Saldiasen faltan, coach-ak hankamotz

  • Azken mudantzan telebista bidean gelditu zitzaigunez, Bar Jose Miguelera jaitsi behar izan dut Bago!azen bigarren atala ikustera, hortzak izerditan, lehengo astean Gorka Bereziartuak idatzitako kronika leitu ondotik. Bazen garaia norbaitek kontuari bete-betean heltzeko, ze, Go!azen telesailak euskaltzale progreen kontsentsua eskuratu duen honetan, miopia nabarmena sumatzen zen orain eta hemen puskatzen ari den fenomeno zinez goitiarragoaren aurrean.


2019ko martxoaren 07an - 08:28
Xabier Saldias gabe, Bago!az-eko coach-en gabeziak agerian geratu dira bigarren saioan.

Talent show bat, ados, musika lehia bihurturik, konforme, izar jenialaren ideia sustatuz, akort, nahi duzuena, baina hemen petrolioa ez da etxeko atarian topatzen. Begirada pixka bat altxaz gero, bat segituan konturatzen da BaGo!az zorioneko istripu bat dela ETBren gainbeheran. Horixe azaldu nahi izan diot Karmen tabernariari mostoa eskatzearekin bat, jartzeko faborez ETB, ez zitzaiola damutuko, hastear zela ertz askotako artefaktu sailkaezina, sentimenduen mendi errusiarra, orain barre algara, orain malko parrasta, orain txalo sorta, orain une deserosoa, BECera joaten ez den euskaldun bataz bestekoak hamar urtean bizi dituen gorabehera emozional guztiak ordu eta erdian konprimatuta. Ba ote dago telebistari gehiago eskatzerik?

Ez dut haren begiratuan ulermenik sumatu, baina aldatu du katea gutxienez, une ezin aproposagoan aldatu ere. Andoni Ollokiegi Josu Gonzalezen eta Jokin Doralen arteko dueluari hasiera ematen ari zen, Latzenen Laztana-rekin ahots kordak tenkatuaz. Kantu aski exijentea izaki, tonalitate altuetan jokatu da partida. Jakina da Ollokiegi urretxindorraren pare moldatzen dela halakoetan, baina ikusteko zegoen beste biek ze maila emango zuten. Injustiziaz mintzo zen Bereziartua joan den astean, epaimahaikoek Josuren faltseteari dagokion merezimendua eman ez ziotelako. Osotoro babesten dut mozioa, eta are gehiago gaurko emanaldiaren ostean mutila kaleratu dutela ikusita. Berdin Karmenek ere. Aipatu didanez, Josuk eman duen maila gerora saio osoan coach ia guztiek emandakoaren gainetik egon baita.

Bi unetan nabaritu dugu hori. Batetik, Izaroren Er(h)ori kantuan. Alex Sarduik, Aintzane Arzamendiri laguntzen ari zela, Ormaiztegiko oilarrarenak eta bi bota ditu. Zer ez da atera eztarri horretatik. Josu Gonzalezen faltsetea gupida gabe kritikatzen zuena, zer eta faltsetearen faltan kukurrukuka. Bigarrenik, Huntzaren Zer izan abestian, Iker Villa indartsu sartu da eszenatokian –“Donostia, Baraka, hau da BaGo!az!” oihuka- eta asmo onez ekin dio gero bigarren ahotsa egiteari, baina bigarrenetik hirugarrenera bidean zihoan zerbait atera zaio, Gabriela Gandara lehiakidearen kalterako –marka da gero, amaieran nor eta bera puntuatu dute okerren, batere kulparik gabe–. Kontua saldu diodan bezala saldu ondoren, saioak aurrera egin ahala Karmenen zaputza gero eta nabarmenagoa zen. Azkenerako, garbi bota dit: “Hemen ez du edonork balio coach izateko”. Eta sekula baino gehiago sumatu dut Xabier Saldiasen ausentzia.

Hala azaldu nahi izan diot Karmeni: “Saldiasen faltan, gerri mugimenduek irabaziko dute agian, baina patxadak galtzen du, dotoreziak galtzen du, zer esanik ez emozioak. Saldiasen faltan, faltseteak galtzen du –edonor da gai faltsetean kantatzeko, baina faltsetea biribildu, hori Saldiasek bakarrik egiten du–. Eta, Saldiasen faltan, kanten hautaketak galtzen du. Bereziartuak lehengo astean Saldiasen hautaketa kritikatzen zuen, Akelarreren bat kantatu zuelako. Faborez, B aldeko errepertorioak ahanzturatik berreskuratzeko keinu txiki horiek aintzat hartu beharko ditugu, ala?”. Eta beste mosto bat eskatu diot, baina Karmen ez zegoen txorakerietarako. “Batzuek lotara joan behar diagu. Ez al daukak ezer hoberik egiteko edo ze kristo?”. “Saldiasekin denak irabaziko du, Karmen. Ikusiko duzu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bago!az lehiaketa
ETBko platoan hasi da euskal berpizkunde nazionala

Ez sinetsi esaten dizutena. Bai, biharko Teleberrian lau haizetara iragarriko dute Danae Riañok irabazi duela aurtengo BaGo!az, baina saioa ikusi dugunok honezkero ikasi dugu hemen deus ez dela dirudiena, Europa zahar honetan ez dagoela saiorik BaGo!az-ek adina maite... [+]


Publiko masokista bereganatu nahi du ETBk

Badira egun zailak coach baten bizitzan: beraiek saiatzen dira lehiakideei animoak ematen eta transmititzen euren jakinduria amaigabearen parte bat espektakuluaren munduan lehen urratsak ematen ari diren antxume dohakabe horiei. Baina gauzak ez dira beti ongi ateratzen... [+]


2019-04-27 | Kepa Matxain
Dueluak fartsa bat dira

Oporretan nintzela eman zidaten gaztigu: aldaketak datoz BaGo!az-era, eta ez badaezpadakoak. Akabo arin-arina. Alex Sarduik polizia gaiztoarena egiteari utziko al dio? Edo, kontrara, Iker Villaren ezpainek “baina”-ren bat ebakiko al dute behingoagatik? Ollokiei... [+]


Nola sartu labankadak irribarre batekin

Ez naiz paranoiko jarri: aste honetan Bago!az-en bi programa ikusi ditugu, bi. Biak emisio berean. Batak lehiaketa estandarra dirudi, dena da txalo, irribarre eta energia. Bestea berriz, mezu kodifikatuz beteta dago eta haiek deszifratzean, mundu ilun eta gatazkatsu baterako... [+]


2019-04-04 | Kepa Matxain
Ollokiak zanpatuta daude eta inork ez du ezer egiten

Seigarrenean gertatu da. Xabier Saldias malkotan urtu da, madalena bat esnetan nola. Dirdira izpi bat sumatu zaio lehenbizi, “makillajea izango da”, pentsatu dugu. Diz-diz jarri zaizkio niniak segidan, “kataratak izango dira”, pentsatu dugu. Baina tantak... [+]


Eguneraketa berriak daude