Iruñearen euskaltasunerainoko bidaia

  • Zeruko Argiaren sorgunera itzuli ginen otsailaren 23an. Mundua, mendea, jendea, denak batu ziren Iruñean, ARGIAren mendeurrena ospatzeko antolatu genuen hiri buruzagiaren euskaltasunerainoko bidaian.

ARGIAren jatorrira bidaia egin zuten lagunetako batzuk, Nafarroako artxibategian Santi Leonéren hitzaldia entzuten (argazkia: Dani Blanco).
ARGIAren jatorrira bidaia egin zuten lagunetako batzuk, Nafarroako artxibategian Santi Leonéren hitzaldia entzuten (argazkia: Dani Blanco).

80 bat laguneko koadrilan goaz Arga ibaiaren inguruan, trikiti doinuen erritmoan, paseo alegeran. Damaso Intza fraide kaputxinoaren aurpegia eta “Jatorrira bidaia” hitzak dauzkan afixa gorria darama makil baten puntan Patxi Larrionek, denen aitzindari, hiri buruzagian gidari paregabe, mende bat atzera begiratuz etorkizunerantz eramango gaituen egun-pasan. Eguraldia ere alde dugu, eguzkitsua atera da otsailaren 23a eta Iruñean eguzkia esatea asko esatea da: beste inon ez ditu Astro Nagusiak hemen bezalako kolorez bainatzen bazterrak.

Fraide kaputxinoen komentuan hasi dugu goiza, 1919an toki honetan hasi baitziren Damaso Intza eta Aita Buenabentura orduko euskaldun jendearekin konektatu nahi zuen aldizkarian buru-belarri. Hilabetekari erlijioso bat, Zeruko Argia: Astro Nagusiak orduan gurutzeak eta fedea zituen lagun, bestela tindatu dira euskaldunen kronikak geroztik, baina hari fin batzuek iraun dute eta Iñaki Camino ibili da horien gainean ekilibrista, 1986an berak eta Josu Landak Intzari egin zioten elkarrizketa birgogoratuz. Mende oso bat zeraman bizkarrean jada Migel Olasagarrek –hori zuen jaiotze-izena– 80ko hamarkadan bi gazte grabagailuz eta argazki kameraz etorri zitzaizkionean. Hilabete gutxi geratzen zitzaizkion mundu honetan. Urrikaldu ziren bi gazteak, Zeruko Argiaren sorreraren ingurukoez galdetu ondoren jakin nahi izan zuten ea ondo lo egiten zuen, ea ametsik egiten zuen, osasunez nola ote zebilen. Eta erantzun zien Intzak. Bere modura: “Ez zen makurtzen guk egindako galderetara. Guk galdetu eta berak galdera hori bere alderdira lerrarazten zuen beti. Zaila zen guk nahi genuen lekura eramatea”, dio Caminok –eta guk diogu jarrera horri nahi diogula eutsi ARGIAn mende baten ondoren: agenda propio bat, makurrezina, menderagabea–.

Arga ibiaiaren inguruan egindako promenaldiarekin hasi genuen otsailaren 23ko egun pasa (argazkia: Dani Blanco).

Promenatu gara, hortaz, Kaputxinoen egoitzatik abiatuta Arga –ibaiaren– inguruetan eta pitaka-pitaka joan gara biltzen Argaren –Arrotxapeko taberna, kasu honetan– kanpoaldean, ailegatu ahala Arrotxan Kantuz taldeko lagunek ARGIAri “zorionak zuri” kantatzen diotela. Hamaiketakoa, orotariko solasaldi informalak eta leku honetan pit stop hau egitearen motiboa: batetik, auzoaren nortasuna metro karratu bakoitzean erakusten duen taberna hau inguruko euskaldunen bilgunea dela; bestetik, Ivan Gimenez kolaboratzaileak finki esplikatu duen moduan, urtetan leku honetatik pasatzen zela Plazaola trena probintziara –alegia, Gipuzkoara– bidean. 1914an jarri zen martxan orduko euskaldunek bultzia deituko zioten burdinazko suge hura. Duela bost bete zuen mendea beraz. Egina dago konexioa: 100 urteak eta ARGIAren Lasarte-Oriako egoitzara daraman bidea gurutzatzen diren lekuan gaude.

Arrotxapeko Arga tabernan egindako geldialdian, Arrotxan Kantuzeko lagunek "Zorionak zuri" abestu zioten ARGIAri (argazkia: Dani Blanco).

Ez denbora askorako hala ere, Nafarroako Artxibategian beste zita bat baitaukagu historiarekin. Trikiti, pandero eta festa iritsi gara eta sarreran dagoen hiriko maketaren inguruan bildu. Santi Leonéren momentua da. Aipu bat irakurri du bere hitzaldia hasteko: “Ausarta eta kementsua, baina aldi berean zakarra den bizkaitarrak eta zuberotar finak hizkuntza bera hitz egiten dute, eta bakarrik egun guttiko tarteak bereizten du bata bertzearengandik; elkarrengandik hurbil dauden eskualdeetan hitz ezberdinak erabiltzen dituzte, baina hizkuntza berari dagozkionak, gauza berberak izendatzeko; ondo-ondoan dauden herriek nekez ulertzen diote elkarri, baina elkar onartzen dute nazio baten eta beraren anaiak gisa”. Nork esana da? Telesforo Monzonek? Txillardegik? Ez:  Wilhelm von Humboldt jakintsuaren hitzak dira, Die Vasken liburutik ekarriak. 1801ean publikatutako lan horretatik gaur egun arte euskaldunak izendatzeko moduaz eta, zehazki, Nafarroan euskalduntasunaren aferak izan duen garapenaz hitz egin du Leonék: “Nafarroako gizartearen parte handi baten historia urruntze baten historia da: euskal ideia batetik, euskal herritik urruntze baten historia da”. Baina orain ere, “ARGIAren eskutik independentzia astero ikusten dugu eta hemen gaude, Iruñean, XVIII. mendean Etxeberri Sarakoak eta XX. mendean Patxi Larrionek aldarrikatu bezala, euskaldunen hiri buruzagian”.

Done Saturdi karrikan eguneko azken talde argazkia (egilea: Dani Blanco)

Badugula zerbait elkarren artean alegia, euskal herritar garela denok edo, zenbaitek diotenez, guztiok garela nafarrak; edo, Joxemiel Bidadorrek bere buruaz zioena koadrila osoari zabalduz, hemen elkartu garela Iruñeko gipuzkoar batzuk, bagoazela norabait, oraintxe Mañueta karrikaren amaieran –edo hasieran, nondik begiratzen zaion– itxita dagoen denda baten atarira, non zeukaten, hain zuzen, Bidador zenaren gurasoek negozio familiarra –han lan egin zuen gaztetan 2010ean hil zen intelektual euskaltzale handiak–. Haren omenez talde-argazkia egin dugu San Frantzisko plazara joan aurretik. Zain geneuzkan Estitxu Eizagirre eta Ixabel Bereziartua, ARGIAren oinarrizko kanpamenduan. Alde Zaharrean egin nahi genuen ginkana denbora faltagatik bertan behera utzita, bazkaltzera geratu behar ez zirenentzat oroigarriak banatu eta Done Saturdi kalean Diana ehiztariari eskainitako fatxadaren ondoko eskaileretan beste argazki bat egin dugu, elizgizon ar baten arrastoan hasi dugun bidaia emakume pagano baten laguntzaz amaitzeko.

Zain dugu bazkaria Zaldiko Maldiko elkartean. Gose eta egarri gara dagoeneko. Pentsa zenbateraino, haluzinazioak edukitzen ere hasi baitira batzuk: Wyoming Handia, umoregile espainiar ezaguna, hiri buruzagiko karriketan ikusi dutela diote zenbaitek. Beharrik, jana eta edana garaiz iritsi dira. Eta enpo egin ondoren, bertsoak kantatu –kategoriakoak, Sustrai Colinak idatziak, ikusi beheko koadroan–; eta gero trikiti gehiago eta solas gehiago eta hemen kontatuko ez ditugun konspirazio batzuk ere bai. Bakoitza bere etxera abiatu denerako, argi askorik ez da geratzen zeruan –eta ARGIA ere ez da zerura itzuli; barkatu gure zorrak, Damaso–. 

Historia etxetik hasita: kaputxinoen artxiboan

Ikertu ez, guk historia egin behar dugu. Arrapostu hori eman zidaten Zeruko Argiaren sorrera aztertu beharra zegoela proposatu nuenean, 80ko hamarkadaren akabera zen, Donostiako Mundaiz bidean ginen.

Azken hogei urteotan etxetik ehun metro eskasera izan dut kaputxinoen komentua, hurre duela 100 urte abian jarri zuten aldizkariaren artxiboa.

Iritsi da eguna. Bost lagun sartu gara Arga ertzeko Errotazarren, neguko eguzki gorriak gozatzen du patioa. Bertan, 1986ko irailean Iñaki Camino-Josu Landa bikoteak elkarrizketatu zuen Intzako Damaso, gu boston imaginarioan iltzaturik da enkontru haren argazkia.

Urre gorria dugu helburu. Miren liburuzainak eta J. Angel artxiboko arduradunak gidatu dute gure xerka. Damasoren artxiboa eskuratu eta miaketa hasi da. Oieregiko Buenabenturaren arrastorik ez, momentuz.

Bi ordu eskas eman ditugu agirien miaketan, tarteka erlojupekoan ari garela begitandu zait. Aitor dezadan, ez dugu urre gorririk kausitu, edo bai?

“Lokarri hori harrapatzera etorri ginen Josu eta biok” aitortu digu Caminok “Jatorrira bidaia” ekitaldian. Guk Damasoren gutuneria aztertu eta 70eko hamarkadako perla hauek bildu ditugu: “Z.A. deitzen den asteroko orrek orain ere beazunez betetako beste idazki bat argitara eman du…”; “Zeruko ez den horretan…”; “Z. A. askotan nazka eman didan seme biurri itzuli zaigu…”. Kritikoa zen zeruko hizki txikiz idazten zuten orduko kazetariekin, baina aldizkaria irakurtzen zuen.

Artxiboan arakatutakoen artean, Z. A.rekin zerikusi zuzena ez duen testuren bat. Araitz ibarreko gaztain motak izeneko saiakera, argitaragabea?

Beti ere, puskaz interesgarriena, Euskeraren Adiskideak elkartearen artxiboa iruditu zait. Baina nola iritsi da hori Damasoren artxibora? Gerrak euskalgintzara ekarri etenaren beste lekukotasun bat. Agiri horien artean “Euskaraz mintzatzen da” kartela eta horrekin batera gutun bat, merkatariak animatuz kartel hori jartzera, noiz eta 30eko hamarkadaren hasieran.

Egun Nafarroako ospitale publikoetan bada formula bat eriak sailkatzeko tenorean, “Paciente difícil de historiar” esaldiaren atzean euskaldun elebakar bat ezkutatzen da.  Badute zer ikertu soziolinguistek.

Orduz geroztik lau aldiz bisitatu dut komentua, Historia etxetik hasi behar baita.

Patxi Larrion

... eta zu kontalari

Doinua: Jardin bat zuretzat (Xabier Lete)

-1-
Harresiak hesteetan
al daramatzazu?
Berlingoa hauts al da?
Tijuanakoa su?
Martxoaren 8ak
ehun al dauzkazu?
Gernika Monbar ote?
Aiete, Altsasu?
Nor aldatu da gehien,
mundua ala zu?

-2-
Joan ziren Maurizia,
Laboa, Xalbador...
ETA historia da,
eliza lur agor.
Jausi ziren dorreak,
erori zen Fagor;
Parisetik jadanik
umerik ez dator!
Zu nor zara munduan,
baina munduan nor?

-3-
Agian hartxintxar bat
botetan saltoka:
ez guztiz Bildu ta ez
aski EAJ.
Ez harra, ez emea:
biak, asko jota.
Ez homo, ez hetero...
Liga eta kopa!
Argia barroteen
artean dago ta.

-4-
Gurutzean eskegi
duzu San Balentin;
Hirutasun Santuan
bilatu lau erpin.
Nahiz eta bizitzari
zuk bertatik ekin
orain nor fidatzen da
sotanapeekin?
Aita hiltzeak kalte
ezin zizun egin.
 
-5-
Mozalei hozka inoiz
ez denez gaur bera
bide itsuan ere
zu beti aurrera,
etsi gabe inoren
esku-ahurrera;
euskararen begian
gorria urre da.
Ez zinen atzo jaitsi
zerutik lurrera.

-6-
Jasotakoa libre
utziz oinordetzan
bat eta bat hamaika
dira lankidetzan.
Kontraesanak altxa,
botereak etzan!
Zaildu ez ezik zaindu,
agindu ez, esan,  
euriak ere behetik
gora egin dezan.

-7-
Ez zaio hitz gutxitan
luma anitz ari
‘sentimentatzen’ joan
den giza flysch-ari.
Altabozik gabeko
kausen zerbitzari,
bere handitasuna
eman bizitzari
eusteko zero zabor
kazetaritzari.

-8-
Gartxotez gogoratzen
ote da Itzaltzu?
Ze herri dira Sara
eta Arantzazu?
Paperezko hesterik
ba ote daukazu?
200 betetzean
esango didazu,
nor aldatu den gehien,
mundua ala zu.

Sustrai Colina (2019ko otsailean)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude