Nafarroan txerto dosia hartutakoen %1ak adierazi du eragin kaltegarriren bat

  • Martxoaren 7an 76.997 txerto dosi emanda zituen Nafarroako Gobernuak. Dosia hartu zutenengandik, eragin kaltegarrien 809 adierazpen jaso zituen egun horretarako Nafarroako Gobernuak (%1a beraz). Adierazpen hauetatik 766 (%95a) "arinak" izan dira, eta beraz, 43 kasu larriagoak. Eusko Jaurlaritzak ez du txertoen ondoren jasotako adierazpen kaltegarrien daturik eman.


2021eko martxoaren 16an - 09:05
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, eragin kaltegarrien adierazpen hauetatik 517 izan dira Pfizer Comirnaty txertoa jaso dutenenak, 122 adierazpen Moderna jaso dutenenak eta 170 adierazpen AstraZeneca jaso dutenenak. Kontuan izan behar da Pfizer dela gehien jarri den txertoa: martxoaren 15eko Espainiako Gobernuaren datuen arabera, Nafarroak Pfizerren 69.765 dosi ditu jasoak, 5.900 Modernarenak eta 23.600 AstraZenecarenak. Espainiako txostenak ez du zehazten txerto mota bakoitzetik zenbat dosi eman dituen Nafarroak.

Nafarroako Gobernuak martxoaren 15ean adierazi duenez, AstraZenecaren eragin kaltegarrien 170 adierazpen horietatik %99 ez larri gisa hartu dituzte.

Buruko min gogor eta iraunkorra jasaten dutenei deia

Nafarroako Gobernuak abisua bidali die azken 14 egunean txertoa jaso eta buruko min gogor eta iraunkorra dutenei, baldin eta min hori asko aldatzen bada etzaterakoan, edo ikusmenean aldaketarik sumatu baldin bada: medikuari kontsulta egiteko.

Osasun langileei eskatu die aukera hau kontuan hartzeko alarmarako datuekin eta buruko min iraunkorrekin doazen gaixoen kasuetan, batez ere trombosi arrisku faktoreak baldin badituzte.

Hego Euskal Herrian bizi diren biztanleentzat, eragin kaltegarrien adierazpena Espainiako Gobernuaren webgune honetan egiten da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
2022ko otsailaren 16
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eguneraketa berriak daude