"Nahikoa da gu kakaren pare tratatzeaz"

  • Doris Casas, Cristian Rodríguez, Manuel Cantero eta Luis Álvarez osasun krisi bitartean Gasteizko etxegabeentzako ireki duten zentroan daude konfinatuta, Lakuako frontoian. Gure jendartearen sektore ikusezinduenetako bat krisia zer baldintzetan ari den bizitzen jakiteko asmoz hurbildu gara haiengana. Konfinamendu garaikoa ez ezik, hortik kanpoko beraien bizitza ere gurekin partekatu dute.

    OHARRA: 2687 zenbakirako erreportaje hau inprentan sartzear zegoela, maiatzaren 15ean, ARGIAk jakin zuen hiru egun lehenago zentroan 42 urteko Y. V. A. gasteiztarra hil zela, ohean zela. Bere kideek tratu desegokia salatu dute, eta gertatuaz “hitz erdirik” ez aipatzeko esan zietela arduradunek. “Ez da inongo ekinbide desegokirik egon” adierazi zioten ARGIAri Gasteizko Udaletik.


2020ko maiatzaren 17an - 23:01
Lakuako frontoian ireki du Gasteizko Udalak etxegabeentzako zentroa. Esku-oheetan egiten dute lo pertsonek bertan. Argazkia: DosporDos.

Espainiako Gobernuak konfinamendu agindua eman zuenean, kalean lo egiten duten etxegabeentzako zentro bat ireki zuen Gurutze Gorriak (GG) Gasteizen, udalaren ardurapean. Pío Baroja eskolako 30 plazak laster bete ziren, eta zentroa Lakuako frontoira lekualdatu zuten. Ireki zenetik 51 plazak ia beteta izan dituzte. Baina hasi berri den ramadana egiten dutenentzako Pío Baroja ireki dute berriz ere, eta Lakuako 11 erabiltzaile han dira orain. Erabiltzaileen %85 “etxegabeak” dira, beste %15 konfinamendu garaian kalean geratu diren pertsonak, bizi ziren pentsioa itxi dutelako edo bikotearekin apurtu dutelako, esaterako.

Isiltasuna handia da frontoian, dagoen jende kopurua kontuan izanda. 51 plaza, 51 telazko esku-ohe frontoiaren kantxan ilaratan sakabanatuta, elkarrengandik ahalik eta aldenduen. Hiru emakume dira soilik, “beren” espazioa horman itsatsitako paper batek bereizten du. Esku-ohe bakoitzaren ondoan nork bere jabego gutxiak ditu pilatuta, batzuek aurreko eguneko tailerrean egin duten paperezko lorearekin dekoratu dute. Kontrakantxan telebista handi bat dago, enpresa batek utzia, hiruzpalau lagun daude aspertu itxurarekin hari begira. Gutxi batzuk esku-ohean luze etzanda daude, izkina batean talde txiki bat hizketan, harmailetan bakarti parea, erretzeko gunetik joan-etorrian beste zenbait. Konfinamenduaren zortzigarren astean gaude.

“Egunero bero jaten ari naiz”

Doris Casas Fríasek 54 urte ditu, hizketa bizia eta umoretsua du eta erraz hunkitzen da. Gasteiztarra da jaiotzez, ama eta seme bat ditu bertan. Amarekin egunero hitz egiten du telefonoz, arduratua dago alzheimerra garatzen hasi delako. 33 urteko semearekin ez da egon bi urtean, “momentuz ez nau ikusi nahi”. Ulertzen duela dio, semeaz aprobetxatu zela garai batean, “baina berreskuratzeko esperantza dut”. 2019ko maiatzetik bizi da kale gorrian: “Santiago kaleko kutxazainean egiten nuen lo”. Aurretik etxegabeentzako Aterpe udal zerbitzuan ematen zituen gauak. “Bizitza eman dut ostalaritzan lanean, 20 urtetik gora ditut kotizatuak. Baina bizitza okerrak, drogek, lagunarteak eta nik neuk... nirekin amaitu dute”.

Argazkia: DosporDos.

Lehen egunetik dago Lakuako zentroan bizitzen. Ondoren elkarrizketatuko ditugun beste hiru lagunen moduan, esker oneko hitzak ditu GGko profesional eta boluntarioentzako: “Hasieratik dena izan da zaintza eta arreta”. Uneoro jardueraren batekin entretenituta egon daitezen arduratzen dira: zumba egunero, eskulanak... Enplegu edo ikastaroetarako akonpainamendua egiten ere saiatzen dira. Emakume batentzat zentroan bizitzea ez dela erraza dio. Baina haserre dago aurreko egunean zentroan gertatu den sexu-erasoaz zenbait hedabidek informatzeko izan duten moduarekin.

Konfinamendua amaitzean, bertan jarraitu nahiko luke, kariñoa, garbitasuna eta jatekoa duelako. “Bero jaten ari naiz. Kutxazainean hainbeste denbora eman ostean nire onera etorri beharra nuen, atseden hartu, lo egin”. Casas pozik dago enplegu baterako aukera lortu duelako. Ostalaritza maite du, jendearekin tratua, “baina neska gazteak nahi dituzte soilik”. Konfinamendu osteko lehen egunean tabernek “kristoren dirutzarra” egingo dute, dio, barre algarak piztuz. Hiru hilabete daramatza kontsumitu gabe. “Borroka egin nuen, desanimatu nintzen ondoren, eta laguntzarekin ostera hasi naiz”. Bere semea berreskuratu nahi duela errepikatu digu.

Haurtzarorik ez

Cristian Rodríguez Pérezek 24 urte ditu, zentroko gazteena da: “‘Ume bat zara, zer egiten duzu hemen?’, esaten zidaten hasieran”. Abiadura bizian hitz egiten du, irribarretsu uneoro. Iruindarra da jaiotzez, baina beti bizi izan da Gasteizen. “Gelditu ezin duzun tornado baten modukoa izan zen”, laburtu du Lakuan egotera eraman duen bideaz. Garai batean alokatutako etxe batean bizi zen bakarrik. Ondoren gela batean. Alarma egoera ezarri aurreko astean lanik gabe geratu zen eta hilabetera dirua amaitu zitzaion.

Argazkia: DosporDos.

“Umetatik heldua izatea egokitu zait, ez dut haurtzarorik izan. Ama zaindu behar izan nuen 6 urte nituenetik, munduan gehien maite nuen pertsona, 18 nituela hil zen arte. Ez da ume batentzako bizitza”, dio Rodríguezek. Aitarekin ez da ondo konpondu: “Ez dut inoiz izan bere babesik, gorrotatzera heldu naiz”. Anaia nagusia du amaren aldetik eta bi arreba txiki aitarenetik, haiekin harremana mantentzen du. “Bizitza behetik gora eskalatu behar den arrosa baten modukoa da. Petaloak lasaitasuna dira, baina bidean arantzak daude. Borrokatu beharra dago”. Antzeko irudiak errepikatuko dizkigu hiruzpalau aldiz.

Astebete darama Lakuako zentroan Rodríguezek. Bigarren egunerako erabat integratua zegoela dio: “Familia txiki baten antzekoa da, kariñoa hartzen diezu, pertsona onak dira”. Asko direla eta batzuetan tentsioak eta haserreak sortzea ekidinezina dela uste du. “Nik ere baditut haserrealdiak, deabrutu egiten naiz”, dio irribarrez. Orduan harmailetara jotzen du bakarrik egoteko, edo rapera: “Inprobisatu egiten dut baina kantatu gabe. Barrenak husteko balio dit, hori hemen garrantzitsua da”. Elkarri eusten diote etxegabeek. Berari kosta egiten zaio laguntza onartzea baina, aldiz, ezin du eraman jendea txarto ikustea, eta laguntzekoa da oso: “Nire amak erakutsi zidana da, kabitu ezinezko bihotza zuen, bere legatua jarraitzen dut”.

“Batzuetan, nola gauden begiratu eta pentsatzen dut, ‘zer pena’. Gero diot, ‘zer pena eta zer penaondo, pertsonak gara”. Lakuako bizipena oroitzapen on baten moduan gordetzea nahiko luke, eta bertan ezagutu dituen pertsonekin harremana ez galtzea. Etorkizunari beldurra jendartean hedatu den garaiotan, berak beldurrik ez diola dio: “Honek indarrak ematen dizkit lana eta etxe itxuroso bat bilatzeko”.

"Gogorrena zutaz inor ez arduratzea da"

Hizketan aritu garen bitartean Manuel Cantero Bustamante ondoko mahaian egon da koaderno baten marrazkiak koloreztatzen. “Lotsati xamarra naiz”, aurkeztu du bere burua hitz batzuk konpartitzeko proposatu diogunean, baina jarraian askatu da. Zamudioarra da, bertan bizi izan zen ama hil arte eta ondoren Laudiora jo zuen. Konfinamendua hastean arrebak hartu zuen bere etxean, baina hilabete eta erdiren ostean kanporatu egin zuen. Aurretik bi urte eta erdi zeramatzan kalean bizitzen. Kalean geratzera “drogek eta buru txarrak” eraman zutela dio. Buruko gaixotasuna du eta ezgaitasunagatik diru apur bat jasotzen du. Bederatzi urte egin zituen medikazioa hartzen. “Duela bi urte sustantziengatik utzi nuen”.

Argazkia: DosporDos.

Zentroan pixkana lagunak egin dituela dio, baina beste batzuekin elkarbizitzak arazoak sortzen dituela. Denbora pasa dadin jarduera guztietan parte hartzen du. Ordu asko ematen zituen pasioan bere txakurtxoarekin, eta bien falta handia du, pasio luzeena eta arrebarenean geratu den txakurrarena. Berarekin gaudela tenperatura hartzen dio GGko boluntario batek –egunean bi aldiz egiten dute–, ez dio kutsatzeari beldurrik: “Gauza okerragorik egin dut eta ez naute akabatu...”, dio umoretsu.

Jendearen beldurra bai sumatzen du, eta ulerkor azaldu da: “Horregatik bota ninduen nire arrebak. Ostalaria zen, enplegurik gabe eta langabezia txikiarekin geratu zen, bi umerekin. Eta nirekin, baldar hutsa nintzela”.

Kontsumitzeari utzi dio Canterok, “hilabetea eta zortzi egun daramatzat garbi”. Nahi eta behar duena desintoxikazio gune batean sartzea dela dio, eskaera egina du eta ordu batzuk barru du lehenbiziko elkarrizketa zentrokoekin: “Energia falta zait, baina borondatea badut eta pertsona onen laguntzaz lortuko dut”.

Agur esan diogu elkarri, baina zer edo zer gehiago esan nahi duen galdetzean hunkituta erantzun du: “Iragan astean amaren heriotzaren urteurrena izan zela, eta baita arrebarekin harremana berrartu nuen eguna ere. Deitu eta zer moduz dagoen galdetu nion, ordutik egunero hitz egiten dugu. Aste bat eman nuen inoren berri izan gabe. Zutaz inor ez arduratzeak isolatuta egoteak baino min handiagoa ematen du”.

“Nahikoa da kakaren pare tratatzeaz!”

Luis Álvarez Lópezek hitz egin nahi duela esaten digu: “Argitu nahi dizuet nola funtzionatzen honek”. Lehenbiziko kritika udalarentzako da, eta argi utzi nahi du GGa ondo ari dela berea egiten. Baliabide hau zerbitzu sozialen menpekoa eta udalaren ardura politikoa dela gogoratu, eta salatu du zentroak irekita daramatzan zortzi asteetan udalaren aldetik gizarte langileak soilik pasatu direla, behin bakarrik: “Hamar minutuz, ‘mantendu distantziak’ errepikatzera soilik”. Álvarezen ustez, bost axola die nola eta zer baldintzatan dauden. “Beno, guk egunero bidaltzen ditugu txosten pertsonalizatuak”, ñabartu dio entzuten ari den GGko langileak. “Baina niri esan didazue ez dietela txostenei inongo kasurik egiten”, erantzun du Álvarezek, eta langileak arrazoia eman dio.

Argazkia: DosporDos.

Zentroaren gabeziak zerrendatzeari ekin dio jarraian. Ondoan futbol zelai handi bat dute, baina itxia ez den gune bakarra 50 metro koadrora murriztu die poliziak –50 pertsonarentzako– ikusmena eragozten duten hesi altu batzuekin, bizilagunak kexatzen direlako, antza. Agureen dieta egiten dute, zahar etxeetako berbera delako: “Purea, arraina, indioilarra. Etengabe”. Bi hilabeteren ondoren muturreko larrialdientzako esku-ohe estuetan lo egiten jarraitzen dute: “Esango didazu udalak ez dituela 50 koltxoi madarikatu?”. Bizitza osoa espazio bakarrean egiten dute, inongo intimitaterik gabe, tartean buruko gaixotasunak, adikzioak, jarrera agresiboak dituzten pertsonak: “Espazio bakar bat ere ez dugu arazoak ematen dituzten pertsonentzako”. Ezin dute kalera irten GGren txaleko gorri deigarria jantzita ez daraman langile batekin ez bada: “4. Bko bizilagunari ere lagundu behar diote estankora, estigmatizatuz? Zergatik niri bai?”.

“Nahikoa da gu kakaren pare tratatzeaz. Gasteizko zaborra garenez, zer gehiago nahi dugu? ‘Zertaz kexatuko dira kartoi artean egiten badute lo?’”, dio Álvarezek. Sindikoarekin eta udaleko talde politikoekin harremanetan jartzen saiatu da: “Hona ez da inor gerturatu, eta prentsa datorrenean inork ez du gurekin hitz egiten”.

57 urteko gasteiztarra da Álvarez. Aitak eraikuntza enpresa txikia zuen eta harekin egiten zuen lan, baina behea jo eta itxi egin zuten. Ordutik tabernari, topografo, artzain, patata jasotzen... egin du lan. “Hori egin dut bizitza osoan, lan, lana egon den bitartean”. Urte batzuk dira patata jasotzeko garaiko lana lortzen duela soilik: “57 urterekin bizitzatik urruntzen ari naute”.

Urte eta erdi dela geratu zen etxegabe. Olarizu auzoan okupatu zuen, azken urteetan berdina egin duten beste hamarnaka gasteiztarrek bezala. Justu konfinamendu aurretik alde egin zuen bertatik, “bestelako arazo” batzuengatik. Ia 100 pertsona izatera heldu zirela dio, familiak, herrialde ezberdinetakoak, ijitoak, paioak... oro har ondo konpontzen ziren. “Dozena bat zeuden oso gatazkatsuak, El Correo-k etengabe hitz egiten zuen haietaz”. Udalaren kriminalizazio kanpaina gogor salatu du: “Esaten digute: ‘Zuena bai kopeta, etxea musu truk nahi duzue’. Alkateak prentsaren bidez San Antonioko Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuetara bidaltzen zaitu, joan eta esaten dizute ez dagoela tokirik inon”.

Osasun krisia amaitzean haiekin zer gertatuko den galdetu diogu Álvarezi: “Argi dago, denak kalera, eta alkateak esango digu San Antoniotik pasatzeko”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bazterkeria
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-11 | Irutxuloko Hitza
Donostiako belodromoaren arkupean "hesi lotsagarriak" jarri izana salatu du Harrera Sareak

Donostiako Harrera Sareak belodromoko arkupean oztopoak jartzea salatu du. Zehazki, azken egunotan jarri dituzten hesien aurka egin dute sare sozialetan. Zabaldutako adierazpenetan adierazi dutenez, udala muga horiek jartzen dabil etxerik gabeko donostiarrek bertan lo egin ez... [+]


Manu Agirre. Ume itsuekin akordatzen?
"Gu ez gara Euskal Herri politiko eta instituzionalean bizi"

Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]


Unibertsitateko ikasleak, bazterkeria arriskuan dauden haurren bidelagun

Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 10 eta 14 urte arteko haur migratzaileak eta haien mentore izan nahi duten ikasle helduagoak (goi mailako ikasketak egiten ari direnak) elkartzen ditu Urretxindorra proiektuak. Proiektuaren bederatzigarren edizioa abiatu berri da eta 37... [+]


2022-10-17 | Lide Iraola
Galtzak janzteagatik Basauriko sokatira txapelketatik kanpo utzi dutela salatu du emakume batek

Sokatirarako jantzi ofizialei buruzko arauek diote emakumeek gona jantzi behar dutela, eta gizonek prakak. Emakumeak hori amaitzeko eskaera egina zuen, baina aurten ez diote utzi galtzekin lehiatzen. Eztabaida "luze" joango dela erantzun diote.


Eguneraketa berriak daude