ETBko platoan hasi da euskal berpizkunde nazionala

  • Ez sinetsi esaten dizutena. Bai, biharko Teleberrian lau haizetara iragarriko dute Danae Riañok irabazi duela aurtengo BaGo!az, baina saioa ikusi dugunok honezkero ikasi dugu hemen deus ez dela dirudiena, Europa zahar honetan ez dagoela saiorik BaGo!az-ek adina maite duenik lerroartea, esan gabekoa, tinta ikusezina. BaGo!az-i Black Mirror-en betaurrekoekin begiratuz gero, bat segituan ohartzen da hirugarren sailkatua, Eider Etxeandia, izan dela gainontzekoei koska atera diena.

Eider Etxeandiaren aktuazio apoteosikoak ez du merezi zuen aitortzarik izan epaimahaiaren aldetik. Berak behar izan behar zuen irabazlea, ez dago dudarik.

Ken Zazpiren Gernika kantari eman dion estualdia ez dio Eñaut Elorrietak sekula bere bufandari eman. Testigu guztiek ulertu dugu gure haurrek biharko ikastoletan buruz ikasiko duten momentu historiko horietako bati begira ginela, coach abertzaleak –Saldias eta beste pare bat asko jota– lebitatzen hasi dira, eta programak eztanda egin du.

Testuinguru pixka bat behar du honek: Iñaki Segurolaren azken artikulua irakurri ondoren hasi gara Bago!az ikusten eta klaro, zalantza handiak geneuzkan abertzale izateak XXI. mendean zer esan nahi duen eta zer ez. Eider Etxeandiak duda horiek guztiak uxatu dizkigu. Dena zegoen hor, herri-nortasuna, performatibitatea, metafora eta meta-metafora. Lehiaketa osoa Liliputeko biztanleen tamainakoa da Espartatik zuzen-zuzenean iritsi berria den kantatzeko eta dantzatzeko modu horren aurrean. Pablo Picasso, Jose Luis Zumeta, Mikel Laboa, Alain Resnais, Paul Eluard, utzi lekua, hemen da Eider Etxeandia. Abangoardiako espektakulu musikal bat, herri honenganako fedea berreskurarazi diguna.

Epaimahaiak egin duena herrialde demokratiko gehienetan aberriaren kontrako traiziotzat joko lukete. Ez dago eskubiderik. Bestela esanda: Eider Etxeandiak goi-artea egin du zuzenean, inor ez zegoen horretarako prest, eta saioa ez da gai izan gertakaria asimilatzeko. Baina titularra Asier Arangurenen kopeta bezain garbia da: gaurko galtzailea izango da biharko irabazlea.

Horren aldean, txiki geratzen da beste guztia, badakigu. Baina profesionalak gara eta ez dugu kronika horretan utziko, merezi lukeen arren. Irabazlea ere aipatu behar dugu: Danae Riaño. Izan ere, meritu handikoa da egin duena. Programak tranpa hilgarri bat prestatua zeukan aurten ollokien kontra. Ikusi besterik ez dago nola joan diren banaka-banaka erortzen Andoni Ollokiegiren dizipuluak, Neymar area barruan bezala. Baina azkenean justizia pixka bat izan dute: Danaeren garaipena olloki guztiena da eta Andoni Ollokiegirena partikularki –zeinak, dena esaten hasita, iazko edizioan garaile izan behar zuen, mundu guztiak dakien moduan–. Ollokiak izan dira programa honen gatza eta piperra, soja eta wasabia.

Saldias, oh Saldias

Bost programa, bost, eta ez zitzaion negarrik ateratzen. Baina Saldiasen aspertsoreak zabaldu zirenean, Urola erdiari edaten emateko moduko malkoak jariatzen hasi ziren. Final honetakoak, ordea, beste dimentsio bat hartu du. Ez baita malkoa bakarrik izan. Izerdia ere izan da. Zegama-Aizkorri lasterketa bukatu izan balu bezala zegoen Saldias azken botaziora iristean, Aquarium oso bat larruazalean biltzeko moduan. Egon behar da lezioren bat horren atzean euskal gaztediarentzat: hidratatu zaitezte ondo, bizitza honek emozio handiak dauzka gordeta zuentzat eta normala da batzuetan horietako batzuk gorputzetik kanpo isurtzea. Eta noski, osasuntsu mantentzeko, gorputzak likido asko behar du.

Malko kontuaz ari garela, final honetan ETBk egin duen esperimentu telebisiboa ezin aipatu gabe utzi. Izan ere, gutxitan ikusten dugu crossoverrik gure telebista publikoan. Horregatik da estimatzekoa Bago!az talent showaren eta Ur Handitan erreportaje-saioaren arteko nahasketa, final honetako momentu batzuetan, finalistei euren familia osoaren irudiak erakutsi dizkiotenean entseatu dutena. Isabel Gemiok aurkezten zituen programetatik telebistan ikusi ezin zen zerbait lortu du ETBk. Lehiakideen gurasoak, anaia-arrebak, bikoteak, aitona-amonak eta gainontzeko jende maitearen bideoak erakutsi dituztenean tearjerker galanta bihurtu da platoa. Baina uste dugu gehiago ere egin zitekeela: non daude finalistei zortzi urte zituztenean hil zitzaizkien hamstertxoak? Horiek erakutsita bai joko zuela goia bilatu duten xantaia-emozionalak. Oraindik Bago!azek baditu esploratu gabeko esparruak beraz. Hori iruditzen zaigu guri behintzat.

Mendekuaren alegrantzia

Ez zaigu gustatu, eta osotoro gaitzesten dugu, finalak izan duen zeremonia kutsu autoafirmatiboa: orain arteko lehiakideak ikusi ditugu –bidenabar, Ollokitegian eserita, sinbolismo galtzailez kargaturiko harmaila horretan– kantari aritu diren coach-ei kritika zorrotzak egiten. Rol trukaketa horrek, ordea, ez du status quo-a indartzea beste funtziorik: zanpatuak areago zanpatzea, garaileak areago hauspotzea.

Hala eta guztiz ere, zerbaiterako balio izan du. Baina honek ere testuinguru pixka bat eskatzen du: bazen Josu eta Jokin izeneko kantautore bikote bat, ibilbide labur bezain interesgarria eduki zuena 1970eko hamarkadaren bukaeran, gerora behar baino estimazio gutxiago izan duten kantak utziz. Horietako bat zen Xabier Amurizaren letrekin osatutakoa: “Jotzen hasiko balira, bizkarrik ez erretira, lehenago ere emandakoak denak hartu dira”.

Zergatik ekartzen dugun Bago!az-en finaleko kronikara kantautore borrokalari haien historia? Ba berrogei urte geroago, Josu eta Jokin berri batzuen aldarria egin beharra dagoelako: lehenbiziko saioan, faltsete ikaragarri zorrotzarekin mundua harritu zuen arren, kanporatua izan zen Josurengatik; eta lehiaketako partaiderik distiratsuena eta eszenatokiko piztia kamaleonikoena izan arren, finaletik at geratu den Jokinengatik. Biak ikusi ditugu berriz ere eta programak hitz egiten utzi dien tarte laburrean, guztiz justua eta gizalegezkoa den vendetta hartu dute behar bezala baloratu ez zituen epaimahaiaren kontra, coach-ek kantatu dutenean euren grabe, agudo eta faltseteak zein tamalgarriak izan diren azpimarratuz. Historiak epaituko ditu, hain lehiakide bikainak bazterrean uzteagatik.

Elitista kulturalek inoiz aitortuko ez dutena

Ez gara Jose Luis Korta eginda dagoen material hautsi-ezinekoak ordea. Eta aitor dugu: orain arte ez dugu behar adina enpatizatu coach-ekin, finalera arte ez baikara ohartu saioz saio bizkar gainean eraman behar izan duten harria Igeldokoa baino puskaz bihurriagoa zela. Ez gara ohartu, taula gaineko lehiaz gain, beste lehia inplizitu bat zegoela BaGo!az-en, coach-en artean: nork botako baieztapen puztuagoa. Kantu bat amaitzean, Zuriñe Hidalgok hitza ematen die coach-ei banan bana. Eta hor hasten da erronka: “Biboteko bizarrak tente jarri dizkit”, dio lehenak. “Ba nire kasuan bibotekoak izan dira tente jarri ez diren bakarrak”, bigarrenak. Hirugarrenak, Saldiasek normalean, ez du deus esaten, eta malkotan urtzen da zuzenean. Laugarrenak, beraz, derrigor egin behar du negar, eta, gainera, bere bizitzako une bereziki zail bat gogoratzen du: “Izeba galdu genueneko udazken hura gogorarazi didazu”. Hala jarraitzen dute, harik eta ilarako azkenak, gainontzekoei begiratu eta arnasa sakon harturik, malkoak ez ezik, mukiak eta pantailan ikusten ez diren bestelako gorputz jariakinak isuriz, ezpainak estutu eta ebakitzen du: “Itsasoa gara”. BaGo!az hasieratik berrikusteko motibo bat, hortxe: coach-en lehian garaile nor izan den asmatzea.

Iruditzen zaigu programa honek eskatzen duela gogoeta orokorrago bat ere, euskal musikak etorkizunean landu beharreko estrategien inguruan. Zuriñe Hidalgok esan du, arrazoi osoz: “Euskal artisten harrobia” da talent-show hau. Eta bada garaia euskal kulturzale elitista horiek guztiek ere onartu dezaten, ahitutako putzuetan ur fresko bila jarraitu beharrean. Hauek dira ahotsak, hauek dira jarrera eszenikoak, hau da mende berri honetako euskal berpizkunde nazionalak eskatzen duen farandula, juergasmoa eta dultzemeneoa. Eta beste inork esango ez duenez, ba, guk esaten dugu. Gora Bago!az.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bago!az lehiaketa
Publiko masokista bereganatu nahi du ETBk

Badira egun zailak coach baten bizitzan: beraiek saiatzen dira lehiakideei animoak ematen eta transmititzen euren jakinduria amaigabearen parte bat espektakuluaren munduan lehen urratsak ematen ari diren antxume dohakabe horiei. Baina gauzak ez dira beti ongi ateratzen... [+]


2019-04-27 | Kepa Matxain
Dueluak fartsa bat dira

Oporretan nintzela eman zidaten gaztigu: aldaketak datoz BaGo!az-era, eta ez badaezpadakoak. Akabo arin-arina. Alex Sarduik polizia gaiztoarena egiteari utziko al dio? Edo, kontrara, Iker Villaren ezpainek “baina”-ren bat ebakiko al dute behingoagatik? Ollokiei... [+]


Nola sartu labankadak irribarre batekin

Ez naiz paranoiko jarri: aste honetan Bago!az-en bi programa ikusi ditugu, bi. Biak emisio berean. Batak lehiaketa estandarra dirudi, dena da txalo, irribarre eta energia. Bestea berriz, mezu kodifikatuz beteta dago eta haiek deszifratzean, mundu ilun eta gatazkatsu baterako... [+]


2019-04-04 | Kepa Matxain
Ollokiak zanpatuta daude eta inork ez du ezer egiten

Seigarrenean gertatu da. Xabier Saldias malkotan urtu da, madalena bat esnetan nola. Dirdira izpi bat sumatu zaio lehenbizi, “makillajea izango da”, pentsatu dugu. Diz-diz jarri zaizkio niniak segidan, “kataratak izango dira”, pentsatu dugu. Baina tantak... [+]


Bago!az soka gehiegi tenkatzen ari da eta hau edozein unetan leher daiteke

Bosgarren Bago!az. Jägermeister botila eta txupito baso batekin jarri naiz programa ikusten: gaur ez nau Bagliettok renuntzioan harrapatuko “energia” aipatzen duen aldiro zintzurrera botatzeko ezer gabe. Arratsaldean feriatu dut auzoko likorerian eta, nire... [+]


Eguneraketa berriak daude