"Osasun publikoa akabatuko dute, zuzenean"

  • Herritarrok osasun sistema kolapsatuko den beldur bizi gara pandemia hasi zenez geroztik. Itxialdi garaian eten zen osasun publikoaren ordura arteko martxa, eta abenduaren 7 honetan berriro iragarri du Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak Lehen Mailako Arretako osasun-kontsulta guztiak atzeratuko dituela Osakidetzak, "aparteko larritasunik ez badute". Baina COVID-19 gaixotasuna norberak bere etxean sartuta eta inongo medikuk ikusi gabe pasatzen badu, eta larri daramatenak zuzenean ospitalera joaten badira, zer lanekin ari da Lehen Mailako Arreta kolapsatzen pandemia hau?


2021eko abenduaren 15an - 08:31
Azken eguneraketa: 09:36

Osasun publikoan ari den familia mediku batengana jo dugu galdera hauen erantzun bila. Neurri batean, pandemia kudeatzeko moduak ekarri du anbulategien kolapsoa: “Pandemiaren kudeaketarekin lotutako kolapsoa saihesteko hainbat bide badira baina hasieratik baztertu dituzte. Adibidez, pandemia hasi zenean, 2020an, konfinamendua baino lehen, mediku batzuoi bururatu zitzaigun gaixo kronikoak (bihotzeko arazoak, biriketako arazoak eta abar dituztenak) ziren langileak dekretu baten bidez lanetik salbuestea. Hau da, langile hauek baja hartuta etxean geratzea zela onena, eta jarraipen hori laneko mutuek egitea. Azkenean nola-hala lortu genuen, baina geroago, ERTEak onartu zirenean”. Gobernuak laneko bajak mutuatara bideratzeak Lehen Mailako Arretaren gainkarga arindu dezakeela adierazi du: “Pandemia batean, dekretu baten bidez proposa dezakezu hori laneko mutuen bidez egitea. Horrela deskolapsatuko litzateke hein handi batean Lehen Mailako Arreta, egunero ari bainaiz dozenerdi alta eta dozenerdi baja ematen; horiek 10-12 kontsulta administratibo dira, denbora asko kentzen dutenak. Horiek mutuek egin ditzakete baina ez dute egiten. Horrek zer dakar? Osasun arreta kolapsatzen dela: une honetan jende asko daukagu konfinatuta eta horietako asko langile aktiboak dira eta horiek lanerako aldi baterako ezintasuna behar dute (baja alegia)”.

Behar beste aztarnari ez egoteak ere sortzen du anbulategien kolapsoa: “Egun, aztarnarien lana ia-ia erizainak egiten du. Katarroak, mantarrak, horrelako kontsultak erizainari bideratzen dizkiot, berak antigeno edo PCRak eskatzen ditu eta negatibo edo positibo denaren arabera prozedura ezberdina aktibatzen da. Kate luze bat da, lan karga handia eragiten duena. Aztarnari kopuru egokia egongo balitz, guk ez genuke lan hori egin beharko. Aztarnari lana Lehen Arretatik kenduta, guk osasun arreta ematen zentratu ahalko genuke. Eta noski, COVID-19a duten gaixoen jarraipena guk egingo genuke”.

Medikuen agendak blokeatuta abenduaren 20tik urtarrilaren 10era arte

Medikuak azaldu du lanez lepo dabiltzan garai honetan, medikuaren agenda askotan medikuak berak kudeatzen duela, horrela administrariari lana kentzeko: “Gaixoaren izena sartzen dut nire agendan, horrela gaixoak ez du deitu behar, berari ez dio inork deituko, gaixoa ez da inongo mostradorera joan behar hitzordu eske... Denbora pila aurrezten da, eta gaixoaren jarraipena ongi egiten da”.

Jarraipena behar duten gaixoen hitzorduak dira medikuak zuzenean agendan sartzen dituenak, ongi ezagutzen baitu bere herritar bakoitzaren beharra: “Adibidez, laneko bajekin, aldi baterako ezintasuna ematen diozu eta hitzordua ematen diozu hurrengo asterako. Edo sintrom bat, ahotikako antikoagulatzaile bat hartzen duenari hurrengo asterako eman nahi diozu hitzordua. Edo bihotz gutxiegitasun akutu bat daukan pazientea artatzen duzu kontsultan baina nahiago duzu bi egun barru edo datorren astean berriz ikustea”.

Baina abenduaren 13an saiatu zen mediku hau gaixoei hitzordua sartzen bere agendan, eta ikusi zuen agenda blokeatuta zegoela abenduaren 20tik urtarrilaren 10era arte. Ordenagailuak berak esaten dio: “Agenda blokeatuta dago”. Nola ulertu hori? Medikuaren hitzetan, “pentsatzekoa da asmoa dela kolapsoa saihestea, baina horrek ikaragarri mugatzen du Lehen Mailako Arreta, medikuak ezin duelako bere agenda antolatu, beraz, kaosa etorriko da eta loteriazko edo ausazko osasun arreta izango dugu: abenduaren 20an goizeko 8:00etan anbulategira deitu eta berari telefonoa hartzeko zortea duenak hartuko du hitzordua. Eta beste aukera, telefonoz aplikazio informatikoaren bidez txanda hartzea da, baina zaila da eta horrek arrakala digitala sortzen du: koberturak laguntzen dionak eta teknologikoki abila denak hartuko ditu, eta adinekoek ez dute gazteek bezainbeste gaitasun. Telefonoz deituta edo interneteko aplikazioarekin, bi modutara, oso zaila izango da hitzordua hartzea. Ezingo duzu aldez aurretik antolatu, egunean egunekoa izango da. Horri irisgarritasuna deitzen zaio eta kalitatearen oinarrietako bat da. Irisgarritasunik ez badago, hau da, gaixoak ezin badu garaiz eta era erraz batean dagokion osasun arreta eskatu, ez dago osasun arretaren kalitaterik. Hori gaixoei harresi edo muga handi bat jartzea da”.

Bi astez ohiko analisiak etenda, laborategiak gehienbat COVID testentzat

“Medikuoi jakinarazi zaigu hurrengo bi asteetan mesedez gaixo kronikoen kontrolerako ohiko analisiak ez egiteko, sistema ez dadin kolapsatu”, iragarri du. PCR edo antigeno test bakoitzak atzetik duen lan katea azaldu du: “Lagin bat analizatzeko behar duzu lagin hori erizain batek ateratzea; lagin hori garraiatzea; eta laborategian teknikariek aztertzea. Hemen ere beste korapilo bat sortzen da, laborategien gaitasuna eta laborategiko teknikarien kopurua mugatua baita, ez infinitua. Egunero ari bagara PCRak eta antigenoak egiten, horrek ere mugatzen du beste prozedura batzuk egiteko gaitasuna, erizainak eta laborategiko teknikariak horretan buru-belarri ari direlako. Arazo hau gainditzeko aukera bat litzateke, laborategiko teknikari gehiago kontratatzea”.

“Egun ez da ohiko Lehen Mailako Arreta egiten”

“Honen guztiaren ondorioz, ez dugu ohiko Lehen Mailako Arreta egiten. Hau da, gaixo kronikoak artatzea (diabetikoak, hipertentsoak eta abar), gaixotasunaren prebentzioa eta osasunaren sustapena ez dira egiten. Minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteko ere zailtasunak ditugu eta hori oso garrantzitsua da. Horretarako, jendea kontsultara etortzea behar dugu, bere kezkak eta arazoak azaltzera, guk aurrez aurre aztertzea (hori telefonoz ez dagoelako egiterik), eta proba osagarriren bat behar bada eskatzea”, esan du modu mingotsean medikuak.

Konfinamenduaz geroztik kolon ondesteko minbiziaren baheketa etenda egon dela ere azaldu du: “Urtean behin edo bi urtean behin egiten da, 50 urtetik gorakoei, gorotzetan odol ezkutua topatzeko. Laginak hartzen dira eta laborategira bidaltzen dira, eta positiboa bada prozesu bat abiarazten da eta kolonoskopia egiten da. Konfinamendua etorri zenean, banituen hiru gaixo proba horretan positibo eman zutenak eta eten egin zitzaien eta kolonoskopia hilabete batzuk geroago egin zitzaien. Ez da txantxetakoa, horrelako baheketa programak hil ala bizikoak dira”.

Honela biribildu du medikuak, telefonoz egin diogun kontsulta: “Egungo egoeran ezin dugu prebentzio lana eta gaixoen jarraipena egin, edo egitekotan, boluntarismotik edo inplikazio handiarekin egin behar dugu. Ez dago aztarnaririk, bajen prozedura ez da era egokian kudeatu, ez dago kontaktuen jarraipen egokirik denboran... Eta honek gainezka egin du. Baina hauek pandemiaren arazo puntualak dira, badira oinarrizkoak diren beste arazo batzuk, pandemia baino askoz lehenagokoak, konpondu ez direnak”.

Biharko eman digu medikuak hitzordua, osasun publikoan kronifikatutako gaitz horiek aztertzeko. Izan ere, herritarrei mezu hau helarazi die: “Edozeinek osasun arreta behar duenean, bere ahalegin guztiak eginda lortu behar du bere medikuarekin egotea edo erizainarekin hitz egitea, larrialdia izan edo ez. Izan ere, zer da larrialdia? Txizako infekzio bat, adibidez, mugatzailea da, oso gaiztoa, eta logikoena da osasun arreta behar izatea, eta hori telefonoz konpondu daiteke, antibiotiko bat errezetatuko dizute. Hori ez da larrialdi bat, hori gure eguneroko lana da. Hori ez da ospitalera joateko motiboa, hori familia medikuok egin behar duguna da. Berdin orkatila bihurritu baduzu, gaixotasun kronikoen jarraipena... Edo egun botiken errezetak osasun txartelean egoten dira, eta botika bat jasotzeko epea bukatu bazaizu eta luzatzea behar baduzu medikuarekin hitz egin behar duzu beste epe baterako luzatzeko”. Pandemia edozer justifikatzeko aitzakia izan daitekeela eta herritarren otzantasuna saihestu behar dela ohartarazi du: “Jendeak ez badu protestatzen, desagerraraziko dituzte aurrez aurreko kontsultak espezialistarekin, eta beste hainbat gauza. Jendeak harrituta ikusten du nola dauden Madrilen osasun zentroak, bada Madrilgoa bost urte baino lehenago hemen gertatuko da. Horretara goaz, edo AEBetako eredura, non edo zure lanean duzun osasun mutua bat edo jai daukazun. Osasun publikoa akabatuko dute, zuzenean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude