"Nire osaba duela 10 urte desagertu zen eta Aljeriako estatuak eta Polisarioak argitu behar dute non dagoen"

  • Yanfie Habib (Sahara, 1976) bere osabaren askatasuna aldarrikatzen duen ekimenean parte hartzen hasi da. Jalil Ahmed Breh desagerrarazi zuen Aljeriako Estatuak duela 10 urte eta senideek ez dakite ezta bizirik dagoen, behin bakarrik ikusi baitute, 2009an.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko otsailaren 13an - 10:18
Bere osaba non dagoen jakin nahi du Yanfie Jabib (argazkia: Aiaraldea).

Lehenik eta behin, Jalil Ahmed Breh zure osaba da eta duela 10 urte desagertu zen.

Bai, 2009ko urtarrilean atxilotu zuten Aljeriako militarrek eta geroztik ia ez dugu ezer jakin berari buruz.

Zure kasuan senidea da, baina jende gehiagorentzat da ezaguna herri sahararrean, zergatik?

Jalil 1956. urtean jaio zen eta filosofian, teologian, antropologian eta zientzia politikotan lizentziatu zen. Unibertsitatean zegoelarik Fronte Polisarioan militatzen hasi zen eta klandestinitatean ibili zen.

1976an atxilotu zuten agintari marokoarrek eta hurrengo urtean ihes egin zuen.

1978an Tindoufera joan zen eta han ardura oso garrantzitsuak izan zituen Polisarioan; Irrati Nazionaleko zuzendaria, hezkuntza ministerioko langilea edota Errepublika Sahararraren presidentetzako langilea izan zen, besteak beste.

Hala ere, Polisarioko agintariekin arazoak izan zituen.

Bai, Jalil oso pertsona kritikoa eta zintzoa da eta bere desadostasunak Polisarioko zenbait jenderekin agerikoak ziren. Konpromiso handia dauka herri sahararrarekin eta gauzak diren moduan azaltzen ditu. Horren ondorioz, 6 hilabetez atxilotu zuten eta gero askatu zuten, bere kontrako frogarik ez zutelako.

Zer egin zuen gero?

Atxiloketaren ostean, erabaki zuen bizitza publikoa uztea. Ikasten hasi zen berriro eta bere memoriak idazteari ekin zion.

Horrek jende askoren alarmak piztu zituen. Izan ere, Jalilek ardurak izan zituen ere Saharar Errepublikako segurtasun zerbitzuetan eta informazio ugari eta garrantzitsua zuen. Polisarioko zein Aljeriako estatuko boteretsu askok ez zuten begi onez ikusten liburu hori idaztea.

Edonola ere, ardura berriak eskaini zizkioten.

Bai, Errepublika Sahararrak proposatu zion Lurralde Okupatuen Giza Eskubideen Aholkularia izatea. Jalilek interes handia zuen esparru horretan eta onartu zuen, baina, egia esanda, ez zioten postua bere gaitasunengatik bakarrik eskaini. Izan ere, kontrolatuta eta hurbil nahi zuten Jalil.

Bere lana ganoraz egin ahal izateko, Jalilek eskatu zuen Aljerian bulego bat izatea, gutxieneko bitartekoak -telefonoa, adibidez- bere ardurak betetzeko eta harremanak garatzeko.

Hori 2007an izan zen eta 2009an desagertu zen.

Zer gertatu zen desagertu zenean?

Egun batetik bestera desagertu zen. Senideak bera bilatzen hasi ziren eta, 3 hilabeteren ondoren, Aljeriako militarrek adierazi zuten galdeketa egiteko atxilotu zutela. 10 urte igaro eta gero, oraindik ez dakigu zer leporatzen zaion, ez du epaiketarik izan -publikoa, gutxienez- ezta abokatu ezaguna.

Familia ikusteko baimenik ere ez dauka eta denbora luze honetan behin ikusi dute soilik. 2009an izan zen bisita eta Polisarioko goi mailako funtzionarioek ikuskatu zuten. Bisita horretan badirudi Jalil ondo zegoela, baina ez dugu ezer gehiago jakin. Batzuek uste dute Aljeriako militarrak trebatzeko erabili izan dutela, pertsona oso prestatua baita.

Geroztik ez duzue ezer gehiago jakin?

Human Rights Watch erakundeak galdetu zien Aljeria eta Saharako gobernuei Jalili buruz eta biek adierazi zuten ez zekitela ezer. Jalilek emaztea eta 7 seme ditu eta ez dakigu ezta bizirik dagoen ere.

Ekimena abiatu duzue, non dagoen jakiteko, gutxienez.

Bai, bere desagerpenaren atzean arrazoi politikoak daude, baina guk giza eskubideen ikuspuntutik hasi gara aldarrikatzen Jalilen askatasuna. Berdin zaigu zergatik eraman duten, agertzea nahi dugu, edo behintzat jakitea non dagoen. Zurrumurru asko daude, eta batzuek uste dute Jalil hil dela.

Mobilizazioak egin dira jadanik Saharan eta Europan ere kanpaina zabaltzen ari gara. Polisariok ardura handia dauka kasu honetan, Jalilek bere eginkizunak betetzen zituen bitartean atxilotu baitzuten.

Elkarrizketa hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aljeria
Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


Hego Euskal Herrira iritsi behar ziren ume sahararrak ez dira iritsi

Arazo burokratikoengatik ezin izan zuten ekainaren 28an iritsi eta oraindik ere ez dakite noiz iritsiko diren. Oporrak Bakean programaren baitan, berez bi hilabete pasa behar dituzte haur sahararrek Euskal Herriko hainbat lekutan.


Aljeriaren hausturak dantzan jarriko du Espainiako gas hornidura

Aljeriak Espainiarekin duen adiskidetasun ituna bertan behera utzi du eta horrek nabarmen eragingo die bien arteko harreman komertzialei. Gasa da Espainiak handik gehien esportatzen duen produktua.


PODCAST 2x7 | Frantziaren poliziak aljeriarrak hil eta Sena ibaira jaurtiki zituen egun beltza

Hirurogei urte pasa dira Parisen gertaturiko sarraskiaz geroztik. 20.000 eta 40.000 aljeriar artean atera ziren karrikara, modu baketsuan, Frantziaren kolonia zen Aljeriaren independentzia aldarrikatzeko eta aljeriarrei bideraturiko etxeratze-aginduaren bukaera galdetzeko... [+]


1961eko urriak 17: Frantziaren poliziak aljeriarrak hil eta Sena ibaira jaurtiki zituen egun beltza

Hirurogei urte pasa dira Parisen gertaturiko sarraskiaz geroztik. 20.000 eta 40.000 aljeriar artean atera ziren karrikara, modu baketsuan, Frantziaren kolonia zen Aljeriaren independentzia aldarrikatzeko eta aljeriarrei bideraturiko etxeratze-aginduaren bukaera galdetzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude