ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 31
INFOGRAFIA

Nafarroan 3.000 aldiz aplikatu dute Mozal Legea Foruzaingoak eta udaltzainek

  • Libre-Eleak mugimenduari esker eskuratu ditugu Nafarroako Gobernuaren menpeko Poliziak Mozal Legeari emandako erabileraren datuak. Hala, 2015eko uztailetik eta 2016ko abendura bitartean, Mozal Legea erabiliz, 11.000 isun jarri dituzte Hego Euskal Herriko bi Polizia autonomikoek. Bi legebiltzarretako gehiengoek legea behin baino gehiagotan arbuiatu izana ez da nahikoa izan milaka isunei amaiera emateko.

Axier Lopez @axierL
2017ko maiatzaren 15a

Uztailean bi urte beteko dira Mozal Legea indarrean dagoela. Halere, Nafarroako Barne Sailak aurtengo maiatzera arte ez du eman legearen erabilpenaren inguruko daturik. Eleak-Libre mugimenduaren eskutik jaso ditu ARGIAk.

Datu horien arabera, Nafarroan 3.052 aldiz aplikatu dute Moza Legea 2015eko uztailaren 1etik 2016ko abendura bitartean. Nafarroako Foruzaingo eta udaltzaingoen isunak dira, eta beraz, Nafarroako argazki osoa izateko, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak jarritako zigorrak gehitu beharko lirateke –datu horiek oraindik ez ditu publiko egin Espainiako Gobernuak–.

Isunen multzorik handiena 36.16 artikuluari dagokio. Legez kanpoko drogen salerosketa eta kontsumoa zigortzen du, erabilera pertsonalerako marihuana edo hatxisa aldean eramatea, adibidez.  

Eskubide zibil eta politikoei zuzenean eragiten dietelako, oso kritikatuak diren hiru artikulu ere baliatu dituzte Nafarroako poliziek. 130 isun jarri dituzte “Poliziaren aginduak ez betetzea” zigortzen duen 36.06 artikulu zehazkabea baliatuta. Segurtasun indarrei “errespetu faltaz” zuzentzeagatik, 105 zigor jarri dituzte. Eta 54 izan dira “eremu publikoa oztopatzeagatik” –plaza batean bilera bat egitea, kasu– jarritako zigorrak.

Zulo beltza

Emandako datuen artean argitu gabeko hutsune handi bat dago: 323 isunen inguruan ez dute inolako datu edo arrazoirik eman. Eleak-Librek salatu duenez, horrelako isun kantitate handi baten berri ez emateak, ageriko gardentasun eza horrek ez du laguntzen denon diruarekin ordaindutako funtzionario publikoen lanaz mesfidati ez izateko, eskubide zibil eta politikoen errespetuaren ikuspegitik.

Orotara, astero 33 isun jarri dituzte Nafarroako erakunde publikoen menpeko poliziek.

Nafarroako ordezkari politiko eta sozialen gehiengoa kontra

2016ko apirilaren 11n Nafarroako Legebiltzarrak Mozal Legea eta haren erabilpen okerrak arbuiatu zituen. Geroa Bai, EH Bildu, Ezkerra, Ahal Dugu eta PSN-k alde bozkatu zuten, UPN abstenitu zen eta kontrako boz bakarra PPko ordezkariarena izan zen. ARGIAren aurkako isunaren harira, Nafarroako Parlamentuan parte hartu genuenean ere argi adierazi zuen indar politikoen gehiengoak Mozal Legearen erabileraren aurkako jarrera.

8.000 isun ezarri ditu Ertzaintzak 2015 eta 2016 urteetan.

11.000 isun Hego Euskal Herrian

Nafarroako datuei EAEkoak gehituz gero ondorengoa da Hego Euskal Herriko Polizia autonomikoek eta Udaltzaingoek jarritako isunen kopurua: 11.139.  2017ko datuen berri ez dute eskaini bi gobernuek. Edozelan ere, herritarren, ordezkari politikoen eta herri mugimenduen gehiengoa Mozal Legearen kontra azaltzea ez da nahikoa izan gobernu autonomikoen menpeko polizien jarrera aldarazteko.

Eleak-Libre mugimenduaren protokoloa

Mozal legea aplikatzen den kasuei aurre egiteko protokolo bat prestatu du eskubide zibil eta politikoen aldeko Eleak-Libre mugimenduak. Isunduek desobedientziaren bidetik joz gero –isuna ez ordaintzea eta salaketa publikoa egitea– Eleak-Libre mugimenduak laguntza, babesa eta aholkularitza juridikoa eskainiko dizkie. Horretarako, mugimenduarekin elkarlanean ari diren herrialde bakoitzeko abokatuak prest izango dituzte eta zigortuekin harremanetan jartzeko e-mail hau martxan jarri dute: mozalikez@riseup.net

Eskubide zibil eta politikoak urratzen diren kasuen datu base bat ere osatzen ari dira abokatuekin batera. Isunen nolakotasuna, zigor motak, epaiak eta poliziek erabilitako argudioak eta azalpen juridikoak bilduko dituzte, isunen gaineko kontrola izan eta legearen aurkako salaketa hobetzeko asmoz.  

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Mozal legearen mehatxua kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude