Oinarrizko elikagaien BEZa kentzea eta alokairuak izoztea onartu du Espainiako Gobernuak

  • Asteartean onartu du Espainiako Gobernuak 2023ko lehen seihilekoan indarrean egongo den dekretua, inflazioaren ondorioak apaltzea helburu. Aurretiko neurri batzuk mantentzea adostu dute; garraio publikoaren beherapenak, esaterako. Berrikuntzen artean daude oinarrizko elikagaien %4ko BEZa kentzea, eta alokairuen garestitzea mugatzea. 


2022ko abenduaren 28an - 11:27
Azken eguneraketa: 12:48
Madrilek oinarrizko elikagaiei BEZa kenduko die 2023ko lehen seihilekorako. / Argazkia: El Economista

Espainiako Gobernuak inflazioaren ondorioak arintzeko neurriak hartu ditu 2023ko lehen sei hilekorako, horretara bideratu duen hirugarren dekretu baten bidez. Neurri gehienak aurretik indarrean zeudenen luzapenak  dira, edota gehigarriak. Baina dekretuak kendu egingo ditu, bestalde, erregai litroko hogei zentimoko hobariak, martxotik urte amaierara arte indarrean daudenak; profesionalei soilik ezarriko zaizkie, hala nola garraiolariak eta lehen sektoreko langileak.

Bestelako neurriak ezarri ditu alokairuetan, elikagaien BEZean, garraio publikoaren prezioetan eta etxeko energiaren fakturan, besteak beste. Alokairuen kasuan, dekretuak barne hartu du azaroko aurrekontuen negoziazioetan EH Bilduk egindako proposamena: indarrean diren alokairuak ezingo dira %2 baino garestiago eguneratu. Horretaz gain, 2023ko lehen sei hilabeteetan etengo diren kontratuak berritu nahi izanez gero, beste sei hilabetez baldintza berdinetan alokatzeko eskubidea du maizterrak. Berria-k jaso duenez, azken hilabeteetan alokairuak %20 garestitu direla azaldu du Unidas Podemosek.

Elikagaien BEZa merkeago

Urtarrilaren 1etik ekainera bitartean, bestetik, erosketa saskiaren kostuaren igoera apaltzeko helburuz, elikagai oinarrizkoenei ez zaie BEZarik aplikatuko –orain arte %4koa zuten–. Produktu horien artean daude arrautzak, barazkiak, frutak, lekaleak, ogia, gazta eta esnekiak, besteak beste. Halaber, olioa eta pastari %10etik %5era murriztuko zaie.

Urtean 27.000 euro baino gutxiagoko diru sarrera duten familientzat, 200 euroko txekeak iragarri ditu dekretuak

Espainiako Gobernuak adostu du 200 euroko txekea ematea urtean 27.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiei, beti ere ez badute 75.000 eurotik gorako ondarea. Laguntzak 4,1 milioi etxetara iristea aurreikusi dute.

Aurretiko neurri batzuk mantendu

Garraio publikoko beherapenei dagokionez, datorren urte osoan mantendu egingo da aldiriko eta distantzia ertaineko trenen txartelen doakotasuna, baita Hego Euskal Herriko garraioetan %50eko beherapenak ere –esaterako, autobusean eta metroan–.

Mantendu egingo da, halaber, elektrizitate fakturaren BEZaren beherapena, 10 kilowatt potentzia arteko kontratuetan. Iaz %21ekoa zen zerga, eta %5ekoa da ekaina amaieratik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Eguneraketa berriak daude