Mozal Legearen aurrean, erantzunak kolektiboa behar du izan

  • Donostian adierazpen askatasunaren alde bildu dira hamarnaka lagun, Eleak-Libre dinamikak deituta. Axier Lopez kazetariak hitz egin du bertan ARGIAren izenean.


2016ko apirilaren 13an - 18:44
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Donostiako Easo plazan kontzentrazioa egin dute herritar eta kazetariek Axier Lopezek Mozal Legea ezarrita jasotako isunaren aurrean ARGIAri elkartasuna adierazi eta adierazpen askatasuna beharrezkoa dela aldarrikatzeko.

Bertan hitz egin dute bilkura antolatu duen Eleak-Libre dinamikako kide batek eta Lopezek berak. Kazetariak ARGIAren izenean eskerrak eman dizkie bildutakoei eta egunotan atxikimendua helarazi dutenei.

ARGIAko kideak nabarmendu du bere kontrako isuna baliatu behar dela horrelako kasu gehiago egon ez daitezen, eta horretarako modurik onena "erantzun kolektiboa" ematea dela, Mozal Legearen logika murriztaile eta beldur eragilearen aurrean inork ez dezan "bi aldiz pentsatu eta erabaki behar, begi aurrean duzun horren berri informatu ala ez".

Euskal Herriko klase politikoari ere deia luzatu dio kazetariak, bereziki Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Bere esanetan, legea indarrean jarri zuen Alderdi Popularra "inoiz baina bakartuago" dago, baina legea indargabetu aurretik ere baliatzen ari dira, eta bi administrazioei eskatu die "lege injustu hau ez dezatela bete".

Bestalde, apirilaren 16an giza katea antolatu du Eleak-Librek Donostian, Egiako epaitegiaren aurrean, eta bertara joateko deia luzatu dute bilkuraren amaieran.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA mozalik gabe
Eguneraketa berriak daude