Nola sartu labankadak irribarre batekin

  • Ez naiz paranoiko jarri: aste honetan Bago!az-en bi programa ikusi ditugu, bi. Biak emisio berean. Batak lehiaketa estandarra dirudi, dena da txalo, irribarre eta energia. Bestea berriz, mezu kodifikatuz beteta dago eta haiek deszifratzean, mundu ilun eta gatazkatsu baterako atea irekitzen da. Zuk aukeratu: pilula urdina hartzen baduzu, kronika hau hemen bukatzen da eta segi dezakezu pentsatzen mundua “larrosa kolorez jantzia” dagoela, Trabuko handiek kantatzen zuten eran. Baina pilula gorria aukeratzen baduzu, untxi-zuloa noraino iristen den ikusten has zaitezke.


2019ko apirilaren 11n - 02:26
Jerry Lee Lewisen larruan sartuta ikuskizun ikaragarria eman dute Alkainek eta Ikerrek.

Seinaleak ikusten dakienarentzat, oso hasiera adierazgarria izan du Bago!az-en zazpigarren programak: lehiakide guztiek batera kantatzen duten lehen abestiaz ari naiz, noski. Huntza taldearen Lasai, lasai izan da. Oharkabean pasa daiteke detailea. Baina kontuan hartu saioa aurkezten duen Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslaria ere badela. Eta denok dakigu nola dagoen kontua Huntzaren eta Hesianen artean: pubertaroa inkubatzen ari diren euskal musikazaleak zebra kumeak direla ulertzen badugu eta imajinatzen baditugu duda egiten, bazkatzeko zein belardi aukeratu ez dakitela, zalantzaz beterik... Huntza izango litzateke momentu horretan agertzen den gepardo gosetia eta Hesian berriz, pantera anker baten antzeko zerbait. Eta biak ari dira azken urteetan duda-mudazko egokiera horretan aurkitzen diren animaliatxo dohakabeak dozenaka ehizatzen eta euren haragiak zatikatzen pop borroqueen-aren azken hit-ekin.

Taldeen arteko etsaitasuna begi-bistakoa da eta noiznahi uzten du arrastoren bat: gaur batek besteak baino mila bisita gehiago dauzkala Youtuben; ba bihar besteak lehenbizikoaren kanta abesten du telebistan eta gustatzen ez bazain izorra hadi eta dantza. Esango nuke euskal musikan momentu historikoa bizitzen ari garela bi talde horien arteko lehiarekin. Zerbait konpara daitekeena, adibidez, Britney Spears eta Christina Aguileraren artean mende honen hasieran gertatu zen eskalada nuklearrarekin –zeinak bientzat ondorio tamalgarriak izan zituen, bidenabar– edo, akaso, zehatzagoak izateko, Hannah Montana eta Olsen bikien artean urtetan iraun zuen posizio-gerrarekin.

Oraindik ez da antolatu, nik dakidala, Hesianen edo Huntzaren aldeko tertzio armaturik. Baina ojo.

Ojo, ojo.

Programatik kanpoko kontua dirudi honek. Nik ez dut uste hala denik. Ez da ahaztu behar Bago!az-ek etorkizuneko artistak heztea duela helburu. Agian ez dago gaizki gazte-gaztetatik ikas dezaten nola funtzionatzen duen negozioak: kantatzea ez dela nahikoa, jakin behar direla beste gauza batzuk ere, adibidez konpetentziari zakurmuturra nola erakutsi irribarrea galdu gabe. Nola egin etsaiak bakarrik deszifratuko dituen laidoak, ikusle arruntak rollo oneko show bat besterik ikusten ez duen bitartean. Mota horretako trikimailu ez hain garbiak ikasteko programa izan da aste honetakoa eta Egiptoko hieroglifiko bat bezala dekodetu behar da, azpi-mezuz josita baitago.

Nagusiena, eta gaur inoiz baino argiago geratu dena seinaleak ikusten dituen edonorentzat: programak orain arte bultzatu duen intentsitate baxuko klase-gatazka jada ofentsiba bihurtu dela. Nabarmena da Bago!az-en operatzen duten botere faktikoek lehiakide arrunten (burgesia) aldeko baldintzak sortu nahi dituztela ollokiak (proletargoa) erabat menperatu eta zokoratzeko –“subsumitzeko” esango lukete oraingo gazte marxistek, oker ez banago–.

Zalantzaren bat daukanak, ikus dezala zer egin dioten Jokini.

Bera da ollokitegitik ateratakoen artean irabazteko aukera handienak dituena. Dena egiten du ondo. Badu ahotsa, badu jarrera, badu karisma. Joder, esan egingo dut: nire faboritoa da Eiderrekin batera –izan ere, honetarako ez da seinaleak ikusten nekatu behar: Eider da, nabarmen, Saldiasen kuttuna; eta Handienak zer aukeratzen duen beti-beti-beti hartu behar da kontuan–. Bueno, harira: Jokini gala honetan italierazko kanta bat jarri diotela, alegia, Italiatik kanpo inork hitz egiten ez duen hizkuntza bat, Adriano Celentano eta Franco Battiatoz geroztik erabateko dekadentzia musikalean sartuta dagoen herrialde batekoa; Eros Ramazzotti, Laura Pausini edo Jokini jarri dioten Zucchero nardagarria bezalako produktuak ekoiztu dituen bota formako putzu septiko horretatik etorritako edozerekin zaila da berez. Oso zaila. Eta hala ere oso fuerteki petatu du pistan, erakutsiz saio honetan bera dela Zinedine Zidane, zeinari erdiratzen zioten meloi bat eta hala ere gai zen boleaz eskuadratik sartzeko.

Baina puñala gordea zion epaimahaiak. Ylenia Bagliettok eta Iker Villak euren balorazio negatiboekin ilundu dute berez apoteosikoa izan den aktuazioa.

Seinaleak interpretatzen dakienarentzat, ollokien kontrako gurutzada honen dimentsioaz jabetzeko froga gehiago ere utzi ditu galak: Danae sartu da lehiaketan, duelu oso gogor baten ondoren. Zein jarri diote coach gisa? Bai: Iker “Bermudetako Triangelua” Villa, zeinaren alboan kantatzea den nominaziorako txartelaren erruletan apustu seguruenetariko bat. Oraindik estatistikarik egin ez den arren, nahiko lasai esan daiteke lehiakide gehiago desagertu direla Villaren ondoan mendizaleak Annapurnan baino. Eta hori gutxi balitz, Coldplayren kanta batekin atera behar izan du plazara, onena emanda ere entzuleak koman erortzeko moduko pieza bat. Ez dago deretxorik.

Labur esateko: olloki usaina duen oro lehoietara botatzeko intentzio garbia du Bago!az-ek. Ez zaitzatela irribarreek engainatu, esterminioa da helburua. Eta esterminatua izateko arriskuan dagoenak ezin du ibili señorito bat balitz bezala, zikintzeko beldurrez eta erregelamendu guztiak txintxo-txintxo betetzen. Problema sistemikoa denean, ekintzara pasatzeko ordua da. Aurreko programetatik sumatzen zitzaion Andoni Ollokiegiri arauren bat hausteko gogoa eta saio honetan, seinaleak ikusten dakienak behintzat, antzeman du ari dela kontraerasoa mamitzen: Jokinek ollokiekin kantatzen bukatu du –“honetan elkarrekin gaude” esanez bezala– eta Ollokiegi bera ikusi dugu langile klasearekin sinpatizatzen duen coach bakarra den Saldiasen entseguan laguntzen, protokolo guztiak saltatuz. Erresistentzia-keinu horiek oso inportanteak izango dira programaren azken txanpan.

Azken kontsiderazio batzuk kronika hau bukatu aurretik:

1) Angel Alkainek ba ote zekien Jerry Lee Lewis antzeztu behar zuela? Jerry Lewis ematen zuen. Eta klaro, ez da gauza bera.

2) Erraldoiek ere izaten dituzte egun baxuak: joan den asteko notizia Saldiasen malko-jario berantiar baina oparoa izan baldin bazen, aste honetan ezin pasa Urolako tigrearen afinazio problemak aipatu gabe. Detaile hauek laguntzen digute jainkotuta daukagun artista humanizatzen.

3) Miren Arrieta zen coach gonbidatua eta berarekin kantatu duen Aintzane izan da okerren puntuatu dutena. Hain modu espasmodikoan planteatu dute kanta, eta hainbestetan ematen du zenbait coach deskarga elektrikoak jasotzen ariko balira bezala mugitzen direla, igual komeni dela Axe desodorante markaren eslogana gogora ekartzea: “Inoiz ez zaude hot-ago, chill zaudenean baino”. Alegia, lasaitzeko pixka bat, patatekoak emango dizuela bestela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bago!az lehiaketa
ETBko platoan hasi da euskal berpizkunde nazionala

Ez sinetsi esaten dizutena. Bai, biharko Teleberrian lau haizetara iragarriko dute Danae Riañok irabazi duela aurtengo BaGo!az, baina saioa ikusi dugunok honezkero ikasi dugu hemen deus ez dela dirudiena, Europa zahar honetan ez dagoela saiorik BaGo!az-ek adina maite... [+]


Publiko masokista bereganatu nahi du ETBk

Badira egun zailak coach baten bizitzan: beraiek saiatzen dira lehiakideei animoak ematen eta transmititzen euren jakinduria amaigabearen parte bat espektakuluaren munduan lehen urratsak ematen ari diren antxume dohakabe horiei. Baina gauzak ez dira beti ongi ateratzen... [+]


2019-04-27 | Kepa Matxain
Dueluak fartsa bat dira

Oporretan nintzela eman zidaten gaztigu: aldaketak datoz BaGo!az-era, eta ez badaezpadakoak. Akabo arin-arina. Alex Sarduik polizia gaiztoarena egiteari utziko al dio? Edo, kontrara, Iker Villaren ezpainek “baina”-ren bat ebakiko al dute behingoagatik? Ollokiei... [+]


2019-04-04 | Kepa Matxain
Ollokiak zanpatuta daude eta inork ez du ezer egiten

Seigarrenean gertatu da. Xabier Saldias malkotan urtu da, madalena bat esnetan nola. Dirdira izpi bat sumatu zaio lehenbizi, “makillajea izango da”, pentsatu dugu. Diz-diz jarri zaizkio niniak segidan, “kataratak izango dira”, pentsatu dugu. Baina tantak... [+]


Bago!az soka gehiegi tenkatzen ari da eta hau edozein unetan leher daiteke

Bosgarren Bago!az. Jägermeister botila eta txupito baso batekin jarri naiz programa ikusten: gaur ez nau Bagliettok renuntzioan harrapatuko “energia” aipatzen duen aldiro zintzurrera botatzeko ezer gabe. Arratsaldean feriatu dut auzoko likorerian eta, nire... [+]


Eguneraketa berriak daude