ARGIAren bidetik, Mozal Legea borrokatu

  • Axier Lopez ARGIA-ko kazetariari epaiketaren atarian zuen isuna kentzeak Mozal Legea deuseztatzearen alde lan egiten dugun guztioi erakutsi digu posible dela lege injustuei aurre egitea. Kasu honek erakusten digu nola jokatu behar dugun injustiziaren aurrean: lehenik eta behin gertakaria jaso (kasu honetan argazkien bidez); ondoren publiko egin. Neurri errepresiboa, (isuna oraingoan), iritsi denean, isuna ordaintzeari uko egin eta kaltetuaren inguruan elkartasuna eraiki.

Eleak-Librek iazko apirilean Donostian egin zuen kontzentrazioa ARGIAren aurkako isuna eta Mozal Legea salatzeko.

2017ko martxoaren 13an - 09:09

Kasu honetan zehazki, poliziak euren “lanean” dihardutenean grabatzea legezkoa den ala ez zegoen ezbaian. Berez herritarron eskubidea da funtzionario publiko bat grabatzea bere lana egiten ari dela. Mozal Legeak berak ere jasotzen du eskubide hori: polizia grabatzea gure eskubidea da. Baina gobernua saiatu zen, Axier Lopezekin, edo Axier Lopezen bidez, polizia grabatzea ilegala zela sinestarazten.

Neurri batean, baita lortu ere. Jende askok eta askok pentsatuko du gaur egun ezin duela polizia grabatu, are gutxiago kazetaria ez bazara. Ba, ez! Salaketa, elkartasun kanpaina eta mobilizazio ugariei esker lortu da Gobernua geldiaraztea eta, ez du legea bere nahierara aplikatuko. Polizia grabatzea gure eskubidea da. Erabili dezagun.

Noski, Mozal Legea ez da kazetari edo argazki eta irudien aferetara mugatzen. 2015ean onartu zenetik milaka aldiz aplikatu dute Mozal Legea kolore guztietako poliziek Hego Euskal Herrian. Nafarroako datuen zain, badakigu Elkarte Autonomoan zortzi milatik gora direla kasuak. Mobilizazioetan parte hartzeagatik, sare sozialak askatasunez erabiltzeagatik, prentsaurrekotan, poliziarekin hitz egiteagatik…

Pertsona batzuk inguratu dira Altsasuko atalondo batera, etxeko atari batera. Mahaiak eta aulkiak jarri dituzte. Kazetariak etorri dira ondoren. Baimen guztiak dituen ekimenaren berri eman dute: herrian auzipetu dituzten pertsonen etxebizitzak lotuko dituzte jende-kate batez. Parte hartzaileei eskerrak eman ondoren, han zeudenek elkar agurtu dute.

Ba ez omen ziren bertaratu parte hartzaile guztiak, ez. Inork ikusi ez zuen parte hartzaileren bat ere egon zen prentsaurreko hartan, aste batzuk beranduago isuna iritsi baitzaie prentsaurreko hartan egon ziren hainbat pertsonari.

Adibide bat da; hamaika jar ditzakegu: Euskal Herrikoak zein Estatu Espainolekoak: lan istripu baten gorabeheran Guardia Zibilaren argazkiak ez ezabatzeagatik; pertsona guztiendako gutxieneko diru sarrera eskatzen zen  manifestazioan zauritutako bat laguntzeagatik; poltsa batean “All cats are beautiful” (sic) eramateagatik; poliziak arraina konfiskatzen grabatzeagatik; futbol zelaiko kanpoaldean jokalariren batekin argazkiak ateratzeagatik; ezinduen plazan aparkatuta dagoen polizia kotxeari argazkia ateratzeagatik…

Adibide hauek guztiek erakuste digute, gure ustez, zein den Mozal Legearen helburu garrantzitsuenetarikoa: beldurra hedatzea. Beldurra zabaldu, hedatu nahi dute. Ez dute poliziek egiten dituzten gehiegikerien lekukotasunik, ez. Inpunitate osoz jardun nahi dute.

Eta erabateko sumisioz ere. Inork ez dezala haien agindua zalantzan jarri. Ez bazaio kartela gustatzen, zuk zeuk kendu; zure kamiseta ez bazaio gustatzen, kenarazteko; zure mobilizazioa bertan behera uzteko. Kaleko nagusiak izateko, alegia.

Ematen ari diren kasu guztien irakurketa orokorragoa egiten badugu, aldiz, konturatuko gara kalean dabilen poliziari inpunitatea eskaintzea baino harago doazela Mozal Legearen asmo eta helburuak. Adierazpen askatasuna erabat murriztu nahi dute. Adierazpen askatasuna mugatu nahi dute. Erabat. Errealitatea eraldatu nahi dute hainbat eta hainbat erakundek, mugimenduk, elkartek, antolakuntzak, alderdik, sindikatuk, kolektibok… erabiltzen duten Adierazpen Askatasuna, hizki larriz idatzi duguna.

Baina baita ere edozein herritarrok, edozein langile zein langabetuok, edozein emakume zein gizonok erabiltzen dugun adierazpen askatasuna, hizki txikiz idatzi duguna. Eta hau ez da xamurragoa. Gogoz kontra baina errealitatea onartzera eraman gaitzakeelako. Gure baitan ixtera eraman gaitzakeelako. Boterearen aurrean bakarrik sentiarazi gaitzakeelako.

Sorgin ehiza berria; helburuak, betikoak: disidentziarekin bukatu, disidenteak desagerrarazi. Izan dadila, disidentea, izatekotan, bere sofan.

ELEAK/LIBREK beste norabidean sakondu beharra dagoela uste du. Gure eskubideak, eskubide zibil eta politikoak, gureak dira eta erabili behar ditugu. Erabili behar ditugu ezinbesteko tresna direlako pertsona bezala garatzeko eta jendarte bezala aurrera jarraitzeko ere. Eskubide gero eta gutxiago, diktaduratik gero eta gertuago. Eskubide gero eta gehiago, askatasunetik gero eta hurbilago.

Hurrengo asteetan bi adar dituen ekimena garatuko dugu. Batetik, Mozal Legeak kaltetutakoei tresna berriak eskaini dizkiegu isun edo prozedura judizialen aurrean bakarrik egon ez daitezen. Telefonoa zenbaki batzuk zabalduko ditugu honako helburuarekin: mozal legearekin erlazionaturiko isuna jasotzen duen pertsona, gurekin harremanetan jar dadila. Abokatu talde batekin auzolanean gabiltza. Batzuen eta besteen artean kasua aztertu eta elkartasun eta salaketa mekanismoak aktibatuko ditugu edota aktibatzen lagunduko dugu.

Ekimenaren bigarren adarrak Legebiltzarretara begira jartzen gaitu, kuriosoa baita Mozal Legearekin gertatzen dena Hego Euskal Herrian. Gehiengo politikoa legearen kontra dago, horrela adierazi baitute alderdi politiko gehienek. Bi Legebiltzarrek onartu dituzte Mozal Legearen kontrako adierazpenak.  Baina legea, ederki konprobatu dugunez, aplikatu egiten da. Hau baino lege eta egoera injustuagorik?

Iruñeko zein Gasteizko parlamentuetan agerraldiak eskatu ditugu bi helbururekin. Mozal Legearen kontrako jarrera berrets dezaten eta legearen aplikazioarekiko jarrera gogor dezaten. Uste dugu batetik eta bestetik tiraka  Mozal Legearen injustiziaren tamaina ikustaraztea lor dezakegula. Hau, lortutakoan, errazagoa izango da bai legearen gainetik pasatzea edo bertan behera geratzea.

Bidea argia da, aurrera beraz!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude