‘Moio’ kalea Hernanin, memoria ariketa kolektiborako urratsa

  • Aimar Elosegi Ansa ‘Moio’ kalea inauguratu dute Hernanin maiatzaren 14an, LGTBfobiaren aurkako egunaren harira. Omenaldi xume eta hunkigarria egin diote Elosegiri, bere buruaz beste egin zuen gazte transexualari, eta eskerrak eman dizkiote transfobiaren aurka herria esnarazteagatik.

Aimar Elosegi Ansa 'Moio' bere buruaz beste egin zuen gazte transexualaren omenez kalea inauguratu dute.

2022ko maiatzaren 16an - 17:05

“Izan nahi zuena izateko oztopo sozialak gainditu ezinik bere buruaz beste egin zuen transexuala”. Horixe dio maiatzaren 14an Hernanin inauguratu duten Aimar Elosegi Ansa ‘Moio’ kalean jarritako plakak. Kale izendegia “lupa morea jarrita” berrikusteko beste urrats bat eman dute, Hernaniko Berdintasun Sailak bultzatuta, eta oraingoan LGTBfobiaren kontrako nazioarteko egunaren karietara egin dute inaugurazioa.

Hamarnaka lagun, senide eta herritar bildu ziren larunbateko inaugurazioan, eta Elosegiri omenaldi xumea bezain sentitua egiteko baliatu zuten. Gogorarazi zuten duela 15 urte haren heriotza mugarri izan zela Hernani transfobiaren aurka esnarazteko, eta hurrengoei bidea erraztu ziela, transexualen errealitatea mahaigaineratuta. Brayan Altimasberes Loratuz Lotu elkarteko kideak eskerrak eman zizkion Elosegiri, haren “testigua hartu duten guztien izenean”, eta nabarmendu zuen oso presente izan duela Moioren figura bere bizitzan.

Memoria ariketa kolektiboa

2019an Kattalin Minerrek Moio. Gordetzea ezinezkoa zen liburua argitaratu zuen, lagunaren suizidioa eta transexualitatea ardatz hartuta, eta memoria ariketa gisa ere bai. Orain, Elosegiren memoria jasotzeko beste urrats bat eman dute, Biteri kaleari Moio izena jarrita: “Inaugurazioa baino askoz gehiago da gaurkoa; memoria ariketa kolektibo baten parte da”, azpimarratu zuten antolatzaileek. Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministaren Gobara podcasta ere Elosegiri eskaini diote, eta bertan Minerrek eta Altimasberesek transexualitatea izan dute hizketagai, besteak beste.

Hernaniko Udala azken urteetan kale izendegia berrikusten ari da, “kaleak errealitatera egokitzeko” beharragatik, Xabier Lertxundi EH Bilduko alkateak ekitaldian gogorarazi zuenez: “Heteronormatik kanpo gaudenok kaleak hartu behar ditugu, baita kaleen izenak ere”.

Borrokan segitzeko deia

Elosegiren senideek ere hitza hartu zuten omenaldian, hunkituta, eta bertaratutakoei esker onez: “Ekintza honekin 15 urteko sufrimenduari itxiera emango diogu, beste ziklo bat hasteko”. Omenaldiko hizlariek azpimarratu dute Elosegiren suizidioa bezalakoak saihesteko oraindik urrats asko eman behar direla, eta dei egin dute maiatzaren 17ko manifestazioetan parte hartzera eta LGTBfobiaren aurkako aldarria egitera. “Ez dago omenaldi hoberik borrokan jarraitzea baino” esanez amaitu dute emozioz betetako ekitaldia, txalo eta musika artean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Trans legearen erreformaren harira, Ekai Lersundiren aitak: "Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko"

Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek. 


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


2024-02-13 | Leire Artola Arin
Trans legea onartu eta urtebetera, 227 pertsonak egin dute aldaketa EAEko erregistroan

Polemika artean atera zen aurrera Espainiako Estatuko Trans Legea, 2023ko otsailean. Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzeko prozesua erraztea zen helburuetako bat. Urtebetean 227 pertsonaren aldaketa burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.


Eguneraketa berriak daude