Txillardegiren heriotzaren hamargarren urteurrena oroitzeko programa aurkeztu dute

  • Urtarrilaren 14an hamar urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela. Omenaldi gisa zenbait ekimen prestatu dituzte datorren urtarrilerako, "Txillardegiri zor zaion aitortza publikoa aldarrikatuz eta izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegi zentralari bere izena jar diezaioten eskatuz". Mahai inguru bat, Txillardegik idatzi zituen kroniken liburuaren eta berari buruzko bi libururen aurkezpena eta Antiguan omenaldia prestatu dituzte, besteren artean.


2021eko abenduaren 20an - 08:49
Azken eguneraketa: 10:06
Txillardegi hil zela hamar urte beteko dira. (Argazkia: Dani Blanco)

Urtarrilaren 11n, 13an, 15ean eta 18an izango dira Txillardegiren omenezko ekimenak eta guztietan osasun neurriak hartuko dituzte.

Urtarrilaren 11n, asteartez, 19:00etan San Telmo Museoan, “Txillardegiren hizkuntza politikaren oinarriak eta gaurkotasuna” mahai ingurua egingo dute Araitz Aizpuru eta Iñigo Urrutiak, Telesforo Monzon Fundazioko Txillardegi Gogoeta Guneak (TMelab) antolatuta.

Urtarrilaren 13an, ostegunez, 19:00etan San Telmo Museoan, “Kronika" liburua aurkeztuko dute Koldo Izagirre, Garbiñe Ubeda, Juan Luis Zabala eta Gorka Bereziartuak. Susa argitaletxea eta ARGIAk antolatua izango da.

Urtarrilaren 15ean, larunbatez, eguerdiko 12:00etan, Antiguako bere horma irudiaren aurrean, omenaldi ekitaldia egingo diote. Lehenik eta behin, horma irudi berritua inauguratuko dute eta ondoren, euskal idazle baten esku hartzeaz gain, txilar landareak landatuko dituzte. Bertan izango dira txalapartariak, Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Janitz Enparantza txistularia eta Sua Enparantza eta Natale Bueno dantzariak, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Ekimena Euskal Herrian Euskaraz kanta abestuz eta muxiko bat dantzatuz amaituko dute. “Txillardegi Udal Liburutegia” herri ekimenak antolatuko du.

Urtarrilaren 18an asteartez, 19:00etan San Telmo Museoan, Jakin fundazioak prestaturiko Txillardegiri buruzko bi liburu berri aurkeztuko dituzte: “Txillardegi: Euskalgintza” eta “Txillardegi: intelektuala eta gizartea”, Alaitz Aizpuru, Lorea Agirre eta Igone Lamarainen eskutik.

2022ko udaberrian, Telesforo Monzon Fundazioaren egoitza den Bergarako Olaso Dorrean, Txillardegiri buruzko erakusketa zabalduko dute eta Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak mintegi berezia antolatuko duela iragarri du. Azkenik, hurrengo Korrikaren edizioa Donostian bukatuko denez, “Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimena” taldeak ekimen berezia prestatuko du “Txillardegi Udal Liburutegia”-ren aldeko aldarrikapenak presentzia izan dezan.

Hamar urtez babesa handitzen

Txillardegi Udal Liburutegia ekimeneko kideek, prentsara igorritako oharrean nabarmendu dute azken urteetan pixkana-pixkana badoala aldarrikapen honen aldeko babesa zabaltzen, eta hamargarren urteurrena izenik ez duen Donostiako liburutegi nagusia birbataiatzeko une egoki gisa jo dute.

Aurten ere, elkartearen lana finantzatzeko laguntza eskatu dute eta kontu korronte bat (ES31-3035 0075 47 0750058627 Laboral Kutxa) eta Bizum zenbaki bat publiko egin dituzte (Joseba Alvarez, 696755741)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txillardegi
Txillardegi omendu dute, bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean

Euskaltzalearen ekarpena nabarmendu eta Udal Liburutegia 'Txillardegiren izenean jartzeko' eskatu dute omenaldian.


2024-01-08 | ARGIA
Txillardegiren heriotzaren XII. urteurrena
Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena ematea aldarrikatuko dute beste behin

Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak, urtero bezala, aitortze ekitaldia egingo dio Donostiako politikari, hizkuntzalari eta idazleari. Beste behin eskatuko dute Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea.


Covitek Txillardegiri buruzko ikasleentzako bideo baten aurka jo du

Ikusgela proiektuko bideo baten aurka jo du Covitek. Argudiatu du Txillardegiren irudia “zuritzen” duela, eta ETAk eragindako biktimak “iraintzen” dituela bideoan bera “euskal kulturaren salbatzaile” gisa aurkezteak.


2023-01-03 | Irutxuloko Hitza
Txillardegiren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia urtarrilaren 14an egingo dute

Urte berriarekin batera, Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak tradizio bihurtu du Txillardegi bera omentzeko eguna. Haren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia hilaren 14an egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan –Antiguako Gaskonia plazan–... [+]


Eguneraketa berriak daude