Osakidetzan ordezkoen falta arazo: ordutegian murrizketak eta lan-baldintzetan atzerapausoa

  • Lehen arretako zerbitzuetan ordutegi murrizketak egin ditu osasun publikoak hainbat zentrotan. Bestalde, Basurtuko ospitalean kontziliaziorako arazoak izaten ari dira fakultatiboak.


2019ko uztailaren 11n - 08:43
Gasteizko Lakuabizkarrako zentroa da kaltetuetako bat (arg.: GGB arquitectos)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Uda sasoia iritsi da eta Osakidetzak bere arreta zerbitzua murriztu du, bere webgunean ohar bidez iragarri duenez. Landa eremuko kontsultategietan eta Etengabeko Arreta Guneetan eragingo du neurriak "arreta hori bateragarri egiteko asistentziaren eskaera txikiagoarekin eta langileen oporretako atsedenaldirako eskubidearekin", dio oharrak. Osakidetzak nabarmendu du "urtero" egin ohi dela murrizketa.

Halabaina, LABek salatu du zentro ugaritan ateak arratsaldeko 20:00etan itxi beharrean, 17:00etan edo 15:00etan itxiko dituztela eta "aldebakartasunez eta arduragabekeriaz" jokatu duela. Sindikatuaren esanetan, Osakidetzak ordezkapen faltarekin argudiatzen du murrizketa, baina hiru greba egun eragin dituen egoerari aparteko orduak ordainduz erantzun diela: "Hori da EAJ-ko buruzagiek, langileon lan agenda onargarriak antolatzeko aldarrikapenari emandako erantzuna".

Ugari dira ordutegia murriztuko duten zentroak. Gasteizen esaterako, Hala Bedik idatzi duenez "periferiako" arreta guneak izango dira kaltetuenak, hala nola Zabalgana, Aranbizkarra edo Zaramagako anbulategiak.

Kontziliazio arazoak Basurtuko ospitalean

Ordezko faltak langileei ere arazoak sorrarazi dizkiete uda honetan. Basurtuko Ospitaleko Anestesiologia eta Bizkortze zerbitzuetako hainbat fakultatibori kontziliaziorako neurriak ukatu dizkie Osakidetzak, ELAk adierazi duenez. Seme-alabak zaintzeko eszedentziari ezezkoa eman die, "ordezko nahikorik ez duten aitzakiatan".

Sindikatuak gogorarazi du Osakidetzako langileen %80 emakumeak direla eta, zentzu horretan, halako erabakiek genero-desberdintasunean sakontzen dutela: "Osakidetzaren benetako apustua baldin bada emakumeekiko diskriminazioa bere ardurapeko esparruan ezabatzea; orduan, lehenengo, egunero hartzen dituen erabaki batzuk diskriminazio-egoeren sorrarazleak direla jabetu behar da –dio ELAk–; eta, bigarren, horrelako erabakiak eta enplegu-politikak errotik aldatu behar ditu".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Murrizketak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!