Nola osatzen da Herriarteko Txapelketako talde bat 250 biztanleko herrian?

  • Maiatzaren 13an Larraul-Azpeitia partidak jokatuko dira Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren baitan, eskuzko modalitatean. 18:00etan hasiko dira partidak Tolosaldeko herri txikian, eta urtetan pilota sustatzen egindako lanaren emaitza izango da: jai handi bat, lehen aldiz parte hartuko baitu Larraulek Herriartekoan. Aurrean izango du Azpeitia, zortzi aldiz Herriartekoa irabazi duena.


2023ko maiatzaren 11n - 06:00
Azken eguneraketa: 18:37

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, eskuzko modalitatean hamazazpi herrik eman dute izena, eta 210 pilotariz daude osatuta taldeak. Hona hemen herriak: Aduna, Altzo, Amezketa, Andoain, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Hernani, Idiazabal, Larraul, Oiartzun, Oñati, Tolosa, Zaldibia, Zestoa eta Zumarraga. Herri hauen artean txikiena Larraul da, eta lehen aldiz parte hartuko du txapelketan. Finala ekainaren 24an Donostiako Atanon jokatuko da.

Herriartekoan parte hartzeko baldintzak dira taldeko pilotariak herrian erroldatuta egotea gutxienez urtebete lehenago, profesionalak ez izatea eta hiru kategorietako bikoteak osatzea.

Azpeitia, Herriarteko txapela gehien dituen bigarren herria

Talde handi eta sendoa osatu du aurten ere Azpeitiak. Azkoitiaren ostean, bera da Herriarteko Txapelketa maizen irabazi duena, zortzi bider nagusitu baita. Aurten, Kadete mailako zortzi-hamar pilotari ditu herria ordezkatuko duen taldean, Jubenil mailako zazpi-zortzi eta Senior mailan bost. Lesioen eta joko-puntuaren arabera aldaketak egiteko aski kide, beraz.

Hauek dira taldekide batzuk: Kadeteen artean dira Iñigo Sarasua eta Jokin Artetxe; Jubenilen artean Beñat Labaka eta Beñat Ezama eta Senior mailan Iker Egiguren eta Jakes Elosegi.

Txikiena Larraul, lehen aldiz Herriartekoan

Nola ateratzen da Kadete, Jubenil eta Senior adin tarteetako zortzi pilotariko talde bat, 258 biztanleko herri batean? Herriko haurrei pilota irakasten urteak daramatzan eta gazteak zirikatuz Herriarteko taldea biltzea lortu duen Iñaki Esnal pilotari beteranoarengana jo dugu galdezka:

Esnalen hitzetan, badira pare bat urte ideiari bueltaka hasi zela Herriartekoan parte hartuko duten Otaegi anaien aitarekin: "Txantxetan aipatzen genuen, aurten ez baina pare bat urte barru agian...". Pozik da aurten taldea osatzea lortu dutelako. Horretarako, hainbat egokitzapen egin behar izan dituzte: batetik, berez Kadetea den Urko Otaegik zaharragoen kategorian jokatu beharko du, Jubeniletan. Eta bestetik, pilota utzia zuten Iraitz Irazu eta Ugaitz Belauntzaran konbentzitu behar izan dituzte berriz kantxaratzeko. Esnal oso pozik dago, utzia zuten bi gazteak berriz motibatuta ikusita: "Hori da lorpenik handiena, bi pilotari hauek jarraitzen badute, izugarri irabazi dugu". Belauntzaranen baiezkoa kostatu zaio gehien, eta "konpromisorik gabe, entrenamendu batera etortzeko" esan zion Esnalek: "Uste dut entrenamenduan gehien harritu zena Belauntzaran bera izan zela, dena ateratzen zitzaion. Erabateko pilotaria da, min handia egiten du kantxan".

Larraulgo Herriarteko taldea, herriko frontoiko harmailan: lehen lerroan, ezkerretik eskuinera, Xuban Irazu, Ugaitz Belauntzaran, Iraitz Irazu eta Adur Otaegi. Bigarren lerroan, ezkerretik eskuinera, Iñaki Esnal, Jon Urbieta, Andoni Urbieta eta Ibai Urbieta (botileroa). Urko Otaegi falta da argazkian.

Beraz, hauek dira Larraul ordezkatuko duten pilotariak: Kadetetan Adur Otaegi eta Iraitz Irazu, Jubeniletan Ugaitz Belauntzaran eta Urko Otaegi eta Seniorretan Jon Urbieta eta Iñaki Esnal. Ordezkoak Andoni Urbieta eta Xuban Irazu dira, biak Senior mailakoak (maila gazteagoetan ez dago ordezkorik). Botileroa ere badute, Ibai Urbieta. Iñaki Esnal, 49 urterekin, Herriartekoko beteranoena izango da.

Bote luzean txapeldun-orde eta Valentzian Txanpionsa jokatu berri

Larraulgo gazte eta beterano kuadrilla hau pilotan aritzeko lehenago elkartua dago: 2022an Bote Luzean aritu dira Ugaitz Belauntzaran, Jon Urbieta, Xabi Urbieta, Andoni Urbieta, Ibai Urbieta, Iraitz Irazu, Xuban Irazu eta Iñaki Esnal. Euskadiko txapeldun-orde geratu dira eta urte bukaeran Valentzian jokatu zen Txanpions txapelketan Euskadi ordezkatu dute, Bizkaiko taldearekin batera.

Larraulgo taldea Otxandion 2022ko azaroan, bote luzeko Euskadiko finala jokatzeko prest. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan jokatuko dute hemengo gehienek, eta Bote Luzean parte hartu ez zuten Adur eta Urko Otaegi anaiek. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Iraitz Irazu, Iñaki Esnal, Xabier Urbieta, Xuban Irazu, Ugaitz Belauntzaran, Jon Urbieta, Andoni Urbieta eta Ibai Urbieta.

Iñaki Esnalek aurtengo Munduko Txapelketan parte hartu du Llargues eta Internazionala modalitateetan (bosteko taldeak aritzen dira elkarren aurka).

Herriko pilota eskola: hamabost ikasturtetan 45 haur trebatu ditu Esnalek pilotan

Herriarteko Txapelketako taldea osatu duten zortzi pilotari hauetatik lau Larraulgo pilota eskolan aritutakoak dira, eta Iñaki Esnal da bertako irakaslea. Pilota eskolaren sorreraz galdetu diogu: "Olga Villagatik hasi zen dena. Ana Cabañas eta biok 2007an etorri ginen Hernanitik Larraulera bizitzera. Garai hartan herrian bazen 8-9 urteko umeen talde polit bat eta Olgak galdetu zidan ea pilotan irakatsiko nien. Honela hasi ginen, 2008-2009 ikasturtean, eta gaur arte. Hamabost ikasturte hauetan denetarik egon da, urte batean hiru haur bakarrik izan ziren, eta udalari galdetu nion ea merezi zuen eta baietz erantzun zidan, prest banengoen jarraitzeko. Niretzat hura pagotxa izan zen, hiru bakarrik izanik denbora pila bat baineukan bakoitzari eskaintzeko".

Hamabost ikasturte hauetan 45 ikasle inguru aritu dira pilotan, horietatik bederatzi neskak. Larraulgoak dira pilota ikasle izan den gehiengo handia, baina ikasleak etorri izan dira Asteasu, Zizurkil eta Hernanitik ere. Egun hamabi ikasle ari dira pilota eskolan: hauetatik zortzi dira larrauldarrak, bi hernaniarrak, bat zizurkildarra eta bestea Billabonakoa. Eta neska bat ari da egun pilota eskolan, partidak jokatzen hasi dena: Maialen Esnal, Iñakiren alaba; Eneko semeak ere ez du entrenamendurik galtzen. 7 urte ditu gaztetxoenak eta 15 helduenak, eta taldetxotan banatuta guztiek entrenatzen dute batera, astelehen arratsaldetan: hala ere, Esnal beti prest izaten da jokatzeko eta bakoitzari hobetzeko aholkuak emateko; edozein egunetan eta edozein ordutan ez da harritzekoa Larraulgo frontoian pilota hotsa aditzea.

Larraulgo pilota eskolan noizbait ibili izan diren ikasle guztiekin argazkia aterako dute Herriarteko Txapelketako partidaren ostean. Egun historikoa izango da Larraulentzat.

Larunbateko partidarako gogotsu dago taldea. Hurrengo urtean bakoitzak izango duen adinaz eta jokatuko lukeen kategoriaz ere mintzo dira.
"Ahal duguna egingo dugu frontoian, eta festa seguru herrian"

"Kontrarioak oso onak dira, txapelketa irabazteko faboritoetako bat" adierazi du Esnalek, larunbateko partidaz galdetuta. Baina jokatu aurretik sekula ez dela etsi behar oroitarazi du: "Ez dugu pentsatuko txikituko gaituztenik, bestela ez ginateke aterako. Ahal dena egingo dugu. Pilota eskolan dabiltzan ikasleek flipatu egingo dute herrian halako partida bat ikusita, eta ea beste haur batzuei gogoa sartzen zaien pilotan trebatzeko. Herrian festa egingo dugu, hori behintzat seguru".

Gustu duenak, maiatzaren 13an, larunbata, Larraulgo frontoian du hitzordua, 18:00etan hasita. Aurrerago Azpeitian izango da itzulerakoa. Bi egun horietan partida gehien irabazten dituen taldea sailkatuko da eta bestea kanporatuta geratuko da. Irabazitako partida kopuruan berdinduta baleude, tantoei erreparatuko litzaieke: "Horregatik da Herriartekoa bihozgabea, ezin zaio aurkariari tanto bakarra egiten utzi, erabakiorra suertatu baitaiteke" errematatu du Esnalek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Naroa Iturain, pilota epailea
"Emakume epaile gutxi dago, gutxietsiak izateko beldurra dugulako"

Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]


Eguneraketa berriak daude