Ollokiak zanpatuta daude eta inork ez du ezer egiten

  • Seigarrenean gertatu da. Xabier Saldias malkotan urtu da, madalena bat esnetan nola. Dirdira izpi bat sumatu zaio lehenbizi, “makillajea izango da”, pentsatu dugu. Diz-diz jarri zaizkio niniak segidan, “kataratak izango dira”, pentsatu dugu. Baina tantak puzten joan zaizkio, eta masailean behera leun erori direlarik, ohartu gara: akabo Artikutzako urtegia baino sikuago zebilen garaiak. Saldiasen begiak, emari gozotan blai, bor-borka jarri dira saioa hasi bezain pronto, eta nahikoa izan da hori ingurukoak kutsatzeko. Behingoagatik, emozioa eta gozotasuna itzuli dira saiora.

Seigarren saioan bai, negar egin du Xabier Saldiasek. Emozioen eztanda batek hartu du Bago!az.

2019ko apirilaren 04an - 08:45

Saldiasen ondoren, Andrea Garciak egin du pott. Haren atzetik, konpostura gutxitan galdu ohi duen Ylenia Bagliettok. Maria Redondo izan da ondoren esaldia amaitu ezinik gelditu dena. Azkenik, berriro Saldias bera, Oskorriren Euskal Herrian Euskaraz kantatzea egokitu zaionean. Negar zotinka aitortu du: “Abesti hau da nire bizitzaren funtsa. 50 urtean honengatik aritu gara lanean”. Eta gero: “Xabier Amurizak kantu honekin hitzekin bete-betean asmatu zuen. Gora Amuriza!”. Euskal kulturaren transmisioaren zuri-beltzez gogoetatzeko antolatzen duten hurrengo kongresuan badakit zer proposatu: primetime-a BaGo!az-en gisako saioz jostea. Erreferentzia zaharrak belaunaldi berrien belarrietan, tradizioa eta gaur egungoa elkarrekin, jarraiduraren eta irekiduraren arteko oreka perfektua, eta hori guztia giro osotoro hunkigarrian. Nola gainditu tamainako konbinaziorik.

Egiaz, azken hau primerako saioa izan da. Maria Redondok eta Andrea Garciak Demi Lovatoren Stone cold abestu dute, ezin goitiarrago. Iker Villak metafora eder batekin laburtu du bien jarduna: “Zerua ireki da, eskailera bat agertu da, eta handik jaitsi zarete biak”. Sendo aritu dira Anjel Alkain eta Aintzane Arzamendi, Roxetten Sleeping in my car kantuan. Alex Sarduik eta Iker Gutierrezek euskal eszenako handienetako bat hautatu dute, handiena ez bada: Etxe, eta bere Bizitzaren musika. Abesti horrekin ez dago goia jotzea beste aukerarik. Iker Villak kantu aski aproposa hautatu du Aitzol Barbariasentzat, Rick Astleyren Never Gonna Give You Up –gerora, Barbarias izan da saioko nominatua, beraz pentsa ze maila eman dute gaur lehiakide guztiek–. Maria Amolategik eta Sandra Vargasek Rihannaren Diamonds-i heldu diote, soseguz bezain tinko. Saldiasen eta Eider Etxeandiaren saioaz ez dut askoz gehiago gehituko. Eta azkenik, Jokin Doralen eta Ylenia Baglietoren txanda izan da –azken horrek “La vida es un circo y yo soy la reina de la fiesta” lelodun jertsea zeraman, bere asmo handien erakusgarri–, eta ez dute hala-holako ikuskizuna eskaini, Pitt Bullen larruan jarrita. Zinez, goitik beherako programa izan da, eta horixe esanez amaituko nukeen kronika, detaile batek arreta deitu ez balit.

Zer gertatzen da Ollokiekin? Inork ez al du ezer egin behar ematen dieten tratuaren aurrean? Zeren, ohartuko zineten, coach-ak haiekin beti iji eta aja, baina zanpatuta dauzkate, gutxietsita, zokoratuta. Ez diete hasierako abestian parte hartzen uzten. Saio osoa albotik begira igarotzen dute, publiko arrunta bailiran. Amaieran soilik ametitzen diete tranpaldora ateratzea, noiz eta epaimahaia lehiakideei puntuak banatzen ari denean denbora egiteko. Ez aipatzeagatik lehian sartzeko pasa behar duten kalbarioa. Olloki bat BaGo!az-eko punta-puntara iristea Sestao River Championserako sailkatzea baino zailagoa da. Hasteko, programan sartzeko duelua gainditu behar dute –hiruzpalau minutuko proba baten menpe dago beren partehartze guztia–. Egun horretan eztarria marrantatuta dutela? Etxera. Bai, esango duzue Olloki batzuek lehian berandu sartzeko zortea dutela, ardo ona bezala despentsan gordeta eduki ondoren, azken txanpara bete-betean jauzi egin dezaketela. Baina izan gaitezen egiatiak: nor da gai hotz-hotzean onenen lehian sartu eta irabazteko, aurretik saioz saio zaildutakoen kontra? Bizialdi laburrera kondenatu dituzte Ollokiak. Lehian sartzen direnak ere kondenatuta daude lehenago edo beranduago etxera joatera. Begira zer gertatu den gaur: saio hasierako duelua Noelia Calvoren eta Sandra Vargasen artekoa izan da. Bi Ollokiren artekoa, hain zuzen ere. BaGo!az-en egituran bigarren mailako lehiakideak dira Ollokiak, ia apaingarri hutsak. Bada onartzeko garaia: arazoa ez da konponduko errora jotzen ez bada. Eta errora jotzea estrukturari erreparatzea izaten da. BaGo!az-ek konponbide estrukturala behar du.

Horregatik proposatu nahi dut norabide aldaketa xume bat. Ez dauka sentidurik BaGo!az irabazten duenaren saria Go!azen telesailean parte hartzeko aukera izateak. Kategoriaz jaistea da hori. Zentzuzko BaGo!az batean kontrakoa behar luke bideak: Go!azen telesaileko aktoreek bakarrik hartuko lukete parte. Coach-en aholku zorrotzei esker, beren talaia yuppitik jaitsiko lirateke –bistakoa da errekaizeak astindu samarrik dabiltzala–, pixkanaka, astez asteko lehia estuari esker, bergizarteratu arte. Sei lehiakide soilik iritsiko lirateke azken final handira, baina horietako bakarrak lortuko luke, ez izerdirik bota gabe, musikazale ororen ametsa betetzea: Ollokitegian sartzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bago!az lehiaketa
ETBko platoan hasi da euskal berpizkunde nazionala

Ez sinetsi esaten dizutena. Bai, biharko Teleberrian lau haizetara iragarriko dute Danae Riañok irabazi duela aurtengo BaGo!az, baina saioa ikusi dugunok honezkero ikasi dugu hemen deus ez dela dirudiena, Europa zahar honetan ez dagoela saiorik BaGo!az-ek adina maite... [+]


Publiko masokista bereganatu nahi du ETBk

Badira egun zailak coach baten bizitzan: beraiek saiatzen dira lehiakideei animoak ematen eta transmititzen euren jakinduria amaigabearen parte bat espektakuluaren munduan lehen urratsak ematen ari diren antxume dohakabe horiei. Baina gauzak ez dira beti ongi ateratzen... [+]


2019-04-27 | Kepa Matxain
Dueluak fartsa bat dira

Oporretan nintzela eman zidaten gaztigu: aldaketak datoz BaGo!az-era, eta ez badaezpadakoak. Akabo arin-arina. Alex Sarduik polizia gaiztoarena egiteari utziko al dio? Edo, kontrara, Iker Villaren ezpainek “baina”-ren bat ebakiko al dute behingoagatik? Ollokiei... [+]


Nola sartu labankadak irribarre batekin

Ez naiz paranoiko jarri: aste honetan Bago!az-en bi programa ikusi ditugu, bi. Biak emisio berean. Batak lehiaketa estandarra dirudi, dena da txalo, irribarre eta energia. Bestea berriz, mezu kodifikatuz beteta dago eta haiek deszifratzean, mundu ilun eta gatazkatsu baterako... [+]


Bago!az soka gehiegi tenkatzen ari da eta hau edozein unetan leher daiteke

Bosgarren Bago!az. Jägermeister botila eta txupito baso batekin jarri naiz programa ikusten: gaur ez nau Bagliettok renuntzioan harrapatuko “energia” aipatzen duen aldiro zintzurrera botatzeko ezer gabe. Arratsaldean feriatu dut auzoko likorerian eta, nire... [+]


Eguneraketa berriak daude