Mundua Txillardegiren begien bitartez

  • Ostegun honetan aurkeztuko dute Jose Luis Alvarez Txillardegi-k prentsan argitaratutako kronikak biltzen dituen liburua. Donostiako idazle eta pentsalaria hil zenetik hamar urte bete dira aurten eta efemeridearekin bat eginez, haren ibilbidea hobeto ezagutzeko bidea izango da aste honetan antolatu diren beste zenbait ekitalditan ere.


2022ko urtarrilaren 12an - 06:14
Azken eguneraketa: 01:29
Txillardegi 2007an (argazkia: Dani Blanco).

Koldo Izagirrek prestatutako edizioan, Juan Luis Zabalarekin batera idatzitako hitzaurre eta guzti aurkeztuko da Kronikak (Susa), 1968 eta 1986 artean Txillardegik hainbat agerkaritan publikatu zituen kazetaritza-lanak biltzen dituen liburua –Anaitasuna, Egin, Punto y Hora de Euskal Herria, Plazara, ARGIA eta batez ere Zeruko Argia-n agertu ziren lehen aldiz testuok–.

Txillardegi bidaiaria aurkituko du irakurleak orrialde horietan, Belgika, Norvegia, Estatu Batuak, Gales, Galizia eta Andorratik idatzitako kronikak, Euskal Herria inoiz ahaztu gabe, liburuan badaude-eta Barkoxetik, Altzürükütik edo Berrizaundik idatzitako kronikak eta, atzerrira doanean ere, etxerako baliagarri suerta daitekeena jasotzen duela ikusiko du irakurleak.

Ez dira turista arrunt baten kontakizunak, hitzaurrean Izagirrek eta Zabalak diotenez: “Gizakia ulertu beharra, gizartea esplikatu nahia: Txillardegi ibiltariak jakin-minez hartzen ditu lekuak eta gizarteak, herriak eta herritarrek eraikitakoak. Kosmopolitismoaz harago, etenik gabeko ikasketa horrek badu loturarik bere jatorriarekin. Edonon dela, barruan darama Txillardegik euskal herria, batetik bestera dabilen exiliatua da, ikusten dituen moldeak eta politikak euskaldun multzoaren onerako izan ote litezkeen hausnartzen”.

Lekuetan barrena ez ezik, denbora barrena egindako bidaiak ere badira kronika hauetakoak: 1968an Bruselako unibertsitate okupatuan dagoela, Txillardegik hormetan irakurtzen dituen esloganak kontatzen ditu, zerrendatzen ditu gazte erreboltarien kezkak, aztertzen ditu haien ideiak eta ematen du bere iritzia, beharbada, denbora berriz zeharkatuz, gaur egungo eztabaidaren bati ere zerbait ekarriko diona.

Norvegian supermerkatuen kontzeptuak 1969an zergatik ez zuen funtzionatzen esplikatuko du –“Handienetako batzuk hetsi ere behar izan dute; eta beste mordo bat koloka omen dago. Garestixeago ordaindurik ere norvegiarrak alboko lagunari erostea nahiago du!”–; Londresko Oxford Streeten ikusiko dituen Hare Krishna mugimenduko kideak interesatuko zaizkio; AEBetako euskaldunen identitate konplexuaren berri emango du eta Etxahun Iruriren hileta elizkizuna kontatuko; eta hartuko du kritika maleziatsurako ere tarterik, 1978ko kronika batean politikari profesional bihurtzeko bidean den norbaiten “egunkari ezkutua” argitaratzean.

Izagirrek eta Zabalak hitzaurrean dioten moduan, Txillardegik lortzen du irakurlea turista bilakatzea, “turista kritiko eta aktiboa, jakina”. “Hain daude kronika hauek gardentasunez ehunduak, hain galbahe ideologikorik zein nartzisistarik gabe idatziak, non, testura bestelako asmoz hurreratuagatik ere, gozatu egiten baitugu kronistarekin batera, harengandik gertu sentitzen garela”.

Txillardegiren ekarpenak gogoan

Idazlearen heriotzaren hamargarren urteurrenarekin lotutako ekitaldiak urtarrilaren 11n hasi dira, “Txillardegiren hizkuntza. Politikaren oinarriak eta bere gaurkotasuna” hitzaldiarekin. Alaitz Aizpuruk –Filosofian lizentziaduna eta Txillardegiren lanaren ikertzailea Jakin-en– eta Iñigo Urrutiak –EHUko irakaslea, hizkuntza eskubideetan aditua– hitz egin dute Donostiako San Telmo museoan.

Leku berean ostegun honetan Susak, Euskal Idazleen Elkarteak eta ARGIAk aurkeztuko duten Kronikak liburuaz gain, hilaren 18an bi liburu berri aurkeztuko ditu Jakin Fundazioak: Txillardegi: euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea. Liburu horien aurkezpenean parte hartuko dute Alaitz Aizpuruk, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak eta Igone Lamarainek.

Antigua auzoan jaiotako idazlearen ibilbideari errepaso sakona egiten ari da Jakin, “Dabilen pentsamendua” liburu-bildumaren barruan. Miren Rubio Iturriak idatzitako Txillardegi: batasunaren pentsalaria lanarekin hasi zen sailari segida eman zioten euskara batuari buruz, nazio auziaz eta hizkuntzaren filosofiaz idatzi zituen testuen antologiek. Hil honetan aurkeztuko dituzten bi obra berriek funtzio garrantzitsua beteko dute intelektual donostiarraren ekarpen ugariak behar bezala transmititzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txillardegi
Txillardegi omendu dute, bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean

Euskaltzalearen ekarpena nabarmendu eta Udal Liburutegia 'Txillardegiren izenean jartzeko' eskatu dute omenaldian.


2024-01-08 | ARGIA
Txillardegiren heriotzaren XII. urteurrena
Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena ematea aldarrikatuko dute beste behin

Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak, urtero bezala, aitortze ekitaldia egingo dio Donostiako politikari, hizkuntzalari eta idazleari. Beste behin eskatuko dute Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea.


Covitek Txillardegiri buruzko ikasleentzako bideo baten aurka jo du

Ikusgela proiektuko bideo baten aurka jo du Covitek. Argudiatu du Txillardegiren irudia “zuritzen” duela, eta ETAk eragindako biktimak “iraintzen” dituela bideoan bera “euskal kulturaren salbatzaile” gisa aurkezteak.


2023-01-03 | Irutxuloko Hitza
Txillardegiren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia urtarrilaren 14an egingo dute

Urte berriarekin batera, Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak tradizio bihurtu du Txillardegi bera omentzeko eguna. Haren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia hilaren 14an egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan –Antiguako Gaskonia plazan–... [+]


Eguneraketa berriak daude