Bago!az soka gehiegi tenkatzen ari da eta hau edozein unetan leher daiteke

  • Bosgarren Bago!az. Jägermeister botila eta txupito baso batekin jarri naiz programa ikusten: gaur ez nau Bagliettok renuntzioan harrapatuko “energia” aipatzen duen aldiro zintzurrera botatzeko ezer gabe. Arratsaldean feriatu dut auzoko likorerian eta, nire aurreikuspenak betetzen badira, programa bukatzen denerako lorontzi bezala erabiltzeko moduan izango naiz.


2019ko martxoaren 28an - 01:43
Justizia osoz irabazi du Jokin Doralek bosgarren gala.

Aste honetako saioa betelan telebisiboaren kategorian sailkatzeko modukoa da. Trantsizio-momentu bat bizitzen ari gara: Bago!az iritsi da lehiaketaren erdira, baina maratoilari onek dakiten bezala, zailena orain hasten da. Ailegatu egin behar dela amaieraraino, eta ez naiz lehiakideez ari prezisamente, ikus-entzuleez baizik. Bai: pazientzia bukatzen ari zaigu. Bost programa, bost, eta Xabier Saldiasek malkorik bota gabe jarraitzen du.

Saioa jarraitzen dugun milioika euskaldunak hari batetik zintzilik eduki gaitu azkeneko honetan ere, baina akaberan deus ez. Artikuluaren hasiera samarrean jartzen dut hau, zerbitzu publiko bat eman nahi diedalako irakurleei, asteazken gauean ikusi ezin izan zutenak ez daitezen joan esperantzaz beterik, biribilketa alegeran EITBren webgunera, pentsatuz ezinezkoa dela partiduaren minutu honetara iristea denok espero duguna gertatu gabe.

Nik dagoeneko ez dakit zer pentsatu: edo Urolako biboterik beroenaren jabea gai da negar tantrikoak egiteko –badakizue, merendola-eiakulazio horiek bezala, barrurantz egiten direnak– edo aurten kontratua murriztu diote eta madalena bat bezala aritzea ez da sartu tratuan. Eta hala izan bada, a ze hankasartzea produktoraren aldetik. Izan ere, gaurkoa bezalako programa bat ezin da salbatu suzedaneoekin: Sarduiren alkondariek eta koreografiek edo Angel Alkainen “Tolosaldean English” erakustaldiak, tira, ez daude gaizki, baina San Sebastian bezperako afarian gulak ateratzea eta jendea enteratuko ez dela pentsatzea bezala da.

Trantsizio-programa bat beraz, akaso lehiakideen batez besteko maila altuenarekin eta, beraz, coach-en lotsak batez bestekoa baino ageriago geratu diren eguna. Rag'n'Bone Man-en Human abestuz show es-pek-ta-ku-la-rra egin du Jokin Doralek eta justizia osoz gala irabazi. Kontu inportantea da: ez ahaztu Doralek programa olloki gisa hasi zuela. Edizio honen planteamendu klasista kontuan izanda, garaipen hau konparatu liteke ejerzito gorriko soldaduek Reichstag-ean bandera sobietarra jarri zuten momentuarekin. Baina oraindik gerra asko dago egiteko: txanponaren beste aldean, Noelia bidali dute berriro duelura eta konfirmatzen da programa sustatzen ari den ollokien arteko gerra zibilaren teoria. Are, krudelago jarri da gaur asuntua, Arnatz dueluan bertan erori baita, behin bakarrik kantatu eta kalera.

Onartezina da. Soka gehiegi tenkatzen ari dira eta norbaitek hori egiten duenean, badakigu zer gerta daitekeen: azkenean Olasagastik ez duela nahi izango sokasaltorik.

Dena den, gauzak aldatzera doazen zantzuak ere sumatzen dira. Andoni Ollokiegik lehenbiziko aldiz publikoki “matxinada” hitza erabili du eta Twitterren ulertarazi du hurrengo gala “polita” datorrela.

Epaimahaia derrokatzen saiatuko ote dira? Kanporatuak izan diren lehiakideak itzuliko ote dira, Lenin Helsinkitik Petrogradora itzuli zen bezala?

Arreta informatiboa, zalantzarik gabe, kontu horretan jarriko dugu datorren aste osoan, baina bitartean, labur bada ere, azken galako beste hiru kontu aipatu nahi genituzke.

Bat: Iker Villa programa honen Bermudetako Triangelua dela susmatzen hasia nago. Bere inguruan ibiltzeko zorte txarra daukaten lehiakideak, iman batek erakarrita bezala, duelurantz gerturatzen hasten dira espiral-formako erorketa librean. Eta batzuetan salbatzea lortzen dute, Iker Gurrutxagak gaur bezala, baina ea nor den estutasun horiekin bizi nahi duen balientea. Aukera txar gehiegi taula gainean: Dire Straitsen kanta bat –inoiz, inola, inon berreskuratu behar ez litzatekeen errepertorioa da hori, jainkoarren– eta abestia den bezain asssspergarria izanda, eszenaratze hiperaktibo samarra coach-aren aldetik. Ezin zen ondo atera.

Bi: Mark Knopfler eta Elton John oraindik bizirik ote dauden begiratu behar izan dut Wikipedian. Erantzuna (tatxan-tatxan) baiezkoa da bi kasuetan, zentzu fisikoan noski; musikalean, zilegi da galdetzea Dire Straitseko abeslaria inoiz bizirik egon ote zen. Baina Sir Elton Johni buruz aritu nahi dut orain, izan ere, Angel Alkain berriro agertu da hura balitz bezala jantzita. Iazko edizioan ere jarri zen paper horretan eta, ez dakit ba, konfort-eremu horretatik ateratzea komeniko litzaiokeela uste dut, azken finean, hau telebista da, ez azken momentuan parrandan ateratzea erabaki duzulako Afeden erosten duzun disfrazarekin aprobatua lortzen duzun karnabala.

Hiru: Maria Amolategik eta Aitzol Barbariasek Wake me up kantatu dute, Amicirena. Ez naiz sartuko euren performancea baloratzera, izan ere, gauza inportanteagoak ikusi dira pantailan. Kantak badauka halako subidoi momentu bat, txunba-txunba tipiko bat. Bada, bonboaren lehen kolpearekin batera coach-epaimahaikide batzuk rave batean baleude bezala hasi dira dantzan. Mesedez, baretu dezatela pixka bat beraien entusiasmo hori, azken finean haurrentzako telesail bateko aktore bat aukeratzea da kontua hemen eta umeei etsenplu ona eman behar zaie; ez da komeni adin txikikoek imaginatzea dagoeneko edade bat daukan jendea M-z jarrita ibiltzen dela asteazken buruzurietan ere.

A, portzierto, Jäger botila oso polita geratzen da lorontzi gisa eta energia-z karga-karga eginda nago une honetan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bago!az lehiaketa
ETBko platoan hasi da euskal berpizkunde nazionala

Ez sinetsi esaten dizutena. Bai, biharko Teleberrian lau haizetara iragarriko dute Danae Riañok irabazi duela aurtengo BaGo!az, baina saioa ikusi dugunok honezkero ikasi dugu hemen deus ez dela dirudiena, Europa zahar honetan ez dagoela saiorik BaGo!az-ek adina maite... [+]


Publiko masokista bereganatu nahi du ETBk

Badira egun zailak coach baten bizitzan: beraiek saiatzen dira lehiakideei animoak ematen eta transmititzen euren jakinduria amaigabearen parte bat espektakuluaren munduan lehen urratsak ematen ari diren antxume dohakabe horiei. Baina gauzak ez dira beti ongi ateratzen... [+]


2019-04-27 | Kepa Matxain
Dueluak fartsa bat dira

Oporretan nintzela eman zidaten gaztigu: aldaketak datoz BaGo!az-era, eta ez badaezpadakoak. Akabo arin-arina. Alex Sarduik polizia gaiztoarena egiteari utziko al dio? Edo, kontrara, Iker Villaren ezpainek “baina”-ren bat ebakiko al dute behingoagatik? Ollokiei... [+]


Nola sartu labankadak irribarre batekin

Ez naiz paranoiko jarri: aste honetan Bago!az-en bi programa ikusi ditugu, bi. Biak emisio berean. Batak lehiaketa estandarra dirudi, dena da txalo, irribarre eta energia. Bestea berriz, mezu kodifikatuz beteta dago eta haiek deszifratzean, mundu ilun eta gatazkatsu baterako... [+]


2019-04-04 | Kepa Matxain
Ollokiak zanpatuta daude eta inork ez du ezer egiten

Seigarrenean gertatu da. Xabier Saldias malkotan urtu da, madalena bat esnetan nola. Dirdira izpi bat sumatu zaio lehenbizi, “makillajea izango da”, pentsatu dugu. Diz-diz jarri zaizkio niniak segidan, “kataratak izango dira”, pentsatu dugu. Baina tantak... [+]


Eguneraketa berriak daude