Ozeanoaren soinua aldatzen ari da

  • Itsasoko giza jardueren eraginez, ozeanoaren soinua aldatzen ari dela diote zientzialariek.

Ikertzaileek diote Antropozenoan giza jardueren soinua zabaldu dela ozeanoan (Argazkia: Jana Winderen)

2021eko otsailaren 10an - 08:55

Soinua funtsezkoa da itsasoko ingurune sentsorialean, soinua baita ozeanoko uretan urrutien bidaiatzen duen seinalea. Itsas animalia askorengan oinarrizko zentzumena izanik, giza jardueren zaratak nahasmen handia sortzen duela diote ikertzaileek. Arduragabekeriatzat jo dute oraindik ez egotea itsasoko zarata antropogenikoaren trantsizioa sustatzeko legedia sendorik, eta nazioarteko hitzarmen lotesleetan kutsadura akustikoa mugatzeko eskatu dute.

Soinuaren bidez itsas ingurunea interpretatzen dute animaliek. Izan ere, argia edo edozein konposatu kimiko baino urrutiago eta sakonago iristen da soinua. Ingurua esploratzeko baliatzen dute, nabigatzeko, ehizatzeko, talde-kohesioa sortzeko, lurraldea babesteko, heriotz-oihuak zabaltzeko eta gertuko zein urrutiko kideekin komunikatzeko; beren espeziekoekin zein beste espezietakoetakoekin.

Atlantikoko bakailaoek eta meroek taldea bildu eta arrautzak erruteko lanak koordinatzeko erabiltzen dituzte soinuak. Izkirek "klaska" soinua sortzen dute harrapakinak zorabiatzeko, izkira-kolonia trinkoak dituzten kostaldeko habitatetan "kraskada" soinu indartsuak entzuteraino. Izurde, kaxalote eta mazopek sonar-sistema sofistikatuak dituzte, ur azpian harrapakinak ekokokatu eta jazartzeko. Arrezifeetako ornogabeen larbek paisaia horietako soinuak entzuten dituzte, non finkatuko diren aukeratzeko. Eta balea konkordun arrek abesti konplexuak kantatzen dituzte, eskualdeko dialektoan, ugalketarako beren gaitasunaren erakustaldi gisa. Kantu propioa du itsasoko ekosistema bakoitzak.

Giza ozeano zaratatsuak

Antropozenoaren hasierarekin, ordea, giza jardueren soinu kirrinkaria zabaldu da ozeanoan: petrolio eta gas-biltegiak detektatzeko azterketa sismikoek energia altuko, frekuentzia baxuko eta iraupen motzeko soinu etengabeak sortzen dituzte; itsas hondoa eskaneatzeko zundek, frekuentzia altuko soinuak; militarrek frekuentzia askotariko sonarrak erabiltzen dituzte urpeko ontziak detektatzeko; itsasoko haize-parkeak eraikitzeko zulatze-lanak eta turbinen zaratak nagusi bihurtzen dira hainbat txokotan; are gehiago, itsas garraioa 32 aldiz biderkatu da azken 50 urteetan, eta itsasontzien zarata nabigazio-bide nagusietatik urrun hedatzen da.

Zarata antropogenikoak ozeanoaren berezko soinuak —biofoniak eta geofoniak— aldatu ditu: zarata berriak sortu ditu toki askotan, eta, bestetan, itsasoaren berezko kantua desagerrarazi du, animaliak desorientatu eta tokiz mugiarazi egiten baititu, koral-arrezifeetako ekosistemak hustuta, esaterako.

Azken lau hamarkadetako ikerketa zientifikoa aztertuta, zarata antropogenikoak itsas ugaztunei, arrainei, ornogabeei eta hegaztiei kalte egiten diela erakusten duten froga sendoak daudela ondorioztatu du Science aldizkariak argitaratutako review batek. Animalia batzuk badira gai sortzen dituzten soinuen frekuentzia aldatzeko, kideek entzun ditzaten, baina beste askorengan entzumena erabat baldintzatzen du, eta aldaketa fisiologiko eta portaerazko esanguratsuak eragiten ditu; adibidez, ornogabeen larbak gune desegokian finkatzen dira antropofoniaren ondorioz, eta kolokan jartzen da animalia helduen bideragarritasuna.

Hemen entzun daitezke ikertzaileek ozeanoan grabatutako hamaika soinu: arrainek, ugaztunek, krustazeoek, intsetuek, izotzak, urak eta baita gizakiek sortutakoak ere.

Bada neurriak hartzeko garaia

Lanaren egileek ondorioztatu dute premiazkoa dela itsasoko zarata antropogenikoaren ebaluazio sistematikoa egitea, CO2-aren igorpenarekin eta jariatutako kutsatzaile organikoekin egiten den bezala; bestelakoan, datu sistematikoak izan ezean, ez ikusiarena egiten baitzaio arazoari. Gainera, gogorarazi dute beste kutsadura-iturri batzuk ez bezala, soinu-iturria kendutakoan, zarata antropogenikoak ez duela irauten ingurumenean; hortaz, hartzen diren neurriek efektu positibo ia berehalakoak izan ditzakete.

Hala irudikatu dute etorkizuna, hartzen diren neurrien arabera:

 

 

 

Arg. Kaust, Xavier Pita, Science aldizkaritik moldatua.

 

 

 

Badira itsasoko industriak zarata arintzeko har ditzakeen irtenbide teknologikoak, baina ez dira nahikoa, ikertzaileen ustez. Goraka doa ozeanoan oinarritutako ekonomia, eta 2030erako munduko barne produktu gordinari egiten dion ekarpena bikoiztuko dela aurreikusten da. Hortaz, Soinuaren Nazioarteko Urtea den honetan, zarata antropogenikoa legeen bidez mugatzeko eskatu dute. Ez herrialde mailako legeetan soilik; areago, beharrezkoa jo dute nazioarteko hitzarmen lotesleetan ere kutsadura akustikoa mugatu behar dela diote.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zientzia
Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Eguneraketa berriak daude