euskaraturik jaso ditugu hemen.


2013ko uztailaren 30ean - 07:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
"Badakit historia geroz eta sinesgarriagoa izan, are mingarriagoa izango dela". (Argazkia: esthergala1.com)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gidoiko elkarrizketak diskurtsoan erortzeko beldur al zara?

Bai. Lasa eta Zabalaren senideekin elkartu ginenean, semeak edo anaiak ez dituztela ezagutuko esan nien, ezinezkoa delako. Ez aktoreen itxura fisikoagatik, ezta haien hitz egiteko moduagatik eta keinuengatik ere. (…) Joanes Urkixo gidoilariari eta niri gustatuko litzaiguke bi familiek euren ekarpenak egitea, jakinik hau fikzioa dela eta sekula ezin izango zarela errealitatera hurbildu, ezta nahi ere, kontatzera zoazena 1983an gertatutako historia oso basatia delako. Ahalik eta gehien hurbiltzen saiatuko gara.

Familiek nola erreakzionatu zuten filma egingo zela jakin zutenean?

Sentipen nahasiekin, nire ustez. Batetik, gauza hain mingarria gogora ekartzeak dakarren ezinegonarekin. Eta bestetik, jendearen memoriatik urruntzen doazen baina haiek betiko biziko dituzten gertaerak oroitu ahal izango direlako esker onez. (…) Senideetako batek esan zigun ongi iruditzen zitzaiola filma egitea, baina ez duela ikusteko asmorik. Kezkatu egiten nau benetan gertatutako historia kontatu beharrak eta protagonistek senideak dituztela jakiteak. Hau ez da The Sopranos-en atal bat, benetako zerbait baizik. Senideei esan nien ez nituela torturak saihestuko, kontatu beharreko zerbait direlako. Ekarpenik egiten ez duen indarkeriaren pornografia ez dut gustuko, baina kasu honetan historiaren parte da eta kontatu egin behar da. (…) Historia errealista egin nahi dut. Badakit geroz eta sinesgarriagoa izan, are mingarriagoa izango dela.

Panfletoan erortzeko arriskua egon liteke…

Ihes egin nahi dut ihes horretatik. Ez dut zintzoen eta gaiztoen filma egin nahi. Karikaturan erortzea litzateke, eta ez da justua. Oso argi daukat kasu honetan noren alde nagoen.

(…)

ETAko kide izateagatik Lasak eta Zabalak jasandakoa merezia zutela diotenengandik oso urrun sentitzen naiz. Aberrantea iruditzen zait. Era berean, basakeria iruditzen zait PPko kide zein polizia izateagatik edo udaletxean lan egiteagatik inork tiroa merezi duela pentsatzea. Muturrera joateak ez dio inori mesede egiten, baina kasu honetan oso argi dut basakeria izan zela, eta halaxe kontatuko dugu.

Krimenak egin zituzten pertsonen bertsioa jasotzea gustatuko al litzaizuke?

Asko. Baina oraindik ez gara horretan jarri. Gustatuko litzaidake jakitea nola hel daitekeen horretako zerbait antolatzera, eta nola prestatzen zaren gauza hain izugarria egiteko.


Zinema kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Berriketa gutxi
Tripako minez

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...