Injustizia nabarmen bat, Bago!az lehiaketaren estreinaldian

  • Egunak neramatzan Bago!az talent showaren denboraldi berriaren iragarkiak ikusten ETB1en eta pentsatu nuen: “Hainbesteko txaranga ematen badiote, zerbait izango du ba programa horrek”. Asteazken gaueko konpetentzia ez zen beste mundukoa –bateko Conquis eta besteko enegarren Madril-Barça–, eta beraz, serioski planteatu nuen denboraldi honetara engantxatzea.


2019ko otsailaren 28an - 07:02
Asteazken gauean hasi da Bago!az programaren denboraldi berria.

Erabakia hartzea kostatzen ari zitzaidan ordea. Eskerrak guraso euskaltzale jator eta martxosoek bereziki maite duten Gure Kasa programa tokatu zitzaidala parean: han ari zen hizketan Maria Amolategi abeslaria, Bago!az-eko epaimahaikidea ere badena. Onintza Enbeitak taroteko kartak bota zizkion, Espainiako Kongresuan EH Bilduko bozeramailea zenean bezain serio –alegia, ez oso– eta ondoren programan zer ikusiko genuen galdetu zioten: “Gazte piloa, abeslari onak... coach-ek ondo pasatzen dugu eta nik uste dut transmititzen dela”.

Bale, konbentzitu ninduen.

Egia esan baneukan beste arrazoi bat ere aurtengo Bago!az ikusteko: iaz Andoni Ollokiegirekin egin zuten injustiziaren ondoren –lehiaketa osoan erakutsi zuen bera zela irabazle naturala; rock gogorraren kontrako aurreiritziz beteriko erabaki batek utzi zuen garaipenik gabe–, ETBk aurreratua zuen aurten protagonismo berezia eman nahi ziotela.

Abeslari talde oso bat edukiko du bere esanetara, “ollokiak”. Hauek gala bakoitzean puntu gutxien lortzen duen lehiakidearen kontra hil ala biziko dueluan kantatuko dute, programan nor geratzen den erabakitzeko. Gainontzean, zazpi lehiakide ariko dira saio bakoitzean, coach banarekin; eta horietako bat programa bakoitzean diferentea izango da.

Bai, lehiaketaren mekanikak badu antz pixka bat Mariano Rajoyren esaldi korapilatsu horietako batekin, baina behin programa hasita denak tiratzen du nahiko erraz.

Hori bai, kontua oso goian hasten da: hainbeste “pasada”, “zoragarri” eta “brutal” ahoskatu dituzte lehenbiziko minutuetan, zaila egiten dela imajinatzea bukaera iristerako saioko protagonistak oraindik beren gorputzen barruan kabituko direnik. Zenbat arrazoi zuen Jon Maiak, esan zuenean Euskal Herria superpotentzia emozional bat dela.

Lehen kanta bukatzerako ikusi da aurtengo edizioa markatu dezakeen etsaitasuna

Enfin, harira: gero gauza pixka bat baretzen da. Maria Redondok, iazko irabazleak, aurtengo lehiakideei gomendatu die lasai hartzeko, Bago!az oso luzea dela –eta egia da, niri behintzat, momentu horretaraino oso luzea egiten ari zitzaidan–; eta plis-plas batean diskurtsoak alde batera utzita lehenbiziko lehiakidearekin batera kantatzen ari da. Aintzane Arzamendik ireki du lehia, Nøgen taldearen kanta bat egokitu zaie. Talde donostiarraren abestiek programa honetarako eginak dirudite, batez ere abestu duten hau, kantaren erdian buila epiko bat egiteko aukera ematen baitu, Txindokitik Anbotora hizketan aritzeko moduko ahotsez.

Justu aktuazio hori bukatu denean ikusi da segur aski aurtengo edizioa markatuko duen etsaitasuna: epaimahaitik, Angel Alkain Ollokiegiri zuzendu zaio, nahiko modu txarrean nire iritziz, gutxi gorabehera esanez akojonatuta egon behar duela, lehiakideen maila ikusita bere “ollokiek” ez daukatelako zereginik. Estrategia bat izan da, dudarik gabe, gero behin eta berriz errepikatu duena, saio honetan interpretatu duen Bob Marley ez oso konbentzigarriaren lotsak estaltzen saiatzeko.

Programak, gainontzean, momentu gogoangarriak utzi ditu: Amolategik eta Iker Gutierrezek Lady Gaga eta Bradley Cooperren azalean sartuta interpretatu duten Shallow-rekin hunkitzen ez denak bihotzaren ordez patata bat dauka; Beyoncéren Runnin indartsua eszenaratu du Andrea Garciak Iker Villa oso –baina oso-oso– aktibo batekin; Alex Sarduik eta Eider Etxeandiak, ia programaren amaieran, plató-ari falta zitzaion egurra, burdina eta mitologia eman diote Su Ta Garren Mari-rekin; Aitzol Barbariasek lortu du bere Bob Marleya zutabe bat bezainbeste mugitzen zen Alkainen performancetik salbatzea, baita hori baino gehiago ere; eta irribarre mugagabe pluralarekin kantuan egiten duen Ylenia Bagliettorekin batera aritu den Gabriela Gandarak, urduritasuna nozitu duen arren, aurrera begira zeresana emango duela erakutsi du.

Mutil bati faltsetea erabili izana zigortu dio epaimahaiak: gizonek "gizon ahotsa" bakarrik erabil dezakete?

Baina goazen lehenbiziko saio honetako injustizia barkaezinera. Irungo Josu Gonzalezekin egin dutenak ez dauka izenik: opera gustatzen zaion gazte bat, Xabier Saldiasekin kantatzen. Hori bakarrik esanda, aurreikuspenak onak ziren. Gero, entseguetan, Saldias “Mexiiiiko” kantatzen hasi denean –ez da broma, lehen saiotik hasi da–, eta gazteak erakutsi dionean nota are altuagoetara iritsi daitekeela, niri duda guztiak uxatu zaizkit. Hemen ditugu Naturaren bi indar. Eta elkarrekin ikusiko ditugu kantuan. Programako une gorenetako bat izan da, nahiz eta jarri dieten Akelarreren abestia ez izan egokiena haien dohainak %100 esplotatzeko.

Batetik, erabaki hori dago: zer pasako zen Queen-en kanta bat jarri izan baliete? Ez dago ausardiarik ebidentea dena onartzeko. Beste lehiakide eta epaimahaikide guztien gainetik pasako ziren, hain zorrotz kantatuz, ezen telebistako kameren objektiboak ere puskatzeko arrisku larrian izango baitziren.

Bestetik, epaimahaiaren balorazioak daude. Eta haien inguruan egin daitekeen genero-irakurketa. Eta hemen paragrafo bat eskaini nahi diot, zehazki, Alex Sarduik egin duen balorazioari. Faltseteari garrantzi handiegia eman izana leporatu dio Gonzalezi, hori errekurtso bat dela esanez, baina osotasunari arreta handiagoa jarri behar diola. Ikusi duguna ulertzeko oso modu murritza iruditzen zait: bizi dugun testuinguru heteropatriarkalean, gizon batek faltsetean kantatzea ezin da errekurtso soiltzat hartu. Faltseteak, Gorka Erostarbek ondo esplikatu zuen moduan, tabu asko hausten ditu, gizontasun eredu normatiboak inposatzen digun “gizon ahotsa” zalantzan jartzen du adibidez. Iraultza txiki bat da. Eta epaimahaiak ez du ikusi: Gonzalez izan da okerren puntuatu duten lehiakidea.

Ulertezina.

Gaitzesgarria.

Hurrengo saioan “ollokien” taldeko Jokinen aurka lehiatuko da. Andoni Ollokiegik berak hautatu du duelurako arerioa. Jakintsu baten erabakia, dudarik gabe: Jokini ikusi dizkiogun ezaugarriak kontuan izanda, lehia orekatua aurreikusi daiteke. Eskerrak iaz Bago!az irabazi behar zuen artistak programaren aldeko erabakiak hartzen dituen, epaimahaiko zenbait kidek ez bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bago!az lehiaketa
ETBko platoan hasi da euskal berpizkunde nazionala

Ez sinetsi esaten dizutena. Bai, biharko Teleberrian lau haizetara iragarriko dute Danae Riañok irabazi duela aurtengo BaGo!az, baina saioa ikusi dugunok honezkero ikasi dugu hemen deus ez dela dirudiena, Europa zahar honetan ez dagoela saiorik BaGo!az-ek adina maite... [+]


Publiko masokista bereganatu nahi du ETBk

Badira egun zailak coach baten bizitzan: beraiek saiatzen dira lehiakideei animoak ematen eta transmititzen euren jakinduria amaigabearen parte bat espektakuluaren munduan lehen urratsak ematen ari diren antxume dohakabe horiei. Baina gauzak ez dira beti ongi ateratzen... [+]


2019-04-27 | Kepa Matxain
Dueluak fartsa bat dira

Oporretan nintzela eman zidaten gaztigu: aldaketak datoz BaGo!az-era, eta ez badaezpadakoak. Akabo arin-arina. Alex Sarduik polizia gaiztoarena egiteari utziko al dio? Edo, kontrara, Iker Villaren ezpainek “baina”-ren bat ebakiko al dute behingoagatik? Ollokiei... [+]


Nola sartu labankadak irribarre batekin

Ez naiz paranoiko jarri: aste honetan Bago!az-en bi programa ikusi ditugu, bi. Biak emisio berean. Batak lehiaketa estandarra dirudi, dena da txalo, irribarre eta energia. Bestea berriz, mezu kodifikatuz beteta dago eta haiek deszifratzean, mundu ilun eta gatazkatsu baterako... [+]


2019-04-04 | Kepa Matxain
Ollokiak zanpatuta daude eta inork ez du ezer egiten

Seigarrenean gertatu da. Xabier Saldias malkotan urtu da, madalena bat esnetan nola. Dirdira izpi bat sumatu zaio lehenbizi, “makillajea izango da”, pentsatu dugu. Diz-diz jarri zaizkio niniak segidan, “kataratak izango dira”, pentsatu dugu. Baina tantak... [+]


Eguneraketa berriak daude