“Neure buruari bizia kentzea erabaki dut politikari batzuen arduragabekeria kriminala salatzeko”

  • Titularreko esaldi horrekin hasten da Erraustegiaren lehen biktima naiz izenburupean A. P. siglei erantzuten dien Lasarte-Oriako pertsona batek maiatzaren 15ean bere buruaz beste egiten saiatu aurretik idatzitako gutuna. Maiatzaren 31n eskuratu du ARGIAk, berak propio bidalita. Azpian da osorik irakurgai.


2019ko ekainaren 04an - 09:09
Zubietan erraustegia egiten ari dira. (Arg: JMI)

Zubietan eraikitzen ari diren erraustegitik kilometro gutxira bizi da: Lasarte-Orian. Bizitza Andoain eta Usurbilen ere egiten zuen, herri guztiak erraustegiaren 10 kilometroko erradioaren barnean. A. P. oso kezkatua zegoen Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiaren kutsadurak inguruko herritarrengan izango duen eraginarekin. Urteak dira Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak egindako deialdietan parte hartzen duela.

Suizidio saiakera hau ez da heriotza izan, emailez azpiko gutuna jaso zuen bere lagun batek berehala larrialdietara deitu zuelako. Mediku eta suhiltzaileak bere etxera joan zirenean larri aurkitu zuten. Urgentziaz artatu zuten. Egun errekuperatzen ari da Donostiako psikiatrikoan, suizidioen aurkako protokoloa betez.

ARGIA berarekin izan da informazioa publikatu aurretik, gertatutakoa kontrastatzen. Egoeraz erabat kontziente, erraustegiaren aurkako ekintza hau pentsatzen denbora zeramala eta maiatzaren 15ean pausoa ematea erabaki zuela azaldu du. "Epaile eta enparauak etorri zaizkit errudun bila, eta behin eta berriro esan diet: Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ez zekien ezer, ez nau inork bultzatu hau egitera, inork ez zekien ezer, nire ekimena izan da, ez bilatu errudunik kanpoan", adierazi ziela kontatu du.

A. P.-k aurrekari psikiatrikoak dauzka eta orain urte batzuk bere buruaz beste egiten saiatu zen. "Bizitza zaila izan dugu eta hori beste kontu bat da. Oraingoan ez dut desesperazioz egin, ekintza politiko gisa baizik", dio. "Nire paradisua zen eremu hori, urteetan mendi horietara joan izan naiz paseatzera, naturaz gozatzera; orain berriz, munstro hori egiten ari dira eta sentitu nuen une egokia zela egin nuena egiteko".

"Bizitza da handiena, ez dezala inork eredu gisa hartu mesedez", ere adierazi du.

“Bizia kendu dut ez dudalako aurrez pentsatutako eta azpikeriaz exekutatutako krimen hau ikusi nahi. 2050ean lurra pozoitzearen ondorioak ikusiko dira, baina agian beraiek ere hilik egongo dira eta ezingo zaizkie kontuak eskatu”, zioen gutunean. Jarraian osorik irakurgai, euskaratuta.

 

Erraustegiaren lehen biktima naiz

Neure buruari bizitza kentzea erabaki dut, maite ditudanengan samin eta hutsune handia eraginez, ez dudalako modu hoberik aurkitzen salatzeko gizarte honetan gehiengoak lortzen dituzten politikari batzuen arduragabekeria kriminala. Gizarte hau bere buruaz beste egiten ari da hainbeste haragi tripakada, hainbeste auto partikular, dragoien telesail, komunikazio birtual eta munduaren bestaldera egin beharreko hegaldirekin.

Ezin dut gehiago jasan hipokresia, injustizia, beren borondate santuaren inposizioa eta manipulazioa. “Gestore handi” hauek herritarrak kondenatu dituzte pozoitze mantso eta agonikora, eskura dituzten komunikabide eta desinformazio bide guztiekin.

Ez dute aski hainbat ikerketa epidemiologiko eta ekonomikok frogatu izana zein kaltegarri eta patogenoa den hondakinak erretzea. Ez zaie aski milaka pertsonaren erresistentzia baketsu eta irudimentsua. Ez zaie aski alternatiba merkeagoak izatea, lanpostuak sortzen dituztenak gainera. Beren irabazi sektario eta alderdikoian baino ez dute pentsatzen. Jakin badakiten arren herri eta hiri osoak zigortzen dituztela.

Neure buruari bizitza kendu diot ez dudalako aurrez pentsatutako eta azpikeriaz exekutatutako krimen honen lekuko izan nahi. 2050ean ikusiko dira lurra kutsatzearen ondorioak, baina agian beraiek ere hilda egongo dira eta ezingo zaizkie kontuak eskatu. Etorkizuneko belaunaldiak dira herentzia beltz hau jasoko dutenak. Konfiantza dut, bestalde, elkartuko direla horrela deitzea merezi duen bizitza duina lortzeko.

Gogobeteta noa, modu baketsuan saiatu izan bainaiz arduragabe hauek zentzua berreskura zezaten, hazkunde infinito-ezinezkoaren miresleek, beren jubilazioa finantzatzen duten enpresa handi eta alderdi politikoek. Baina ikusirik ez dutela entzuten eta boterearen praktika autoritario eta inhumanoari emanda daudela, pertsonen ongizatean pentsatu gabe, joatea erabaki dut jabetzen banaiz ere osatu ezina den mina, sufrimendua eta hutsunea utziko dudala gehien maite ditudanengan. Barkamena eskatzen diet horregatik.

Muxu bat. Ondo izan.

Oharra: Agian esango dizuete fama txarreko ero bat naizela, baina horrek ez ditu ezeztatzen hondakinak erretzearen aurka ematen diren arrazoi anitzak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresari zigorra jartzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak

Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]


Erraustegiak lehen pozoiak erakutsi baldin baditu... zer egin?

Gipuzkoako erraustegiaren emisioen bost urteko jarraipenaren emaitzak aurkeztu ditu ToxicoWatch fundazioak. Emaitza kezkagarriak, bizidunei eta zehazki gizakiei osasun kalte larriak eragin diezazkieketen kutsatzaileez ari garelako. Emaitza nabarmenak, erraustegi berria eta ustez... [+]


Zubietako erraustegia martxan jarri zenetik, toxikoak asko handitu dira inguruko herrietan

Bost urtez aritu da laginak hartzen Toxicowatch erakundea erraustegiaren inguruko oiloen arrautzetan, goroldioan, zuhaitzetan, sedimenduetan eta ama esnean, besteak beste. 2019tik dioxina maila asko handitu da, baita metal astunak, PFASak eta beste gai oso kutsagarri batzuk ere... [+]


2024-05-20 | Usurbilgo Noaua
Erraustegia geratzeko protesta planta atariraino eraman dute

Zubietako erraustegia geratzeko Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako oinezko martxan parte hartu dute larunbat goiz honetan.


2024-05-20 | Usurbilgo Noaua
“Itxi ezazue behingoz, alferrikako erraustegi zikin, arriskutsu eta garesti hau!”

Zubietako erraustegia ixteko eskaria atariraino eraman du Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbat honetan Lasarte-Oriatik abiatu duen oinezko martxan. Ertzaintzak sarbidea inguratua zuen atari horretan bertan plazaratu duen adierazpenean, erraustegia behingoz ixtea eskatu... [+]


Eguneraketa berriak daude