Oiartzunen jarri nahi den Amazonen logistika gune berria arbuiatu du Zaldunborda Bizirik-ek

  • Multinazionalak Oiartzungo Lanbarren industrialdean zabaldu nahi duen plataforma «Bidasoa eta Oarsoaldea eskualdeei zuzenean eraso egiten dien beste proiektu bat» dela salatu du mugimenduak.


2020ko abenduaren 11n - 15:46
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zaldunborda Bizirik plataformak (lehen Zaldunborda Gelditu) Amazon multinazionalak Oiartzungo Lanbarren industrialdean zabaldu nahi duen merkataritza eta logistika gunearen aurka egin du publiko egindako komunikatuan. "Bidasoa eta Oarsoaldea eskualdeei zuzenean erasotzen dien beste proiektu bat" dela iritzita, "gaitzespenik sakonena" adierazi du taldeak. Areago, enpresa estatubatuarraren kontra antolatzen diren ekitaldi, iniziatiba eta dinamiketan parte hartu eta sustatuko dituztela jakinarazi du mugimenduak.

Zaldunbordako ‘outlet’ erraldoiarekin salatu bezala, tokiko komertzioaren aurkako "erasotzat" jo du logistika gune berria. Zentzu horretan, proiektuaren aurka azaltzeko "milaka" argudio dauden arren, "oinarrizkoena" nabarmendu du taldeak: "Supremazismo ekonomiko basatiaren paradigma irudikatzen duen Amazon multinazionalak birrindu dezake dagoeneko dezente kalteturik dagoen geure gertuko merkataritza". Taldearen iritziz, hori "ez da ona, ez ekonomikoki, ez sozialki, ezta etikoki ere".

Hori horrela, gertuko komertzioaren aldeko mugimenduak ez dituztela herriko kaleak "hutsik ikusi nahi, bizirik baizik", aldarrikatu du. Gaur egungo benetako pandemiatzat jo dute AEBetako enpresa, eta gune berriaren irekiera galarazteko helburuarekin, tokiko erakunde publikoek "zailtasun administratibo eta legal" guztiak jartzea espero du taldeak.


Amazon kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.